Mozambiken gas eremu zabal batean erauzketa prozesu bat martxan ezartzeko prest zen 2020an TotalEnergies enpresa frantsesa, eta gunearen segurtasuna bermatzeko Mozambikeko unitate militar bat kontratatu zuen. Baina Afrikan egitekoa zuen "inoizko inbertsio pribaturik handiena" kolokan jarri zuen 2021ean Palma hirian islamistek piztutako guduak. Jazarle islamistek ez zioten, halere, multinazionalaren azpiegiturari eraso egin, baina, Le Monde-n eta ikerketa kazetaritzan dabilen SourceMaterial-en ikerketak argira ekarri digu hainbat herritarren atxiloketa, bortxaketa eta erahilketaren errudun direla militarrak. Multinazionala jakinean zela azaleratu dute kazetariek. Ez ikusiarena egitea estrategia ote?
TotalEnergies enpresa frantsesa –2021 urtea arte Total izenez ezaguna zena– petrolioaren sektoreko munduko bosgarren enpresa handiena da. 2024. urtean 18.300 milioi dolarreko etekina egin zuen. 2024. urtea inoiz neurtutako urterik beroena ere bazen, eta halako beroketa gertatuko zela aspaldidanik bazekiten Total enpresakoek, klimaren inguruko lehenengo COP goi-bilera baino askoz lehenago ere. Baina, ez ikusiarena egiteaz gain, ezagutza horren aurkako narratibak zabaltzen aritu ziren denbora luzaz, ARGIAren 2.792 zenbakiko Klima larrialdiaren erdian, negozio eredua aldatu baino Totalek nahiago izaten du zalantza hauspotu eta zabaldu erreportajean azaldu genuen bezala. Ez ikusiarena egitea Totalen estrategiaren parte dela dirudi, enpresak Mozambiken duen proiektu bati buruz Le Monde egunkariak eta SourceMaterial ikerketa kazetaritza kolektiboak bideraturiko ikerketak erakusten digun bezala.
Afrikan inoizko inbertsio pribatu handiena egitekotan omen zen Total 2020an, zehazkiago, Mozambike iparreko Cabo Delgado probintziako Palma hirian. Afungi izeneko gas eremu handiaren erauzketa eta gas natural likidotua (GNL) bertatik esportatzea zuen asmoa, Mozambique LNG partzuergoaren bitartez.
Proiektu hori ez zen aurreikusi bezala joan, nagusiki 2021eko martxoaren 24tik apirilaren 5era jazarle islamistek bideratu "Palmako gudua” izeneko erasoengatik. Hiriak orduan 75.000 biztanle inguru zituen, horietarik asko errefuxiatuak. Martxoaren 24an, lanen berrabiatzea iragartzen zuen Totalek, baina Afrika Erdialdeko Estatu Islamikoa taldekoek hiriari eraso egiten hasi zitzaizkion hiru frontetatik, bertan zeuden 1.000 militar eta polizien indarrak gainditurik. Ehunka herritar ihes egiten saiatu ziren, eta horietarik batzuk Afungi gas eremura joan ziren babes bila, jakinik bertan Mozambique LNG partzuergoak kontrataturiko militarrak bazeudela.
Urte bat lehenago, Totalek kudeatutako partzuergoak hitzarmen bat izenpetu zuen Mozambikeko gobernuarekin, armadak gas ustiatze eremuaren seguritatea bermatzeko. Soldaduentzako logistikaren ardura Totalek hartuko zuen, eta soldaduei pizgarri bat ordainduko zien, giza eskubideak errespetatzeko baldintzapean. Baina 2021eko ekainean, armadaren babesa eskatzera etorri zirenek bortizkeria latza pairatu zuten.
Afungi eremuaren sarreran emakumeak eta gizonak banatu zituzten militarrek. Hamarnaka gizoni terrorista izatea egotzi zieten, eta jipoitzen hasi ziren, bertzerik jakiten saiatu gabe. Susmo huts –eta oker– horretan bakarrik oinarriturik, kontainerretan atxilo gorde zituzten hainbat astez. Le Mondek eta SourceMaterialek jakinarazi dutenez, lehen bi egunak jan gabe utzi zituzten, elkarren gainean pilatuta, ezin zutela etzan ezta eseri ere. Kazetariek kalkulatu dutenez, kontainerretan 56 m2ko azaleran 220 gizon sartu zituzten. Atxilotuetarik bat egarri egonez gero, ingurukoek altxatzen zuten, kontainerreko sabaian kondentsatutako ura miazkatu zezan. Hala adierazi zien kazetariei 28 urteko arrantzale batek, orduz geroztik ibiltzeko ahalmen mugatua duenak eta gaur egun oraindik arrantzan aritu ezinean dagoena.
Ondoko egunetan Afungi inguruko biztanleek salatu zituzten bertako militarren gehiegikeriak: mugimendu askatasunaren oztopatzeak, diru estortsioak, emakumeen bortxaketak, gizonen jipoitzeak –batzuk hil arte–, atxiloketa bidegabeak zein bahiketak. Totalek kazetariei erantzun zien ez zela bortxakeria eta eskubide urraketa horiez jakinean, eta inkesta judizial bat martxan zegoela.
Baina, hainbat lekuko elkarrizketatu, Mozambikeko telebistako bideoak satelite irudiekin konparatu, eta enpresaren barne dokumentuak aztertu ondoren, Totalen ardura agerikoa dela diote Le Mondek eta SourceMaterialek. Bereziki, Totalen barne txosten batean esplizituak dira militar horien kontratazioaren baldintzak eta ondorioak: “Giza eskubide urraketa bat egonez gero, [kontratatutako militarrekiko] lotura honek partzuergoaren erantzukizun legala zuzenean konprometitzen du”. Le Monde eta SourceMaterialeko kazetariek bertze hainbat barne txosten azterturik, argi utzi zuten Total bere eremuan gertaturiko bortxakerien salaketen jakinean zela. Totalek salatutako militar batzuei pizgarria ordaintzeari utzi zion, baina Afugiko militar unitatea bermatzen jarraitu zuen. Totaleko langileak bertara itzuli zirenean 2021eko azaroan, bortxakeriek oraindik jarraitzen zuten, eta militar unitateari emandako bermeak 2023ko urria arte iraun zuen. Hau da, lehen salaketak baino bi urte eta erdi geroago. Ez ikusiarena egitea zer den.
Kazetaritza ikerketak bere lehen ondorioak ekarri ditu: Mozambikeko soldaduek Afungin egindako bidegabekeria eta giza eskubideen urraketen inguruan bildutako frogak serioski aztertzen hasi dira proiektuan inbertitzeko prest ziren Erresuma Batuko UK Export Finance eta Herbehereetako Atradius gobernuko kreditu agentziak. UK Export Finance agentzia 1.150 milioi dolar inbertitzekotan zegoen, baina prozesua oraingoz eten du. Herbehereetako finantza Ministeritza ere ari da bere parte-hartzea berraztertzen. Egoera horrek bertze hainbat gobernuren sostengua kolokan ezarri lezake, bereziki "esportaziorako garantiak" emateari dagokionez. Garantia horiek izan ezean, proiektua finantzatuko luketen hainbat bankuk ez lukete aurrera jarraituko, Friends of the Earth GKEko Anna-Léna Rebaud kanpaina-arduradunak azaldu duen bezala. Biden administrazioko azken asteetan, Total enpresako zuzendari nagusi Patrick Pouyannék AEBetako Gina Raimondo merkataritza idazkariari laguntza eskatu zion. Urtarrilaren 20an ez zuen oraindik horrelakorik lortu.
Poztu nahi genuke klimarentzat berri ona delako. Baina osokiago poztuko ginateke ez balego gezurretan dabilen eta Afrikako txiroen torturak estalpean gordetzen dituen petrolio multinazionalik.
Yasuni: No ha estat notícia dels teleberris i dels gegants… El passat 20 d'agost el poble de la República de l'Equador (17,8 milions d'habitants) en una consulta constitucional (59% a favor), juntament amb les eleccions presidencials, va oferir a Yasun la Reserva de la Biosfera... [+]