Kazetaritza ez da delitua

  • Guatemalako kazetari bati ARGIAk egin eta argitaratutako elkarrizketa bat ezabatzeko eta 15.000 euroko “kalte-ordaina” ordaintzeko eskatu digu Solway multinazionalak. Egin ezean kasua epaitegira eramatearekin mehatxatu gaitu. ARGIAk ez du horrelakorik egingo, ez gara isilduko, eta kazetaritza independentea aldarrikatzeko baliatuko dugu erasoa.


2023ko ekainaren 20an - 10:29
Azken eguneraketa: 17:28
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

ARGIAk apiril amaierako 2822. alean elkarrizketa egin zion Guatemalako Paolina Albani kazetariari. Prensa Comunitaria hedabide digitalean kolaboratzen du Albanik. Hedabide independente horrek herri indigenetan, emakumeetan eta komunitateetan jartzen du begirada, eta ahotsa ematen die komunitateetako hainbat auziri, tartean, lurraren defentsari.

Mugarik Gabe GKEak gonbidatuta etorri zen Euskal Herrira, eta ARGIAko Leire Artola kazetariak elkarrizketa egin zion, besteak beste, esku artean duten nazioarteko ikerketa bati buruz: Mining Secrets. 2022ko martxoan argitaratzen hasi zen ikerketa horretan 65 kazetarik hartu dute parte. Horien artean, adibidez, Suitzako RTS irrati-telebista publikoko kazetariak daude, baita The Guardian, Le Monde eta El País egunkarietakoak ere. Ikerketaren oinarria zortzi milioi dokumentuko filtrazio bat izan zen: informatzaile anonimo batek Solway multinazionalaren jardunaren inguruko milaka mezu elektroniko, grafiko eta enpresaren barne-dokumentu helarazi zituen.

Ikerketaren tamaina irudikatzeko, aipatzekoa da elkarlan hori Forbidden Stories proiektuaren babespean argitaratu dutela, kazetarien segurtasuna bermatzeko. Izan ere, plataforma hori arduratzen da mehatxuak jaso dituzten edo arriskuan dauden kazetarien ikerketak sustatzeaz. “Kazetaria hiltzeak ez du eragingo istorioa hiltzea” da proiektu horren lema eta oinarria. Istorio horietako bat da Mining Secrets.

Ehunka mila dokumentu horietatik kazetariek ondorioztatu zuten Suitzan –Zug herrian– egoitza duen Solway Investment Group meatzaritza multinazionalak Guatemalan zituen bi filialek egindako kutsadura-txostenak ezkutatu zituela. Enpresak kudeatzen du El Estor herrian Fenix meategia, nikela erauzteko, eta kazetariek azpimarratu zuten herrialdeko lakurik handiena den Izabal kutsatu ondoren txostenak ezkutatu zituela multinazionalak. Burdin usaineko kolore gorrixkaz zikinduta agertu zen lakua 2017an, eta arrainak hilik topatu zituzten. Kontuan izatekoa da El Estorreko herritar asko arrantzaleak direla, eta lakua ezinbestekoa dela euren jardunerako.

Ikertzaileek ohartarazi zuten zonalde horretan bizi diren maia komunitateen biziraupen-laboreei su emateko planak zituela Solwayk, tokiko liderrak erosteko diru-funtsak zituela, Guatemalako Polizia Nazionalari dirua bidaltzen ziola... Hau da, Solway taldeak haren baliabide finantzario eta politikoak erabili zituela Guatemalan haren interesen aldeko erabakiak har zitzaten, filtratutako dokumentuetatik baieztatu zutenez. Solwayk akusazio guztiak ukatu ditu “oinarririk gabekoak” direla esanda.

Ikertzaileek ohartarazi zuten maia komunitateen biziraupen-laboreei su emateko planak zituela Solwayk, Guatemalako Polizia Nazionalari dirua bidaltzen ziola...

Zortzi milioi dokumentuak pixkanaka aletzen ari da ikerketa taldea, eta oraindik multinazionalari buruzko informazio gehiago kaleratzea espero da. Nabarmentzekoa da, Mining Secrets ikerketan parte hartu duten kazetari eta hedabide askok, aurretik beste elkarlan bat osatu zutela ingurumen-delituak ikertzeagatik mehatxatutako kazetarien inguruan.

Maia komunitateak Solwayren aurka

Inguruotako maia q'eqchi' komunitatea meatze proiektu horren aurka dago, eta borroka luzea egin dute enpresaren “jarrera gupidagabeak” salatzeko. Lurraren defentsan diharduten herritar horiek egunero ikusten dituzte beren herrietatik mineralez beterik ehundik gora kamioi igarotzen, eta horren aurka antolatu direnek salaketa judizialak, eraso fisikoak, mehatxuak, difamazio kanpainak hedabide handietan, espioitzak... jaso dituztela salatu dute. Herritarrak kontrolpean izateko, hainbatetan larrialdi egoera ezarri du Guatemalako Gobernuak El Estorren, eta eremua militarizatu dutela salatu dute bertakoek.

2017an areagotu egin ziren Fenix meategiaren aurkako protestak, Izabal lakua gorrixkaz zikinduta agertu zenean. Argazkia: Carlos Choc / Prensa Comunitaria.
Guatemalako hedabideak jazarrita

Paolina Albani kazetariak kasu hori agerian utzi zuen ARGIAko elkarrizketan. Azpimarra jarri zuen Solwayk hedabideekin duen jokabidean: Guatemalako hedabide nagusiak erosiak dituela zioen berak, eta diskurtso ofizialetik ateratzen diren komunikabideak eta kazetariak jazartzen dituela.

Multinazionalari buruzko informazioa argitaratzeko ausardia izan duten kazetariek behin eta berriz salatu dute informatzeagatik kartzela zigorra eta heriotza mehatxuak jaso dituztela. Esanguratsua da Carlos Choc maia q'eqchi' komunitateko kazetariaren kasua, nazioartean ohartzuna izan zuena The Guardian eta El País bezalako medioetan: Solwayko filialaren aurka protestan ari ziren herritarrei ahotsa eman zien, eta manifestazioko liskarretan hil zuten Carlos Maaz arrantzalearen berri eman zuen Prensa Comunitarian; ordutik etengabeko kriminalizazioa eta jazarpena jasan dituela eta klandestinitatean bizitzera behartu dutela salatu ditu. Albanik hori guztia kontatu zuen ARGIAko elkarrizketan, salatzeko Guatemalako hedabide independeetako kazetariak informatzeagatik kriminalizatuta daudela.

Elkarrizketa saretik ezabatzeko eskatu digute, baita 15.000 euroko “kalte ordaina” eta abokatuen lanaren kostua ordaintzeko ere

Guatemalako kazetarien egoeraren beste adibide argigarri bat da José Rubén Zamorarena. Ustelkeria kasuak argira ekarri izanagatik ezaguna da José Rubén Zamora. Siglo Veintiuno, El Periodico eta Nuestro Diario komunikabideen sortzailea da, eta 2022ko uztailean sartu zuten preso, Alejandro Giammattei presidenteari loturiko ustelkeria kasu bat plazaratu eta bost egunera. Sei urteko kartzela-zigorra eta 300.000 ketzal guatemalarreko (35.000 euro) isuna ezarri diote, diru zuriketa leporatuta. Zamora ikerketa kazetari entzutetsua da, eta sari eta aitortza ugari jaso ditu.

Udefegua Guatemalako erakundearen arabera, 2021ean giza eskubideak defendatzen dituzten pertsona, komunitate eta erakundeen aurkako 1.002 eraso izan ziren Guatemalan, eta gizarte-komunikatzaileak dira kriminalizatuen daudenak. Guatemalako Kazetarien Elkartearen esanetan, Giammatteiren gobernua hasi zenetik prentsa askatasunaren aurkako 350 eraso egin dituzte. Hain justu, ekainaren 25ean izango dira datozen hauteskundeak.

El Estor herrian lurraren defentsan ari direnek salatu dute eremua militarizatu dutela. Argazkia: Prensa Comunitaria.
Orain, ARGIA ere jopuntuan

Solway multinazionalak Espainiako Estatuan duen abokatu bulegoa ARGIArekin harremanetan jarri da eta mehatxutzat hartzen duguna eskatu digute: Paolina Albani kazetariari eginiko elkarrizketa saretik ezabatzeko eskatu digute, baita 15.000 euroko “kalte ordaina” eta abokatuen lanaren kostua ordaintzeko ere. Horiek egin ezean, kasua epaitegietara eramateko mehatxua egin digute, difamazioa egotzita.

Ez gara bakarrak izan. Dakigunez, Le Monde egunkari frantsesari salaketa jarri zion Solwayk 2020an, baita Forbidden Stories-i ere, eta gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi zuten Solway saiatzen ari zela “isilarazten haiek egindako legez kanpoko jardueren berri ematen ari ziren kazetariak”.

Ikerketak dio Guatemalako lakurik handiena den Izabal kutsatu zuela Solwayk, eta txostena ezkutatu zuela. Argazkia: Prensa Comuntaria.

Mugarik Gabeko kideek gertutik ezagutzen dute El Estorreko meategiaren kasua, Prensa Comunitariaren bidez, eta berretsi digutenez, kazetariak mehatxatzea estrategia handi baten parte da: “El Estorren gertatzen ari dena kontatzera ausartzen diren komunikabideak estutzea eta intimidatzea da estrategia. Orain ARGIAri pasa zaio, gero beste bati... beldurra sortu nahi dute. Lortzen badute, kazetariek zalantza gehiago izango dute antzeko kasuak salatzea erabakitzerakoan”, ohartarazi digu GKEak. Baina zergatik ARGIA? “Komunikabide handiagoetara iristeko beste bide batzuk dauzkate, eta errazagoa zaie zer argitaratzen den kontrolatzea”, azaldu digute Mugarik Gabekoek.

Zoritxarrez, gero eta ohikoagoak dira kazetarien eta hedabideen lana baldintzatzeko asmoa duten salaketak, eta ingelesez SLAPP gisa ezagutzen den praktika gaitzesgarria zabaltzen ari da. 1980ko hamarkadan asmatu zuten terminoa Denverreko Unibertsitateko irakasleek, zera definitzeko: interes publikoaren babesean jarduten duten pertsonen aurkako jazarpena eta larderia.

Zenbait enpresak, agintarik eta multinazionalek hainbat herrialdetako abokatu bulegoen zerbitzuak kontratatzen dituzte ahots kritikoak isilarazteko, eta horretarako salaketa judizialak erabiltzen dituzte hedabide eta kazetarien artean beldurra, zentsura edo autozentsura eragiteko.

Multinazional batek agindu behar al du ARGIAn zein elkarrizketatu ahal dugun eta zein ez?

Kazetaritza ez da delitua

Gure komunikazio proiektuaren aurkako eta ARGIA sostengatzen duen komunitate osoaren kontrako eraso zuzena dela ulertzen dugu, eta nagusiki, adierazpen askatasuna eta herritarren informazio eskubidea jarri dituzte jo-puntuan. Ez dute nahi gaiaz haiena ez den bertsiorik zabaltzea, eta horregatik jo dute Albaniren hitzei lekua eman dienaren kontra.

Publikoki ondorengoa erantzun nahi diogu urtean milioiak irabazten dituen multinazional horri: ez dugu elkarrizketa ezabatuko. Ez dugu dirurik ordainduko. Gaiaz informatzen jarraituko dugu eta zuen mehatxua baliatuko dugu Euskal Herrian, Guatemalan eta leku orotan kazetaritza independentea beharrezkoa dela publikoki azpimarratzeko.

Multinazional batek agindu behar al du ARGIAn zein elkarrizketatu ahal dugun eta zein ez?

ARGIA zigortzen badute, mundu zabalean ingurumenaren defentsan ari direnek eta hedabide guztiek ere galduko dute. Horregatik, ARGIAren komunitateko kideei, gure irakurleei eta kazetaritzaren sektoreari babesa eskatu nahi diegu kazetaritzaren independentzia komunitatean defendatzeko. Balio dezala banaka eta isilpean egiten dituzten mehatxuei elkarrekin eta ozen erantzuteko, soilik horrela lortuko dugulako gelditzea.

Kazetaritzaren izaera eraldatzailea otzantzea bilatzen duten jokabide oldarkor horiek ez ditugu onartzen. ARGIAk informatzen jarraituko du, orain arte bezala. Ez da lehen aldia ARGIAren eta ARGIAko kazetarien aurkako erasoak jasaten ditugula, baina azkena izatea nahi dugunez, gure lanbidearen defentsa beharrezkoa den lekuraino eramango dugu. Dagoeneko jarri gara harremanetan Europan SLAPP kasuei aurre egiten espezializatu den abokatu talde batekin, eta gure kasuaz informatu ditugu.

Elkartasuna Guatemalako kideei

Guatemalako Prensa Comunitaria hedabideari eta Paolina Albani kazetariari ARGIAren elkartasuna adierazi nahi diegu. Baita lankideon babes eta besarkadarik gozoena bidali ere Guatemalan lurraren defentsan ari diren herrientzat eta jazarri dituzten kazetari guztientzat. Solway guganaino heldu eta mehatxu egiteko gai izateak sinesgarritasuna ematen die hango kazetarien salaketei.

Behar den guztietan ozen esango dugu: kazetaritza ez da delitua. Ez gaituzue isilduko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza ez da delitua
Al Jazeerako sei kazetariren bizitza arriskuan da, Israelek mehatxu egin ondoren

Israelgo armadak dio sei kazetariak Hamaseko eta Jihad Islamikoko kideak direla, baina ez du hori egiaztatzeko frogarik eskaini. Horren ondorioz, eta aurrekariak ikusita, Aljazeera eta sei kazetariak beldur dira gerta daitekeenaz.


Pablo Gonzalez “berehala” askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


2023-07-11 | ARGIA
Solwayren aurrean ARGIA babestu dute 40 eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikok

Mugarik Gabe GKEk Kazetaritza eta elkartasuna ez dira delitua izeneko komunikatua zabaldu du, ARGIAren aurka Solwayk egindako erasoa gaitzesteko. Bat egin dute eragile eta erakunde ugarik, tartean, gehiengo sindikalak eta ezkerreko alderdi politikoek.


2023-06-30 | Axier Lopez
Ez gaituzte ezagutzen

Mendebaldeko multinazional batek “hirugarren mundutzat” hartzen duen lurralde bateko aberastasun naturalak ustiatzen ditu masiboki. Enpresarentzat dirutza, han bizi direnentzat kutsadura eta askotariko arazoak. Zenbat aldiz entzun dugu istorio hau? Oraingoan ordea,... [+]


2023-06-22
Zein dago Solway multinazionalaren atzean?

Solway Investment Group batez ere nikela esplotatzen duen eta Suitzan egoitza duen meatzaritza multinazional pribatua da, munduko garrantzitsuenetakoa sektorean. Webgunean adierazten duenez, Guatemalan, Ukrainan, Mazedonian eta Indonesian ditu proiektuak, eta 2021ean 1.450... [+]


2023-06-20 | ARGIA
Aste honetako aldizkariaren azalean

Aste honetan ARGIAk ale berezia atera du Solway Investements Group-en erasoaz informatzeko. Besteren artean, gaiari buruzko artikulua eta Solwayren atzean nor dagoen azaltzeko erreportajea argitaratu ditugu.


2023-06-20 | ARGIA
Mugarik Gabe
“Solway-ren erasoa adierazpen askatasunaren kontrakoa da, planifikatutako larderia estrategia baten parte”

35 urteko ibilbidea duen Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearen eskutik etorri zen Guatemalako Prensa Comunitariako kazetari Paolina Albani Euskal Herrira. ARGIAk egin zion elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko eskatu dio ARGIAri Solway multinazionalak... [+]


2023-06-20 | ARGIA
Solway multinazionalak ARGIAri mehatxu egin diola publikoki salatu dugu

ARGIAko lantaldeak ezohiko prentsaurrekoa eman du asteartean, Mugarik Gabe GKEko kideekin batera. Bertan izan dira Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen elkarteko kideak ere. Publikoki salatu dugu Solway multinazionalak ARGIAri eskatu diola Paolina Albani... [+]


2023-06-20 | ARGIA
ARGIAren manifestua
Solway, utzi ARGIA bakean: kazetaritza ez da delitua

Guatemalako kazetari bati ARGIAk egindako elkarrizketa bat ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko eskatu digu Solway Investment Group multinazionalak. ARGIAk ez du horrelakorik egingo eta kazetaritza independentea aldarrikatzeko baliatuko dugu erasoa.


2022-11-08 | ARGIA
Prado museoko ekintza ekologistaren berri emateagatik atxilotutako kazetariak karguekin aske utzi dituzte

Futuro Vegetal talde ekologistako bi kidek Goyaren Majen margolanetara itsatsi zuten euren burua larunbatean, klima larrialdiaren aurkako neurriak eskatzeko. Bi ekintzaileak eta ekintzari buruz informatzen ari ziren bi kazetari atxilotu egin zituzten eta “historia... [+]


2020-12-24 | Axier Lopez
Julian Assangeren kasua
Kazetaritzaren aurkako gerra zikina

2010ean, WikiLeaksek, komunikabide handi batzuen laguntzarekin, dokumentu "sekretuen" historiako filtrazio zabalenetako bat argitaratu zuen. AEBetako inteligentzia zerbitzuen 700.000 fitxategi baino gehiago, gobernu eta estatu askoren jarduera diplomatiko eta militar... [+]


Eguneraketa berriak daude