Aurten Donostia Saria jaso duen Víctor Ericek galdera bota die Zinemaldiko kazetariei: “Badakizue zein den irudi-euskarririk iraunkorrena?”. Erantzuna ez da euskarri digitala, ez fotokimikoa; baizik eta olioa. Olio pinturak saihesten du ahanzturaren orbaina zinemak egin dezakeena baino hobeto.
Alabaina, zinemak irekitako betierekotasunaren bidea zabala eta emaritsua da, eta, urtero-urtero, emankorra da Zinemaldiak egiten dion ekarpena. Klasikoen artean, aurten gurean izan ditugu Teshigahara-ren atzerabegirakoa, forma eta edukietan astintzailea dena; José Val del Omar-en Festival en las entrañas-en irudi hilezkorrak edo Raúl Ruiz eta Valeria Sarmiento-ren Realismo socialista asmorik eta zaharrenaren berritzailea.
Jakina, ikuslerik gabe oroitua izaterik ez dago. Zentzu horretan, ikusle zein kritikaren onespena jaso behar dute Zinemalditik igarotzen diren proiektu berri guztiek. Ikusitakoen artean, bi dira burutik kendu ezin izan ditudanak: Jonathan Glazer-en The Zone of Interest eta Christian Petzold-en Rotter Himmel (Afire). Perlak sailean lehiatu dira eta, ikusleen artean ohore handirik merezi izan ez badute ere, biak nahiko nituzke gomendatu. Horiez gain, udazken arratsalde tristetarako apuntatu Aki Kaurismäki handiaren Fallen Leaves.
Izen ezagunak alde batera utzita, underground-aren eta zabartasun ederrenaren bandera zalapartatsuki aldarrikatzen duten Misión a Marte –Amat Vallmajor del Pozoren lehen film luzea– eta Mamántula –Ion de Sosa donostiarraren bitxikeria– aipatuko nituzke. Gozagarria da bien axolagabekeria eta gertukoa haien alprojakeria.
Era berean, proposamen harroen eta handi nahi iruditik urruntzen jarraituz, Martin Benchimolen El Castillo-k ere merezi du arreta. Kasu honetan, bai, bat etorri gara epaimahaia eta biok; izan ere, Horizontes Latinos saileko irabazlea izan da film argentinarra. Nabarmentzekoa ere, bere txikitasun handian, Bas Devosen Here, Zabaltegi-Tabakalera sailekoa.
Oroigarri eta oroitzapenez gain, batik bat etxerako lanak utzi dizkigu aurtengo Zinemaldiak. Berreskuratu beharreko lo-orduak, ezagutu beharreko filmografia berriak, datozen hilabetetan galdu ezineko emanaldiak… Hortxe kokatuko nituzke ikusi gabe geratu zaizkidan Anatomie d’une chute (Justine Triet), May December (Todd Haynes) edo Zabaltegi-Tabakalera saileko irabazlea izan den El auge de lo humano 3 (Eduardo Williams) esperimentala.
Baina, zer gertatzen da pantailak itzaltzen direnean? Zer alfonbra gorria jaso eta azpian gordetako hautsak harrotzen direnean? Astebetez olio pintura finez margotua izan den hiria salgai jartzen laguntzen duen ekitaldiak zenbateko iraunkortasuna dauka? Akaso hori da, etorkizunari begira, geuk gogoan hartu beharreko irudia. Akaso, arrazoi du Ericek eta egia da ez gabiltzala beti ortzi muga hobe eta berrietara ibilian.
71 ediziotan lehen aldiz, euskal herritar emakumezko zinegile baten lanak eskuratu du sari nagusia. Jaione Camborda donostiarrak jaso du Urrezko Maskorra; laugarren urtez jarraian, emakumezkoa da sariduna.
Zinemaren industriak dakarren burrunbak eta nazioarteko izarren distirak (aurten lausoagoa AEBetako gidoilari eta aktoreen greba historikoa dela eta) askotan itzaletara kondenatzen ditu asmo zein iraupenean apalagoak dituzten lanak. Horregatik, gaurkoan, film-luzeen kategoriatik... [+]
Luzeegiak dira batzuetan Zabaltegi-Tabakalerako emanaldiak, luzeak Zinemaldiko egunak eta, akaso, luzeegia nire gaurko kronika. Ikusitako filmentzat hitz handiak ez badakartzat ere, Tabakalerako besaulkiak Donostiako erosoenak direla jakinarazten dizuet modu ofizialean.
Dokumental berrirako lokalizazioak bilatzen ari zela egin zuen topo Martín Benchimolek gazteluarekin, aristokrazia argentinarraren ilunabarraren zantzua. Liluratuta, tokiko jabea ezagutu nahi izan zuen. Modu horretan, eta harriduraz betea, ezagutu zuen azal beltzaraneko... [+]
Biolentzia esplizitua, gertakari izugarriak, injustizia basatiak, malko eta aiene zaratatsuak… Zein da film dramatiko ona eraikitzeko formula? New Directors sailera zuzendu naiz erantzun bila, bai eta nire galdera erantzuten duten bi film gomendagarri topatu ere. Gaurko... [+]