Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

  • Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere gorpuzkinak 2018an azaleratu zituzten Alcala de Henaresko hilerrian. Nor zen? Zergatik hil zuten? Zergatik egon da bere oroimena isilpean hainbeste urtez? Galdera horiek erantzun nahian ondu dute Jesús Carrera: Hondarribiko gorria dokumentala, Aitor Baztarrikak zuzendua. Ostiral honetan estreinatuko dute Hondarribian.

Jesús Carrera, 1937an arrebari bidalitako gutun bat, dokumetnala. Irudia: 'Hondarribiko gorria'

2024ko maiatzaren 31n - 09:51
Azken eguneraketa: 11:30

33 urte besterik ez zituela hil zuten Jesús Carrera hondarribiarra Alcala de Henaresen 1945ean, baina ordurako hamaika historia bizi izandakoa zen, tartean bi gerra, exilioa eta klandestinitatea. Bigarren Errepublika garaian Irungo mugimendu komunistan militatzen hasi zen eta Espainiako Alderdi Komunistako (PCE) idazkari nagusi izatera iritsi zen urte gutxiren buruan.

Baina hala ere, berari buruz apenas jakin izan da ezer orain arte, eta 70 urte baino gehiagoz bere gorpuzkinak Alcala de Henaresko hilerrian egon dira ahaztuta, 2018an atera eta omenaldi batekin sorterriratu zituzten arte.

Jesús Carreraren gorpuzkinen deshobiratzea, 'Hondarribiko gorria' dokumentalaren irudietako batean. Argazkia: 'Hondarribiko gorria'

“Aitzol Arroyo historialariak deitu zidan esateko deshobiratu egin behar zutela. Nik ez nekien Jesús Carrera nor zen ere, baina prozesu hori grabatu eta senideen bizipenak jasotzea erabaki genuen”. Hala kontatu digu Aitor Baztarrika kazetari eta dokumentalgileak. Gero, proiektu zabalago batean murgildu ziren: “Aitzolek eta beste historialari batzuek ikertutakotik abiatuta, ikusi genuen pertsonaia historikoak bazuela mamia. Nolatan aurretik ez zen deskubritu? Zergatik egon dira bere hezurrak 2018 arte hobi komun batean botata?”, dio Baztarrikak.

Ia zazpi urteko ibilbidearen ondoren Jesús Carrera: Hondarribiko gorria deituriko dokumentala izan da emaitza, crowdfunding batez gain, Gipuzkoako Aldundiaren, Hondarribiko Udalaren eta Gogora institutuaren laguntza izan duena. Ostiral honetan estreinatuko da Hondarribiko Auditoriumean Orreaga Filmen eskutik, arratsaldeko 19:00etan.

“Deshobiratzea orainaldian gertaturiko zerbait da, grabatu genezakeen, baina bere biografia politikoa osatzeko ez genuen ikus-entzunezko baliabiderik, kamarada guztiak hilda baitzeuden. Orduan ausartzea erabaki genuen”

Puzzle bat osatzen

Baztarrika aritu da zuzendari, gidoilari eta muntaketa lanetan, baina atzean talde oso bat izan du. Hasieratik erronka handia izan da: “Deshobiratzea orainaldian gertaturiko zerbait da, grabatu genezakeen, baina bere biografia politikoa osatzeko ez genuen ikus-entzunezko baliabiderik, kamarada guztiak hilda baitzeuden. Orduan ausartzea erabaki genuen”, dio solaskideak.

Hondarribia, Irun, Donostia, Iruñea, Aragoi, Katalunia, Madril... Geldileku asko izan dituen bidaia izan da, “puzzlea geografikoki osatzeko”. Artxiboetan bila ibili dira, eta adibidez, poliziak Carrerari torturapean aterarazi zion deklarazioa aurkitu dute. Testuinguru historikoa lortzeko aditu askorekin hitz egin dute, hamalau elkarrizketa guztira; besteak beste PCEren historian espezializaturiko Carlos Fernández historialaria edo Mertxe Tranche ikerlari irundarrarekin izan dira.

Poliziaren eskutan egindako deklarazioaren txosteneko azala. Argazkia: 'Hondarribiko gorria'

Eta horrez gain Carreraren burkide izandakoen artxiboko-lekukotasunak ere lortu dituzte: “Sorpresa garrantzitsuak izan ditugu, adibidez badago Teresa Harina izeneko kide baten testigantza. Donostian kointziditu zuten frankismoaren hasieran, eta gero Teresak kontatzen du nola egin zuen topo kartzelan Carrerarekin, eta guztiz suntsituta zegoela”, dio Baztarrikak.

Gerra, erbestea, torturak

1911n Hondarribian jaioa, Jesús Carrerak hogei urte besterik ez zituela ekin zion ezkertiar militantziari, lehenik UGT sindikatuan, gero Irungo gazte komunistetan, eta Donostian bizitzen jarri ondoren, Euskadiko Alderdi Komunistan. 1936an faxistek kolpea jo zutenean buru-belarri ibili zen errepublikaren defentsan, besteak beste Gernikako Arbola batailoiko komandante lanetan, 25 urte besterik ez zituen.

Carrera 'Gernika Batailoiko' komandante izan zen eta Katalunian DECA hegazkinen kontrako defentsako taldean ibili zen. 'Hondarribiko Gorria' dokumentaletik ateratako irudia.

Gerrako bere ibilbidea beste askoren antzekoa da: Asturias, Katalunia… 1939an milaka lagunekin Le Perthuseko muga gurutzatu zuenean, Frantziako kontzentrazio esparruak ezagutu zituen –tartean Gurseko “euskaldunen zelaia”– baina azkenean ihes egin ahal izan zuen, burkide komunistek lagunduta.

Modu basatian torturatu zuten Carrera. “Ziurtasun hori dugu belauna txikituta zuelako”, azaldu digu Baztarrikak. Torturena garrantzitsua izan zen 2018an Aranzadik Pako Etxeberriaren zuzendaritzapean egindako deshobiratzean bere gorpuzkiak identifikatu ahal izateko

Jesus Monzón buruzagi nafarraren esanetara, bitartekari lanak egiten hasi zen Espainiako eta Frantziako PCEren egituretan, eta orduan, berriz ere Espainia frankistan sartu zen ezkutuan, alderdia berregituratu eta zelula komunistak sortzeko. Horrela izendatu zuten alderdiaren barrualdeko idazkari nagusi, baina 1943ko martxoaren 15ean atxilotu zuen poliziak sarekada batean, karguan jarri eta gutxira.

Modu basatian torturatu zuten Carrera. “Ziurtasun hori dugu belauna txikituta zuelako”, azaldu digu Baztarrikak. Torturena garrantzitsua izan zen 2018an Aranzadik Pako Etxeberriaren zuzendaritzapean egindako deshobiratzean bere gorpuzkiak identifikatu ahal izateko. “Teresa Harinek kontatu zigun Alcala de Henaresko kartzelan ihesaldi bat antolatu zutela, baina Jesúsek ezin izan zuela parte hartu, fisikoki eta mentalki guztiz hautsita zegoelako”. Gerora hainbat ihesaldi saiakera egin zituen arren, Carrera 1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten.

Ezkutuan pasa zen Jesús Carrera Espainia frankistara eta kladestinitatean aritu zen alderdi komunistaren zelulak sortzen. Argazkia: 'Hondarribiko gorria'

Espazio publikotik aparte

Baina hasierako galderak hor dirau: nolatan ez genekien ezer berari buruz? Baztarrikaren aburuz, baliteke bere heriotza goiztiarrak –33 urterekin fusilatu zuten– zerikusia izatea: “Euskal Herrian Dolores Ibarruri La Pasionaria eta halakoak ezagunagoak ditugu, ibilbide politiko luzea egin zuten. Carrera idazkari nagusi izan zen, baina klandestinitatean aritu zen alderdiaren egitura indartzen, ez espazio publikoan diskurtsoak ematen”, azaldu digu.

Oinordekoek, María eta Xabi Carrera ilobek, informazio oso gutxi jaso dute etxean bere senideaz: “Aitak periodikoko errekorte bat zeukan eta beti esaten zuen Gernika Batailoiko komandante izan zela”, dio Xabi Carrerak dokumentalean, baina apenas zekiten ezer gehiago. Bere gorputz tirokatuari jaurtiriko lur guztiak baino, berrogei urteko diktadurak lan handiagoa egin zuen memoria estaltzeko.

Xabi Carrera osabaren hezurrak eskuetan dituela, 2018an egin zitzaion omenaldian. 'Hondarribiko gorria' dokumentaletik ateratako irudia.

Hondarribiko estreinaldiaren ondoren, egileen asmoa da filma Euskal Herriko beste herri batzuetan zabaltzea: “Dokumental didaktiko bat egin nahi izan dugu –diosku zuzendariak–, ez soilik alderdi komunistan zentratua. Azken batean, Jesúsek Europako historiako momentu garrantzitsu batzuk bizi izan zituen, eta bere bidez, oso denbora laburrean testuinguru oso desberdinetara moldatu behar izan zuten milaka herritarrek bizitakoa erakusten saiatu gara”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dokumentalak
'Bi arnas' proiektuaren ziklo amaiera ospatu dute
“Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak”

Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut! Ekitaldiak une... [+]


Kronika
“Bidasoan barrena, beti dira bide berak”

Bidasoa 2018-2023 dokumentalaren proiekzioa

Non: Martuteneko espetxean, Donostian

Noiz: Abenduaren 22an, ostirala, 16:00etan

Sarean ikusgai: Primeran plataforman

------------------------------------------------

Gabonak dira. Ostiral bazkalostea. Martuteneko... [+]


2024-01-12 | Euskal Irratiak
Italia eta Afrika ardatz Miarritzeko FIPADOC festibalaren seigarren edizioan

FIPADOC Nazioarteko dokumental jaialdia berriz heldu da Miarritzera. Urtarrilaren 19tik 27ra ospatuko dute, eta seigarren edizio honetan «Italia eta Afrika» izanen dira protagonistak.


Netflixek iragarri du Cabezudoren auziari buruzko dokumentala emango duela

En el nombre de ellas dokumentalean agertzen diren biktimek eta ekoiztetxeak eskerrak eman dizkie plataformari "ausardiagatik" eta beren historia kontatzeagatik. Disney+ 2022ko azaroan zen dokumentala estreinatzekoa, baina atzera egin zuen. 


2022-11-11 | Leire Artola Arin
Olga Rodríguez, Ekialde Ertainean aditua
“Matxismoa Egiptoko estatuaren muina da, eta armadak beti aplikatu du”

Egiptoko matxinadetan emakumeei egin zizkieten sexu erasoak ditu abiapuntu As I Want (Neuk nahi bezala) 2021eko dokumentalak. Samaher Alqadi zuzendariak lehen pertsonatik eta gordin erakusten ditu 2011 eta 2013 artean bizitakoak, besteak beste, Kairon piztu ziren emakumeen... [+]


2022-09-06 | Kepa Matxain
Dolutik sortutako bidaia tantrikoa

Hilabete gutxiko tartean hil zitzaien ama Irati Gorostidiri (Eguesibar, 1988) eta Mirari Echavarriri (Iruñea, 1988), biak 1978an Lizason egonkortutako Arco Iris komunitate tantrikotik igarotakoak. Lehendik ere esperientzia hari buruzko interesa bazuten, dolu prozesuan... [+]


Marek Kozakiewicz, zine zuzendaria
“LGTB mugimendua dagoen etsairik handiena balitz bezala ulertzen dute poloniar politikek”

Apirilaren hasieran estreinatu zen Marek Kozakiewicz zinemagilearen Silent Love filma Suitzako Visions Du Réel jaialdian. Urte luzez filmaturiko dokumentalak islatzen du gizarte homofobo batek ezkutatzera behartzen duen maitasuna, alde batetik; bestetik, familia eredu ez... [+]


Sorzabalen kasutik abiatuta, tortura ardatz duen ‘Bi Arnas’ dokumentala ostegunean Iruñean

Iratxe Sorzabal eta bere ama Mari Nieves Diazen arteko harremana da Bi Arnas dokumentalaren kontakizunaren ardatza. Iruñean proiektatuko dute ekainaren 2an. 19:00etan hasiko da, Golem zinemetan eta hori izango da Nafarroako aurkezpen saioa. Maiatzaren 22an estreinatu... [+]


Iragana eskuetan

Eskuek askotariko sinbologia dute. Eskuekin gidatzen da mundua eta ukabil sendoekin bermatu agintea. Ukabilekin borrokatzen da boterea ere, atzamarrak bilduz eta eskuak gora altxatuz. Eskuak beharrezkoak dituzte bizitzan beti galtzaile izan direnek, hori baino ez baitute izan... [+]


2022-01-18 | Leire Artola Arin
Crowdfundinga abiatu dute Iratxe Sorzabalen kasuari buruzko ‘Bi arnas’ dokumentala egiteko

Lana finantzatzeko diru bilketa abiatu dute; ahalik eta gehien zabaldu nahi dute ikus-entzunezkoa, protagonistak sufritutakoa ezagutarazteko eta torturak salatzeko. Bi arnas kontatzen dira, torturaren eraginez itxi gabe dauden bi zauri: Sorzabalena eta haren ama Maria Nieves... [+]


2021-12-15 | Ahotsa.info
“Non dago Mikel?” filmak AtlantiDoc Saria irabazi du Uruguaiko Nazioarteko Zine dokumentalaren jaialdian

Mikel Zabalzari buruzko Non dago Mikel? filmak Urugaiko Nazioarteko Zine dokumentalaren festibalaren sari nagusia irabazi du, AtlantiDoc Saria hain zuzen ere, dokumentu-film luzerik onenarentzat.


2021-10-25 | ARGIA
Astelehenean estreinatuko da Arantza Santestebanen ‘918 gau’ DOC Lisboa nazioarteko dokumental jaialdian

Batasunako arduradunen aurkako Segurako sarekadan atxilotu zuen Poliziak Santesteban, 2007an, eta 918 egun eman zituen preso. Espetxearen eguneroko bizitza islatu nahi du Santestebanek bere lanean.


2021-04-30 | Ixone Arana
Turismoaren erroak azalarazi nahi ditu “Peregrino Modernoen oporrak” dokumentalak

Mundu mailako turismoaren gaia jorratzen du Peregrino Modernoen oporrak dokumentalak. Turismoaren inguruan entzuten diren fenomeno arruntenak alde batera utzi eta gaia modu sakonagoan landu nahi izan du Aimar Uribesalgo egileak. Maiatzaren 12an Oñatiko gaztetxean egingo... [+]


Eguneraketa berriak daude