Daniel Landart eta Arantxa Hirigoien, Gorka Peñagarikano kazetariaren galderei segika mintzatzen, Zubiburu mahai inguruan. / Dani Blanco ARGIA CC BY SA

2024ko ekainaren 03an - 11:06
Azken eguneraketa: 13:38
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Antzerkiak zein toki du Ziburuko euskal liburu eta azokaren gisako erakusleiho batean? Edo, beste era batera esanda, antzerkiak zenbat du literaturatik? Galdera hori izan dute abiapuntu Daniel Landart eta Arantxa Hirigoienek azokaren irekitze ekitaldiko Zubiburu mahai inguruan. Ordu erdi pasaz solastatu dira antzerkiaz, antzerkiaren soiltasunaz, aktore amateur eta profesionalen arteko orekaz, Bidasoaz gaindi aritzearen premiaz, euskal antzerkigintzaren bilakaeraz...

20 urtez egin du lan antzerkian Daniel Landartek. Gazte-gaztetatik hasi zen irakurtzen, eta eskribitu ere idazki mordoxka bat egin ditu, literatura zabalean, eta antzerkira zuzendu dira obra asko. “Lehen ere guti irakurtzen zen eta orain ere bai”, esan du Landartek, mikroa eskuetan hartu eta mintzatzen hasi orduko: “Horregatik, antzerkiak balio du horretara gerturatzeko”. Alegia, irakurriko ez duenarengana heltzeko. Landarten hitzei zera gehitu die Arantxa Hirigoien antzezleak: “Antzerkia eta literatura estuki lotuak dira, ahozkotasunean hartzen baitu forma, eta antzerkia ahozko literatura da”.

Ahozkoa, baina, ez da sarri idatzizkora ekartzen, nahiz jatorriz idatzia izan. Antzerki-obrak liburura ekarri arren, teorizazio jasorik gutxi duen diziplina artistikoa da euskarazko antzerkia. Landartek ez du uste problema denik,  "gazteek egingo duzue hori" esan du, eta oinarrira jo nahi izan du: "Antzerkia emana izateko da, horrela ulertzen dut, ez apaletan gordetzeko".

Hirigoienek eta Axut! kolektiboko kideek maiatzaren 31n estreinatu dute Lurrez estali antzezlana, Izuran. Hasi aurretik ja saio guztietarako sarrerak amaituta zeuden. Poztekoa zentzu horretan, euskal antzerkiak bizi-bizi jarraitzen duelako, baina Hirigoienek azpimarratu duen gisara, mamiari erreparatu behar zaio: Lurrez estali antzezlanak laborantzaren tragedia kontatzen du, hiritik baserrira doazenen bizipenak, poltsa bete diru duten aberaskumeak... Imajina daitezkeen kontuak, errealistak, umore puntutik kontatuak.

Arantxa Hirigoien: "Gure historia eta istorioak kontatzeko balio du antzerkiak"

Benetako bizipenak, eta halako tragedia bat, zergatik kontatu antzerki eran? Hirigoienek argi du: “Funtzio soziala du antzerkiak, gure historia eta istorioak kontatzekoa, eta aldarrikapen tresna bat ere izan daiteke. Gure herriko historia kontatu nahi dugu, guk geurea eta geure maneran”.

Hona Landartek erantsi diona: “1965era arte ez genion antzerkia deitzen, baizik eta komedia, frantsesen eraginez, irri egiteko zerbait zelako. Baina antzerki herrikoiaren funtzioa bestelakoa da: liluramendu batean sartzea, baina gaurko ideiak, geureak, geuk jostatzea”.

Funtzioa ez da aldatu, baina bidea urratsez urrats egin da. 1967an Antzerkilarien Biltzarra sortu zuten Landartek eta enparauek, eta 1977an estreinako Euskal Antzerki Taldeen Biltzarra egin. Mende berria heldu arte, problemak gainditzen joan ziren: “Oso zaila zen, belarriaren problema geneukan. Hegoaldeko taldeak Iparraldera ekarri eta hiru laurdena ez genien ulertzen. Azpeitian, gogoan dut, 1983an, geure obratik hitz bakarra ulertu zutela, latinez zelako. Zailtasunak genituen guztiok, eta euskara batuari esker erraztu da komunikazioa. Orain, hemengo talde bat mugi daiteke Euskal Herri osoan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Euskaltzaleen parte-hartze bizia nabarmendu dute Ziburuko Azokaren antolatzaileek

Euskara hutseko liburu eta disko azoka euskaraz “normalki, lasaiki eta naturalki” bizitzeko gunea bilakatu da. Urtez urte ekitaldiak aurrera egiten du eta euskaltzaleentzat ekitaldi garrantzitsuenetako bat bihurtu da, azokaren antolatzaileek nabarmendu dutenez... [+]


Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Zin degizut, euskara eta bagara

Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka iragan da ekainaren 1ean, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkartuz herriko plazan. Euskara ala ezkara lelotzat zeukan bosgarren edizio horren balorapen baikorra egin dute antolatzaileek: jendetza bertaratu da,... [+]


Kronika
Zin degizut, euskara eta bagara

Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka iragan da ekainaren 1ean, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkartuz herriko plazan. Euskara ala ezkara lelotzat zeukan bosgarren edizio horren balorapen baikorra egin dute antolatzaileek: jendetza bertaratu da,... [+]


2024-05-31 | Euskal Irratiak
Maddi Zubeldia
“Ziburuko plaza euskararen arnasgune izatea erdietsi dugu azokarekin”

Berrogei argitaletxe eta diskoetxe, horietarik bederatzi berri, eta 120 salmahai bosgarren Ziburuko liburu eta disko azokan. Ekainaren lehenean ospatuko dute Baltsan elkarteak eta Argia hedabideak


2024-05-30 | ARGIA
Ziburuko Azokako kontzertuak: Lumi, Bloñ, Pelax eta Hegazkin

Argitaletxeez gain, diskoetxeak egonen dira Ziburuko Azokaren baitan. Horietariko batzuen sorkuntzak zuzenean deskubritzeko parada izanen da aurtengoan ere azoka.


2024-05-29 | Estitxu Eizagirre
Euskarazko 119 liburu eta disko berri eta 40 egile egongo dira larunbat honetan Ziburuko azokan

Urtean bertan argitaratutako lanak izaten dira protagonista Ziburuko Euskarazko Liburu eta Disko Azokan. 2024an argitaratu eta Ziburuko azokara eramango dituzten liburu eta diskoen zerrenda iragarri dute bertan egongo diren 33 liburu-argitaletxe eta 3 diskoetxeek. Era guztietako... [+]


Daniel Landart, kulturgilea
“Poeta naizen? Poesia sentimenduak dira, besteek erantzun beharko diote horri”

Elkarrizketa bat papereratzerakoan galtzen dira isilune eta esku keinuak. Pena da. Daniel Landart entzuten ari zela gogoeta hori zeukan kazetariak, eta gauza bera pentsatzen zukeen argazkilariak ere, ikusirik ondoko egunean esku keinuen argazki andana bidali ziola kazetariari... [+]


“Euskara ala ezkara”

Aurtengo Ziburuko Euskal Liburu eta Diska Azokaren aurkezpenean, irakurketa hau plazaratu dute antolatzaile diren Baltsan elkarteak eta ARGIAk. Baltsan elkartean, maiatzaren 7an.


2024-05-20 | Estitxu Eizagirre
Hauek dira Ziburuko 5. Euskal Liburu eta Disko azokan aurkeztuko diren liburuak

Ekainaren 1ean izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolatzen duten euskara hutsezko azoka, eta oparo dator bosgarren edizioa. Aurten 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehien) eta egitarauan ordu erdiro izango da ekitaldiren bat musikaz eta literaturaz... [+]


“Ipuina engainua da” istorio bildumari musika jarriko dio Micek ostiralean Urruñan, Azokaldiaren kari

Aitzina doa Baltsan elkartean eta ARGIAk, Ziburu inguruko eragileekin batera antolaturiko Azokaldia. Datorren hitzordua maiatzaren 17an izanen da, Urruñako Berttolin. Bertako ikastolako Euskaraz Bizi taldearekin elkarlanean antolaturiko hitzordu literario musikatua dugu... [+]


“Maite dut Iparraldean antzerkia egitea, uste baitut hemen kodeak ulertzen direla”

Azkainen aurkeztu du Ander Lipusek bere ibilbide artistikoaren inguruko gogoeta jaso duen liburua: Antzerkiaren labirintoan I. Bigarren partea ere badu liburuak, “antzerkilariei gehiago zuzendurikoa” dena bere esanetan, baina Azkaineko irakurle taldeak lehenbizikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude