"Ameriketako Estatu Batuen gainbehera aldia amaitu da", esanez abiatu du kargu hartze ekitaldiko diskurtsoa Donald Trumpek. Besteak beste, trans eta pertsona ez-bitarren eskubideak deuseztatuko dituela promestu du, baita energia berriztagarrien aldeko politikekin amaitu ere.
Bigarren eta azken agintaldia izango du Donald Trumpek AEBetako presidente gisa, legez ezin baita hirugarren aldiz aurkeztu. Hortaz, espero daitekeen gisara, neurririk zitaletan zitalenak ipini ahal izango ditu, baita herritarren gehiengoa aurka ipiniko balitzaio ere, ez baita berriz presidente izango. Botere osoa du, baita momentuz Auzitegi Goreneko ordezkaritzan ere; errepublikanoak dira nagusi.
Ikusmina zen nagusi Trumpen kargu hartze ekitaldirako, esana baitzuen datozen urteetako bere administrazioaren politiken gidalerroak emanen zituela. Hala izan da, lehen zertzeladak eman ditu.
Jarraian aztertuko ditugu, zazpi puntutan:
1/ Deportazio plana
"AEBen burujabetza bueltan da", esanez hasi du hitzaldia Trumpek, eta "segurtasunaz" mintzatu da lehen-lehenik. Mexikorekin muga egiten duten AEBetako estatuetan larrialdi egoera ezarriko duela hitzeman du, eta Gera zaitez Mexikon "kanpaina" abiatu.
Presidente berriaren arabera, gaur egungo migrazio-politiken "oinarrian" dagoen catch and release deituriko politika "amaitu egin behar da". Aisialdiko arrantzan usu entzuna den terminoa da, "harrapatu eta askatu"; izan ere, bere esanetan, migratzaileak atxilo hartu bai, baina AEBetan segituan aske uzten dira.
Poliziaren presentzia nabarmen areagotu da migratzaile gehien bizi diren auzoetan
Mexikorekin muga egiten duten estatuetan ipini du fokua, baina kargu hartze ekitaldia baino lehen, ipar-ekialdean, Illinois estatuko Chicago hirian, azken astean "kaosa" lehertu da The New York Times-ek igandean eman zuen informazioaren arabera. Izan ere, susmoa zegoen lehen deportazioak –Operation Safeguard deitu diotena– handik abiatuko zirela, antza Poliziaren presentzia ere nabarmen areagotu da, eta hainbat migratzailek, edo haien egoera administratiboa era irregularrean zutenek, hiria utzi dute azken egunotan korrika eta presaka.
Bestalde, "migratzaileen pare" ipini ditu droga-trafikoan aritzen direnak. Are, "herrialdearen etsai" izendatu ditu, eta promes egin du "estatuaren indar guztiak" erabiliko dituela delitugileak zigortzeko eta herrialdetik "betirako kanporatzeko".
2/ Energia berriztagarriak, bazterrera
Green New Deal gisa bataiatu zuen Joe Bidenek energia berriztagarrien aldeko politika-multzoa. Bada, espero zen gisara, indargabetu egingo du Trumpek: "Parke eoliko masiboek paisaia naturala degradatu besterik ez dute egiten, eta estatubatuarrei ez diete balio energia eskuratzeko".
Erregai fosilen alde, modu iraingarrian, Biden parean zuela, honela esan du: "Lurra zulatzera goaz, baby, lurra zulatzera".
"Lurra zulatzera goaz, 'baby', lurra zulatzera"
Besteak beste, lurra zulatzearen politika horiek agindu ditu Pennsylvania, Michigan eta Wisconsin estatuetan, eta konplitzera doala argi utzi nahi izan du. Diskurtsoan azpimarratu duenez, manufaktura-industria "nabarmen kaltetu dute fartsa-politikek", hau da, energia berriztagarrien aldeko neurriek, eta industria hori hauspotzeko manera bakarra erregai fosilen muturreko esplotazioa dela seinalatu du, gainbeheran den automobilgintzari keinu eginda: "Nahi duzun autoa eros dezakezu". Gehien kutsatzen duten autoak apurka-apurka merkatutik baztertzeko asmoa zuen Bidenen administrazioak, eta hori indargabetuko du Trumpek.
Bestalde, arropa eta ontzi garbigailu, bonbilla eta komunontzi berriek ingurumen ziurtagiria izateko derrigortasuna zuten orain arte, eta hori ere baliogabe utziko du. Izan ere, klimari buruzko Parisko Akordiotik aterako du AEB.
3/ Muga-zergak?
Etsaitzat dituen herrialdeei %100eko muga-zergak ipiniko zizkiela, AEBekin tratuak egiten zituztenei gutxiago –tratuak egite horretan sartzen da erregaia AEBei erostea eta ez Errusiari edo Aljeriari–... Halako kontu ugari entzun zaizkio Trumpi kanpainan, baina oraindik ez du argitu zer egingo duen zehazki. Oraindik, muga-zerga handirik ez du ipiniko.
Argi adierazi du, besteak beste, produktu faltsifikatuen aurkako jarrera hartuko duela; galarazi egingo duela AEBetan ekoitzitako produktuen plagio merkeak, "plagio txinatarrak", AEBetan saltzea.
Esportazioentzat zerga-sistema berezi bat ezarriko duela jakinarazi du Trumpek, zeinak erosle diren herrialdeei exijituko dien enpresa estatubatuar esportatzailearen zergak ordaintzea.
4/ Panamako kanala, "bai ala bai"
AEBen menpe egon zen Panamako kanala gaur egun Panamak berak kontrolatzen du. Bada, Trumpen esanetan, ontzi estatubatuarrei "injustuki gehiegi" ordainarazten zaie bertatik igarotzen direnean, "Txinak hala nahi duelako". Horrekin amaitzeko konpromisoa adierazi du, "aldez edo moldez kanalaren kudeaketa berreskuratuta".
Bestalde, hauteskundeak irabazi ostean jakinarazi bezala, Mexikoko Golkoari izena aldatuko diola ere esan du: Amerikako Golkoa.
Lehen dekretuak sinatu ez ezik, indultu sorta galanta sinatu zuen Donald Trumpek kargua hartu eta gutxira. Bidenek presidente kargua hartu zuenean, 2021eko urtarrilean, Kapitoliora brinkoka eta oldartuta sartu ziren Trumpen aldeko manifestariak, eta horietako asko zigortu zituzten auzitegiek: 1.500 pertsona inguru.
Espetxean daude ugari, eta zenbaitzuk hogei urtera arteko zigorrak zituzten konplitzeke. Bada, Trumpek ziegatik aterako dituen indultua sinatu du, "bahituak" zirelako bere esanetan, inoiz zigortu behar ez zirenak.
5/ Funtzionarioak, lantokira
Etxetik lan egitea ez dela produktiboa uste du Trumpek, baizik eta kontziliazioaren izenean iruzurra egiten dela, eta, besteren artean horrexegatik ari dela AEBetako ekonomia gainbeheran.
Kanpainan hitzeman bezala, hori amaitzea du xede. Gehienez ere egun bat egingo dute etxetik, eta kasu batzuetan egunero-egunero, "salbuespenik gabe", joan beharko dute lantokira.
6/ Adierazpen askatasuna "berreskuratu", baina "generoak dira bi eta ez gehiago"
Pertsona transexualen eta ez-bitarren eskubideak deuseztatuko zituela, hitzeman bezala, konplitu egingo duela esan du Donald Trumpek presidente kargua hartu duen hitzaldian. Ez du gehiago sakondu, hau esatetik harago: "Generoak? Bi dira. Gizona ala emakumea. Ez gehiago".
"Generoak? Bi dira: gizona ala emakumea. Ez gehiago"
Handik gutxira esan du bere iritziko adierazpen askatasunari buruz esateko zeukana: "Adierazpen askatasuna behin betiko bermatuko duen lege bat sinatuko dut. Inoiz ez da galaraziko edonolako adierazpen publikorik; lehen eskutik ezagutzen dut nik zer den hori".
Beste planeta bateko diskurtsoa zirudienak, gero, beste planeta batean amaitu du: "Marte planetan AEBetako bandera ipiniko dugu". Elon Musk enfokatu du kamerak orduantxe; beraren eta bere enpresaren erronka horixe da "epe motzerako".
Muskek gero, bere hitzaldian, agur nazia egin du.
7/ TikToki luzapena
TikTok sare soziala legez kanpokoa da AEBetan, argudiatuta ez direla haurren eskubideak bermatzen eta babesten. Ezta Instagramen ere, esaterako. Baina horrek ez dio gehiegirik axola, Instagram, Facebook eta Whatsapp-en jabea Meta enpresa estatubatuarra delako, eta TikTokena txinatarra.
Trumpek luzamendua eskaini dio TikToki: 75 egun eman dizkie enpresari estatubatuarrei TikTok erosteko, eta hartara legezko bihurtzeko AEBetan.
Azken-azken unera arte, Joe Biden presidenteak hainbat indultu sinatu ditu, Trump presidente berriak pertsona horien aurka jotzea legez galarazita izateko. Besteak beste, kargu hartze ekitaldia baino ordubete lehenago, bere familia osoa sartu du zerrenda batean eta sinatu du dokumentua. Baina beste hainbat indultatu ditu lehenago.
Esaterako, Mark Milley armadako jeneral ohia, "faxista" deitu ziona Trumpi; Anthony Fauci medikua, COVID-19aren pandemian Trumpi hainbat lezio eman zizkiona; makina bat senatari ere bai, ikertzen ari zirenak ea Trumpek Kapitoliora eginiko oldarraldian zer nolako ardurak izan zituen; eta, besteak beste, Liz Cheney parlamentari errepublikanoa, Trumpen "traidorea", Kamala Harris babestu zuena joandako hauteskundeetan.
Su-etenaren akordioarekin barnean, Israelgo armadak Netzarim korridorea ireki du. Ia urtebeteko erbestealdiaren ondoren, milaka palestinar euren etxeetara abiatu dira bidaia emozional sakonean. Trumpek gazatarrak Egiptora eta Jordaniara desplazatzea proposatu du, eremua erabat... [+]
AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.
Donald Trumpek asteleheneko 18:00etan (12:00ak Washingtonen) egingo dio zin AEBetako presidente izateari. Europako eta beste hainbat herrialdetako eskuin muturreko estatu buruak gonbidatu ditu inbestidura ekitaldira. Egun bakar bat lehenago emandako mitinean aurreratu duenez,... [+]
Hainbat enpresak aniztasun eta inklusio politikak aldatu dituzte Donald Trumpen gobernu berriari ongietorria egiteko.
Donald Trumpek urtarrilaren 20ean berriro hartuko du AEBetako lehendakari kargua, eta bigarren agintaldia izango du Etxe Zurian. Aurreko agintaldian, 2017-2021ean, lotsa gutxirekin ibili bazen erabakiak hartzeko orduan, agintaldi honetan konplexu urri horiek ezabatuko ditu eta... [+]
Pitzatu samar dagoen astakirten baten ateraldia bailitzan hartu zen –Europan batik bat, baina baita gainerako bazterretan ere– 2019ko abuztuan Donald Trump, AEBetako presidenteak Groenlandia erosteko azaldu zuen asmoa.
Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak... [+]
Munduko pertsonarik aberatsena da Musk, Forbes-en azken sailkapenaren arabera. Vivek Ramaswamy politikari eta enpresa-buru kontserbadorea izanen du bere ondoan, kargua betetzeko. "Erreforma estrukturala" bideratzekoa dute, gobernuarentzat "inoiz ikusi gabeko... [+]
Argi eta garbi irabazi dio Donald Trump presidente errepublikano ohiak Etxe Zurirako lehia Kamala Harris egungo presidenteorde demokratari. 312/226-eko aldea izango du urtarrileko bozketan Hautesle Kolegioan. 2016an Hillary Clinton galtzaile izan zen, baina herritarren boz... [+]
Mundu mailako inperioaren urbs estatubatuarra –eta haren periferiako lurbira osoa– Donald Trumpen bigarren agintaldirako kontuak ateratzen ahalegintzen ari garenean, tentsioak gorabidean jarraitzen du datozen lau urteetan, zalantzarik gabe, arreta-gune nagusietakoa... [+]
AEBetako Silicon Valley hamarkadetan demokraten gotorlekua izan da. Orain, Donald Trumpen alderako bira egin du. Teknologia-enpresa handiek eta haien buruek, munduko aberatsenek, hautagai errepublikarrari lagundu diote garaipena lortzen.
Lau urteren ostean Trumpismoa itzuli da Etxe Zurira, Donald Trump AEBetako 47. presidentea bilakatu da 78 urterekin. Hainbat deliturengatik zigortua izan den eta zenbait kausa irekita dituen lehen presidentea da. Hauteskunde garaipeneko hitzaldian, esan du “lelo soil baten... [+]
Zazpi estatu ikusten ziren gako gisa, eta, datu-ofizialen zain, guztietan gailenduko da Donald Trump. Horrez gain, herrialde osoko boto-portzentaje absolututan ere irabazi egingo du, 2016an ez bezala. Inkestek ez zuten hori aurreikusten. "Urrezko arora itzuliko... [+]
Zerbaitek definitzen badu Ameriketako Estatu Batuetako politikagintza, beste esparru askotan bezalaxe, hori show-a edo espektakulua da. Xextra ugari gertatu dira hilabeteotan guztiotan, baina tartean bat, berriena, egunkari handi bati dagokiona.