Helburuetan kale eginda erditu da Hezkuntza Legea

  • Bilatzen zuen babes sozial eta politikoa lortu gabe argi berdea eman diote EAEko Hezkuntza Legeari, asteazken honetan Hezkuntza Batzordean. Hiru erronka zituen legeak: ikastetxe publiko eta kontzertatuen sistema duala gainditzea, ikasleen euskalduntzean jauzia ematea, eta ikasleen segregazioa amaitzea. Baina benetan kontzertazioa bukatzeko, euskalduntze hobea bermatzeko eta segregazioa gelditzeko neurri eraginkorrak al ditu legeak?

Jokin Bildarratzek hartu zuen Cristina Uriarteren lekukoa: legea egiteko enkargua. Kalean hasieratik agertu zen ezkor sektore zabal bat, baina arlo politikoan adostasunerako giroa nagusitu zen. Argazkia: Oskar Matxin / Foku

2023ko azaroaren 29an - 10:41
Azken eguneraketa: 21:42

Oposizio politiko guztiaren kontrako botoekin eman diote argi berdea legeari EAJ eta PSEk. Zer gertatu da bidean, atxikimenduak gehitu ordez babes sozial eta politikoa galtzen joateko? Zein asmo zituen eta azkenean zer dakar legeak? Saltsan sartu aurretik, kronologia apur bat.

Hezkuntza lege berri bat onartzea aspaldiko apustu anbiziotsua izan da Eusko Jaurlaritzarentzat. 2013an, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburu zela, Heziberri 2020 plana abiatu zuten, hezkuntza legea sortzeko azken xedearekin. Baina iritsi zen 2020a, eta Hezkuntza Sailak apenas aurkeztu zuen zirriborro bat Eusko Legebiltzarrean, hezkuntza komunitatearen eta alderdi politikoen adostasunik ez zuena eta kritika ugari jaso zituena. Gainera, urteotan guztiotan iraun duen txinparta piztu zen: ikastetxeen finantzazio eta baliabide banaketa berri baten aukerak ikastetxe publiko eta kontzertatuen arteko harremana gaiztotu zuen.

Jokin Bildarratzek hartu zuen Uriarteren lekukoa sailburutzan, baita patata beroa ere: legea egiteko enkargua. Kalean hasieratik agertu zen ezkor sektore zabal bat, baina arlo politikoan adostasunerako eta elkargunerako giroa nagusitu zela zirudien, eta Legebiltzarreko ordezkaritza politikoaren %90ak babestutako hezkuntza ituna sinatu zuten 2022ko martxoaren 18an: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PSEk adostutako 43 neurri.

Urtebete pasatxo baino ez da igaro, eta zein zaharkitua geratu den argazkia. Jaurlaritzak aurkezturiko lege aurreproiektuak ez zituen konbentzitu akordioan parte hartu zuten alderdiak, lausoegia zela nabarmendu zuten, edukien hustuketa egon zela akordiotik aurreproiektura. Gerora, Elkarrekin Podemos gurditik jaitsi zen, legeak egungo kontzertazio eredua betikotzen duela eta eskola segregazioari aurre egiteko konpromisoa falta zaiola argudiatuta; eta azken unean, legeak egungo hizkuntza ereduak aipatuko dituela-eta (PSEk hala eskatuta), EH Bildu ere akordiotik jausi da. Azken txanpara ahulduta iritsi den legeari argi berdea eman dio Hezkuntza Batzordeak, eta datorren abenduaren 21ean Eusko Legebiltzarrean onartuko litzateke, ordezkaritza politikoaren %54ak babestuta, hasierako %90etik urrun.

Hezkuntza munduan ere, hasieratik kritiko agertu ziren ahotsei beste batzuk batu zaizkie. Hainbat mobilizazio, bi greba egun eta eragile ugariren desadostasuna utzi ditu prozesuak, batik bat eskola publikoaren eta euskalgintzaren bueltakoak; hain da handia sektore batzuetan nabari den kontrakotasuna, ezen kolokan jartzen duen legearen zilegitasun soziala. Zuzenean legea atzera bota eta bertan behera uzteko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak berriki antolatutako manifestazioarekin bat egin zuten EHIGE, Heize, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Ekintza, Gazte Komunista, Ikasle Sindikatua, STEILAS, ELA, ESK eta CCOOk. Handik gutxira, legea berrabiatzeko eta prozesua zerotik hasteko eskatu dute EHUko Hezkuntza fakultateetako 37 irakaslek.

Lege prozesuak aurrera egin ahala mesfidantza handitzen joan da hainbatengan. Eskola antolakuntzan aditu den Gonzalo Larruzea, nolabait, bada horren adibide. Hezkuntza Batzordean behin baino gehiagotan parte hartu du aditu gisa, eta ezkorrago mintzatu da azken saioetan. Legea irekiegia dela salatu du, eta ondorioz, mesfidantza elikatzen duela, unean uneko Hezkuntza Sailari eskuak libre uzten dizkiolako zein norabide hartu erabakitzeko. Are, Hezkuntza Sailak berak bultzatu du eskuak gehiegi lotuko ez dituen lege bat, beste lege batzuekin konparatuta malguagoa. EAJren esanetan, “legeak bizi luzea izan dezan” jokatu du modu horretan, baina zein zentzu du, akordioan adostutako neurriak finkatzeko eta bermatzeko adina zehaztasunik ez badu?

Hezkuntza Sailak berak bultzatu du eskuak gehiegi lotuko ez dituen lege bat, baina zein zentzu du, akordioan adostutakoa bermatzeko adina zehaztasunik ez badu?

Dena da publikoa?

Itunpeko ikastetxeei "etxeko lanak" jarri eta egungo eredu duala (ikasleen %50 inguru hartzen du sare publikoak eta beste %50 itunpeko sareak) irauli nahi omen zuen Euskal Hezkuntza Zerbitzua deituriko formulak (legearen zutabe nagusietakoa). Eskola publikoa hazteko neurriak ere hartuko omen ziren, baina ez ote den kontrakoa lortu: ituntze sistema unibertsala eta eredu duala betikotzea.

Eskola publikoaren bueltako eragile ugarik lehen unetik kritikatu zuten formula: teorian, betebehar batzuei erantzuten dien ikastetxe oro Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte izango da eta %100eko finantzazio publikoa jasoko du (ordainetan, ezingo zaie ikasle eta familiei kuotarik kobratu). Formula horrek ikastetxe publiko eta kontzertatuak maila berean jartzen dituela, ez dela eskola publikoa hazteko ezta dituen arazoei aurre egiteko neurri eraginkorrik hartzen eta ondorioz eskola publikoaren kalterako eta hezkuntzaren pribatizaziorako bidea dela salatu zuten hasieratik (gogoratu dezagun, EAJk adibidez Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa deitzen diola zerbitzu honi, alegia "publikoa" hitza eransten diola, ikastetxe guztiek zerbitzu publikoa ematen dutela nabarmendu eta beraz publikotasunaren kontzeptua zabalduz). Beste formula baten alde egin zuten eragile kritikoek: ikastetxe kontzertatuei publifikatzeko (titulartasun publikoko eskola bihurtzeko) aukera ematea eta lehentasunezko formula izatea, baina legean xedapen gehigarri gisa baino ez da ageri aukera hau.

Beste eragile batzuek balekotzat eman zuten Euskal Hezkuntza Zerbitzua hasieran, baina legeak jasotzen duen moduan ez duela funtzionatuko ikusi dute ondoren. Legeak dio zerbitzuaren parte izateko hainbat betebeharri erantzun behar diola ikastetxeak (irabazi-asmorik eza; segregazioaren aurkako konpromisoa; euskara lehenestea…), baina betebeharrak betebehar, praktikan ez dago zentrorik kanpoan geratuko denik, itunpeko guztiak automatikoki izango dira zerbitzuaren parte eta jasoko dute %100eko finantzazioa, denak berdinduko ditu legeak, denak izango dira interes sozialeko. Hala ondorioztatu dute akordioan formula babestu zuten EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemosek ere, legeak formula nola jasotzen duen ikusi ostean. EAJren ordezkari Leixuri Arrizabalagak berak aitortu zigun: "Kostatzen da sinesten ikastetxeren bat kanpoan geratuko denik". Adibide bat jartzearren, ikastetxeei jarritako betebeharren artean dago laikotasuna, beraz nola eragingo dio horrek Kristau Eskolari? Zein aldaketa egingo dituzte itunpeko ikastetxe horiek Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte izateko? Ez dute inongo aldaketarik egin behar, legeak ahalbidetzen du ikastetxe bat aldi berean laikoa eta kristaua izatea.

Betebeharrak arautzeko eta betearazteko (tartean isun bidez) zuzenketak aurkeztu dizkio lege proiektuari EH Bilduk, baina salatu du ez zaizkiola zuzenketak onartu: itunpekoei "eskubideak ematen zaizkie, betebeharrik ez; ez dago filtrorik zerbitzu publikoaren parte izateko, hori pagotxa!", adierazi du Ikoitz Arrese EH Bilduko kideak. Euskal Hezkuntza Zerbitzuak akordiotik legera egin duen ibilbidea kritikatu du Gonzalo Larruzeak ere: "Zerumuga zen eskola publikoaren hazkuntza kuantitatibo eta kualitatiboa, eta hori bateragarria da eskola kontzertatuak egotearekin, beti ere ongi zehaztuta zeintzuek duten interes sozial eta publikoa, baina iritsi gara egitura bat sortzera zentro guztiei publiko izaera emateko. Akordioan esan zen eztabaida parlamentarioa egingo zela, erabakitzeko betebeharrak eta horiek betearazteko tresnak, baina ez da halakorik egin, zehaztasunik gabeko printzipio batzuk jarri dira, irizpiderik eta egiaztatzeko neurririk gabe, eta horiek betetzeko eperik finkatu gabe. Bereziki larria da irizpiderik eta eperik eza. Horrek guztiak bide ematen dio ituntze unibertsala betikotzeari".

Denak multzo berean kabitzen badira, praktikan inongo konpromiso errealik gabe, ez al da izango antzera jarraitzea, baina finantzaketa berdinduta eta estatus bera emanda? Ez al da lehia berdin-berdin mantenduko, eta ondorioz, baita segregazioa ere? Egungo joko-zelaia eskolen arteko lehia gisa planteatuta dagoela aintzat hartuta, zein aterako da lehia horretan "irabazle"? Eskola publikoko eragileek garbi dute: legeak jaso behar zuena da eskola publikoarentzako plan propio eta estrategiko bat, dituen arazo eta beharrei erantzungo diena eta eskola publikoa hezkuntza sistemaren sare nagusi eta egituratzaile bihurtuko duena (oinarri ideologikoak, hezkuntza-printzipioak, finantzaketa, izaera publikoko eskola-plazen plangintza, kudeaketa eta sorrera, hezkuntza-guneen pedagogia, antolaketa-baliabideak, eskola-curriculum sozio-kritikoa, hezkuntza-berrikuntza soziala, giza baliabideen hornidura eta egonkortasuna…)

Publiko nahiz kontzertatu, denak multzo berean kabitzen badira, praktikan inongo konpromiso errealik gabe, ez al da izango antzera jarraitzea, baina finantzaketa berdinduta eta estatus bera emanda?

Euskalduntze eredu berriak zer dakar zehazki?

Egungo A, B eta D hizkuntza-ereduak mantentzen direla aipatzen du legeak, PSEk hala eskatu eta EAJrekin adostuta. Erabaki horrek ekarri du EH Bilduk legea ez babestea, baina hizkuntza-ereduen aipamenetik harago, ikasleak euskalduntzeko legeak duen planteamenduarekin kritikoa da euskalgintza. Are, euskalgintzatik egindako aldarriei "bizkarra eman" zaiela eta "lege honi ezezko borobila" ematen diola esan du Euskal Herrian Euskarazek.

“Euskara ardatz duen sistema eleaniztuna” du oinarri legeak: derrigorrezko hezkuntza bukatzean euskaraz B2 maila lortu behar dute ikasleek (gaztelaniaz ere B2, eta hirugarren hizkuntza batean B1), eta helburu hori buruan, ikastetxe bakoitzak bere proiektu linguistiko propioa egin behar du, ikastetxearen testuinguru soziolinguistikoa abiapuntu hartuta. Batetik, zehaztasun faltak alarmak piztu ditu eta eragile ugari kexu da (Euskalgintzaren Kontseilua, eskola publikoa, Ikastolen Elkartea...) legeak ez duelako esaten zenbat ikastordu eman behar diren euskaraz, zein proportziotan izan behar duen euskarak irakats- eta ikas-hizkuntza. Egungo murgiltze edo D eredua urardotzea ahalbidetzen du legeak, esaterako ikasgai batzuk atzerriko hizkuntzan ematea erabakitzen badu ikastetxeak. Mesfidantza sortzea ez da arraroa, Jokin Bildarratzek jarritako etsenplua gogora ekarrita: "Ikastetxe batek, gaztelania nagusi den eremu batean kokatua, erabaki dezake irakastorduen %80 gaztelaniaz ematea, baina aldi berean, noizean behin, euskara hobeto ikasteko hiru eguneko barnetegira eraman ditzake haurrak, edo eskolaz kanpoko jarduera guztiak euskaraz antolatu, edo jangelako orduak…". Alegia, testuinguru soziolinguistiko erdalduna aitzakia izan daitekeela ikastordu gehienak euskaraz ez emateko. Helburua euskalduntzea baldin bada, ordea, ez al da hain justu testuinguru soziolinguistiko erdaldunetan murgiltze eredua aldarrikatu behar, ez al da bermatu behar baliabide gehiago eta euskara ordu ahalik eta gehien euskalduntzeak ahalegin handiagoa eskatuko duen taldeetan? Kontseiluak garbi du: hezkuntzak behar du "euskara ikas- eta irakats-hizkuntza normalizatua izango duen ikasteredu orokortu inklusiboa, murgiltze eta mantentze ereduan oinarritua". Azken finean, esperientziak erakutsi du D eredua edo murgiltze eta mantentze eredua dela ikasleak euskalduntzeko eredurik arrakastatsuena.

Sistemaren zehaztasun faltaz galdetuta, EH Bilduko Ikoitz Arresek erantzun zigun beretzat gakoa dela legeak dakarren berrikuntza: "Ikasle guztiek B2 bermatu behar dute bukaeran, eta hori ebaluazio jakin baten bidez justifikatu beharko dute ikastetxeek". Hori ere auzitan jarri du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak, azpimarratu baitu eskaera horrek ez duela baldintzatuko titulazioa lortzea.

Bestetik, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektu propioa garatu behar izateak ere sortu du eztabaida. Ez al da pisu gehiegi jartzen eskola komunitatearen bizkar? Beste era batera esanda, araudi irmo baten babesik gabe, eskola komunitate horretako euskaltzaleen borroka bihurtuko al da (berriro ere) hizkuntza proiektuan euskara benetan ardatz izatea bermatzeko erronka? Hizkuntza proiektu euskaldunagoa edo erdaldunagoa duen ikastetxeak ez al du familien aukeraketan eraginik izango? Izan ere, auzo berean egon daitezke bi ikastetxe soziolinguistikoki oso ezberdinak, eta ikastetxe horietako bakoitzak ikastetxean duen errealitatearen araberako hizkuntza proiektua garatzen badu, ez al du eskolako errealitate soziolinguistiko hori (eta ondorioz segregazioa, bazterkeria, ghettifikazioa) betikotuko?

Zehaztasun faltak alarmak piztu ditu, legeak ez duelako esaten zenbat ikastordu eman behar diren euskaraz, zein proportziotan izan behar duen euskarak irakats- eta ikas-hizkuntza

Zaurgarrien banaketa

Eskola publikoak egoera zaurgarrian bizi diren ikasle askoz gehiago jasotzen du kontzertatuak baino, eta eskola publikoaren baitan ere "ghetto ikastetxeak" daude, duten zaurgarritasun indize altuagatik. Lege honek horri buelta ematea erronka nagusitzat hartu zuten alderdi politikoek. Landu berri ditugun bi puntuek, baina, ez al dute segregazioan sakontzeko arriskua areagotzen? Euskal Hezkuntza Zerbitzuak ikastetxe guztiei estatus bera eta %100eko finantzaketa ematen dien heinean, eta aldi berean eskola publikoaren arabera euren arazoei konponbidea ematen ez zaienez (zaurgarritasun indize handiak, irakasleen behin-behinekotasun portzentaje altua, azpiegitura arazoak...), ikasleen banaketa desorekatuari ez al dio bide emango? Eta euskalduntzearen kasuan, aipatu dugun moduan hizkuntza proiektuak ez al dira segregaziorako faktore bat gehiago izango? Ikastetxeen berrikuntza proiektuei lotuta, kontratu programak ere iragartzen ditu legeak: baliabideak berrikuntza ekimen interesgarrienen arabera banatzeak ere ez al du zatiketa areagotuko, jakinik ikastetxe batzuek beste batzuek baino gaitasun handiagoa dutela berrikuntzan urratsak emateko? Gogora dezagun, jaiotze tasa jaisten ari da, etorkizuneko panoramak ikasle gutxiago aurreikusten du, eta gauzak asko aldatu ezean, geratzen diren ikasleak erakartzeko lehia nagusitu daiteke, ea zein ikastetxek biziraungo duen, ea zeinek itxi beharko dituen ateak...

Segregazioari aurre egiteko legeak propio hartutako neurrietara bagoaz, zaurgarritasun indizea finkatu da, kuotarik ez kobratzeko doakotasuna kontrolatuko duen unitate administratiboa aipatzen da, eragin-eremu bakoitzean ikastetxe publiko bat egotea bermatu da eta eskolek plaza kopuru jakin bat gorde behar dute ikasle zaurgarrienentzako. Dagoeneko ikasturte honetako matrikulazio prozesurako aplikatu diren neurriotan, baina, ikusi dugu plazak gordetzea a posteriori egin dela, ez aurrez; eragin-eremuko ikastetxe publiko bat egon arren eragin-eremua handitu egin dela (eta beraz, zure herrian ez, ondokoan egokitu dakizukeela plaza publikoa, ondoko herria eragin-eremuaren barruan dagoela argudiatuta); baremazioa ordezkaritza organo gorenak erabakitzen jarraitu duela; edota plazen gain-eskaintza mantendu dela (nahiz eta legeak dioen “gaineskaintza eta azpieskaintza saihestuko dira”). Eskola Inklusiboaren Aldeko Elkartea, Zubiak Eraikiz plataforma eta Save The Children erakundea gisako eragileen aburuz, legeak neurri gehiago har ditzake segregazioari aurre egiteko, eta besteak beste eskatu dute ikastetxe bakoitzari ikasle zaurgarri portzentaje bat eskatzea eta matrikulazio bulego bateratu eta bakarra ezartzea.

Kontratu programak ere iragartzen ditu legeak: baliabideak berrikuntza ekimen interesgarrienen arabera banatzeak ez al du zatiketa areagotuko?

Eta abar, eta abar

Legeak gai gehiago ere jorratzen ditu, jakina. Begi onez ikusitako akordioak daude (haurreskolen doakotasuna kasu), eta beste batzuek kritikak hauspotu dituzte (aipaturiko kontratu programen bidez garatzea autonomia; iragarritako hezkuntzaren deszentralizazioan tokian tokiko erakundeek izan behar zuten protagonismo altua eta azkenean izango duten protagonismo mugatua; digitalizazio etiko, arduratsu eta euskaldun baten aldeko urrats eraginkorragoak ez eman izana, Hezkuntzan Librezale taldearen esanetan...). Baina oro har, publikotasunak, euskarak eta segregazioak sortu dute hazkura gehien, legeak duen babes politiko eta soziala kolokan jartzeraino. Konfrontazio giroan abiatu da anbiziotsu amestu zen Hezkuntza Legea.

Abenduaren 21ean Legebiltzarrean onartuko litzateke legea, ordezkaritza politikoaren %54ak babestuta, hezkuntza akordioa sinatu zuen %90etik urrun.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko Hezkuntza Legea
Doakotasuna itunpeko ikastetxeetan: zer dela eta?
Zertarako irakaskuntza kontzertatua?

Eskola publikoko eragile gehienen kontra EAEn onartu den Hezkuntza Lege berriak irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna bermatzea du helburu, beti ere botere publikoen finantzaketaren bidez, jakina. Espainiako Estatuan ere gobernukideek... [+]


Eskola publikoa, izan dadila benetan publikoa

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburu berriak egindako adierazpen ugariei erantzunez, Hezkuntzari buruzko 17/2023 Legea ezarriko da aurtengo ikasturte hasieran, Legebiltzarrean EAJ eta PSEren babes bakarrarekin onartu zena. Ezarpen horrek berekin ekarriko du agindu eta... [+]


Itunpekoetako irakasleen soldatak eskola publikoarekin parekatzen hasteko, 67 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak

Itunpeko ikastetxeetan ari diren irakasleen soldata eskola publikoan ari direnekin parekatuko du Eusko Jaurlaritzak. Parekatzea progresiboa izango da, prozesua 2027an amaituko da eta prozesua hasteko 67 milioi euro bideratuko ditu aurtengo aurrekontu publikoetatik. Hezkuntza... [+]


2024-06-12 | ARGIA
EAEko Hezkuntza Legeak “irekitako aukerak baliatzeko” tresna izan nahi duen liburua kaleratu du Hik Hasik

EAEko Hezkuntza Legea. Biharamunerako koordenatuak liburua aurkeztu du asteazken honetan Hik Hasi egitasmoak. “Denontzat eta denona izango den hezkuntza sistema publikoa, bateratzailea, soziala eta inklusiboa erdiesteko bidean lege berriak zein aukera irekitzen dituen... [+]


EHEko kideak legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, Hezkuntza Legea salatzeko

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta Euskal Herrian Euskarazeko kideek, “iraungita” dagoen Hezkuntza Legearen onarpena salatzeko. Goizeko 9:00etan elkarretaratzea burutu dute eta bi kide Legebiltzarreko atera kateatzen saiatu dira.


Oposizio guztia aurka duen Hezkuntza Legea onartu dute EAJ-PSEk

Iritsi da eguna: Eusko Legebiltzarrean ostegun goiz honetan onartu da soilik EAJ eta PSEk babesten duten Hezkuntza Legea. Legebiltzar atarian, Euskal Eskola Publikoaz Harrok eta Euskal Herrian Euskarazek protestak egin dituzte. Duela hogeita hamar urte onartu zen azken hezkuntza... [+]


Eraikuntza nazionala

Hezkuntza Lege berria, adostasunetik jaio behar zena, haserrean eta desakordioan onartu da. Publiko-pribatu auziak eta hizkuntza ereduek eragin dute akordio falta. Pena handia.

Horretan Espainiako ereduari jarraitzen diogu, EAEn ez garelako gai oinarri amankomun batzuk jarri... [+]


Kontseiluak “aukera galdutzat” jo du Hezkuntza Legea

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 21ean bozkatuko duen EAEko Hezkuntza Legearen balorazioa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak. Legea “etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzetik urrun” geratuko dela kritikatu du. Gehitu du ez dela izango... [+]


2023-12-14 | ARGIA
Ikastolen Elkartea
“Lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, aukera galdua izango da”

"Azaroaren 29an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean onartu den Lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, Euskal Hezkuntza Sistema eraldatzeko aukera galduko dugu", adierazi dute Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak eta zuzendari nagusi Jose Luis... [+]


Hezkuntza Legea da arazoa, ez 5. zuzenketa

Artikulu hau katalanek lortutako amnistiari buruz idaztea nuen buruan, lorpen horrek gauza bi utzi dituelako agerian: dena negoziatzen ahal dela eta, batez ere, amnistiatik beherako edozer gauza lortzeko une historikoa alferrik pasatzen utzi dutela abertzaleek. Batzuek, betikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude