Jaioberrien orpo-proba: non jaio zaren, gaitz gehiago edo gutxiago bilatuko dizkizu osasun publikoak

  • 50 arazo edo gaitz baino gehiago detekta daitezke jaio eta gutxira egiten den orpo-probaren bidez, baina jaio zaren lurraldearen arabera, gaitz gehiago edo gutxiago aztertuko dizkizu osasun publikoak. Arazo metabolikoren batekin jaio eta gaitz hori orpo-proban aztertzen duten zerrendan egon ala ez, aldea sekulakoa izan daiteke pertsona horren bizi-kalitatean, heriotza saihesteraino. EAEn 12 gaitz aztertzen dituzte, Ipar Euskal Herrian 13 eta Nafarroan 27. Konparaziorako, Galizian 33, Andaluzian 34, Italian 48…


2023ko apirilaren 21an - 04:00

Jaioberriaren orpoan zizta eginez ateratako odol tanta batzuekin, gaitz arraroak antzematen ditu galbahe neonatalak (orpo-proba izenez ezagunagoa), asko metabolismoari lotutako gaitzak, baina baita beste motatakoren bat ere. Are gehiago, proba horren bidez gaixotasun genetiko ugari antzemateko bidea egiten ari dira hainbat tokitan, ez ordea Euskal Herrian.

Hego Euskal Herriaren kasuan, orpo-proba egiterakoan aztertu beharreko arazoen gutxieneko kopuru bat ezarria du Espainiako Gobernuak, eta hortik aurrera erkidego bakoitzak erabakitzen du kopuru hori mantendu (gutxienez zazpi gaixotasun metabolikoren galbahea egiteko agindua dago, eta beste lau gehitzea ari da aztertzen Sánchezen gobernua) ala gehiagoren galbahea egin. Nafarroan 27 arazo behatzen dituzte (Maria Chivitek esana du kopuru hori handitu egin nahi duela); EAEn aldiz, 12 baino ez (eta ez da kopurua handitzeko asmorik iragarri). Ipar Euskal Herrian, Frantziako Gobernuak ezarritako galbahe kopurua dute oinarri: 13 (duela gutxira arte 6 baino ez zituzten aztertzen, baina urtarrilean beste 7 gehitu zituzten).

“Hain harro geunden Osakidetzaz, eta begira, osasun publikoaren desmantelamendua bizi dugu, argi eta garbi”, adierazi digu Sergio Villanuevak; Euskadiko PKU eta Beste Nahasmendu Metabolikoen Elkarteko presidentea da bera. Gehitu du, gutxieneko gaitz kopuru bat bakarrik kontuan hartu beharrean, probak ahalbidetzen duen kopuru ahalik eta handiena aztertzea hartu beharko litzatekeela oinarri. Nahasmendu metabolikoen elkarteek Italia jartzen dute adibide: legez ezarria dute 48 arazoren galbahea egin behar dutela proba neonatal honen bidez.

Kopuruaz gain, proban aintzat hartzen diren gaitz motak ere ezberdinak dira lurraldearen arabera, irizpide festa horren barruan: Espainiako Estatuan, gutxieneko kopurutik aurrera erkidego bakoitzak erabakitzen du zenbat eta zein arazo behatu nahi dituen.

Bilboko neskato bat larrialdietara eraman zuten iaz, heriotzetik gertu, eta ondorioztatu zuten azidemia duela; azidemia orpo-proba bidez detektatzen da hainbat lurraldetan, baina EAEn ez

Gaitz bat proban sartzearen edo kanpoan uztearen aldea

Gaitz arraroak izanik, kopuru absolututan eta portzentajetan gutxitan ematen diren gaixotasunak dira, “baina horiek antzematea oso erraza da eta jaio bezain pronto eginez gero epe luzera onura ikaragarria da”, nabarmendu du Villanuevak. Bere alabaren adibidea jarri digu: fenilzetonuria du alabak (orpo-probaren barruan aintzat hartzen den nahasmenduetako bat) eta elikadura asko zainduz bizimodu normala daramala dio, “baina nahasmendu hau orpo-proban detektatzen ez zuten garaian, tratamendurik jaso ez zutenek desgaitasun handiak zituzten, atzerapen mental sakonak eta bizi-itxaropen laburragoa”.

Gertuko beste adibide esanguratsu bat jarri du: iaz, Bilboko neskato bat hirugarren aldiz larrialdietara eraman behar izan zuten, krisi hipogluzemiko batekin eta sekulako arazoekin, heriotzetik gertu, eta ondorioztatu zuten azidemia duela. Azidemia orpo-proba bidez detektatzen da hainbat lurraldetan, baina EAEn Osakidetzak ez du aztertzen, ez delako EAEn kontuan hartzen diren 12 horietako bat. “Galbahean gehituko balute, min eta arazo asko saihestuko lirateke, ondorioak oso larriak baitira, eta gaixoa hiltzea ere eragin dezake”.

Zergatik ez dira gaitz gehiago hartzen kontuan?

Gaitz gutxiago edo gehiago aztertzeak kostu ekonomikoan izan dezakeen eraginari begira, EAEn puntako ekipamendua dutela dio Sergio Villanuevak: “Analitika horiek egiten dituzten makinak baditugu eta orpo-probatik ateratako laginak makinatik pasatzen dira, gaitz gutxiago edo gehiago aztertu. Aldaketa zera litzateke, analitika horien interpretazioan gauza gehiago edo gutxiago aztertzeko beharko litzatekeen denbora, ondorioak interpretatzeko beharko liratekeen baliabide pertsonal edo dena delakoak”. Eta hala ere, Villanuevak garbi du: “Frogatuta dago prebentzio mailan egin daitekeen guztia errentagarria dela; orain orpo-proban galbahea handitzeko inbertituko duzuna baino garestiagoa da detektatu ez duzun gaitzarekin larrialdietan bukatuko duen pertsona behin eta berriro artatzea, zer duen aurkitu arte”.

Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari aspaldi diote egina eskaera (Espainiako Gobernuari ere egina diote eskaera hainbat elkarte eta federaziok, baita Europako Batasunari ere, herrialde guztiek proban ahalik eta arazo gehien sartzeko politika aplikatu dezaten). Villanuevak azaldu digunez, Jaurlaritzatik esan zaiena da adituen mahai bat ari dela gaia aztertzen. “Baina azken mahaiak urtebete edo pare bat urte ditu, eta ez dugu aurrerapausorik ikusi, ez dirudi Jaurlaritzaren lehentasunetan dagoenik”, salatu du.

"Kasu gutxi badira ere, kontuan hartuta apenas duela kosturik galbahea handitzeak, eta batez ere arazoa garaiz antzematearen onura oso handia dela, nola ez du mereziko? Bizimodu duina eraman ahal izateaz ari gara"

Villanuevari galdetu diogu administrazioak zein argudio darabilen, kopurua ez handitzeko. Gaitz eta arazo horiek herritarren artean duten prebalentzia oso txikia dela, ezohiko gaitzak direla, eta “kasu gutxi direnez, ez duela merezi umeak gaitza ote duen aztertzea”, erantzun digu. “Baina kasu gutxi badira ere, kontuan hartuta apenas duela kosturik galbahea handitzeak, eta batez ere arazoa garaiz antzematearen onura oso handia dela, nola ez du mereziko? Giza eskubideez ari gara, justizia sozialaz, bizimodu duina eraman ahal izateaz”.

Galbahea handituta, probaren barruan kontuan har daitezkeen arazoetako batzuek ez dutela tratamendurik eta ez dutela konponbiderik, administrazioak hori ere argudiatzen duela kontatu digu Villanuevak. “Halakoetan ere, familiak jakitea beren umeak zein arazo duen eta etorkizuna zein izango duen, ez da gutxi”.

Borroka honetan, fronte ugari dituzte zabalik: gaitz arraro hauen tratamendurako laguntzek irizpide ezberdinak dituzte, lurraldearen arabera. “Adibidez, duten elikadura berezia diruz lagunduta dago leku askotan, baina EAEn ez, eta oso garestiak dira elikagaiak, ohikoa baino bost edo hamar aldiz garestiago; alabarentzako Alemaniatik oraintsu ekartzen ari garen saltxitxa berezien kasuan, sei saltxitxadun lata 8 eurotan ordaintzen dugu, eta gosaltzeko zerealen kaxa (proteina gutxiko zerealak) 6 eurotan".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Kamamila txarrik ez da

Gaurko artikuluari ekitera noalarik Chamaemelum nobile loretxoari larranbiloa, larramilua, amasabel-belarra edo bitxeleta deitzen diozuenak ere nire gogoan zaudete; zuetako batek idatzi baitit duela ez egun asko Instagrametik “gaur Goizueta aldean kamabillua bildu dut eta... [+]


15-49 urte bitarteko emakumeen %27ak bikotekidearen indarkeria jasan izan du

Munduko Osasun Erakundeak egindako ikerketa batek 161 estatu eta eskualdeetako datuak jaso ditu. 15-19 urte arteko nerabeen %24 bizitzan noizbait bikotekidearengandik indarkeria jasan duela jaso dute, eta %28 30-39 urte arteko emakumeek. Daturik okerrenak errenta maila baxuko... [+]


Polioa topatu dute Gazako uretan eta epidemia zabaltzeko arrisku handia dago

Palestinar errefuxiatuen kanpalekuen ondoko ur zikinetan Poliomielitis birusaren kontzentrazio altuak topatu dituzte. UNICEFek ohartarazi du “hondamendia” gertatzeko aukera asko daudela.


Aitor Cevidanes
“Akainak gaitza kutsatzeko denbora behar du, egunean bertan kenduta ez dago arriskurik”

Akainak edo kaparrak batetik, eltxo tigreak bestetik, Euskal Herrian duten presentziaz eta gurean dauden espezieez mintzatu zaigu Aitor Cevidanes ikertzailea. Osasuna eta ingurumena hizpide, dituzten arriskuez, herritarron uste faltsuez eta klima aldaketaren nahiz gizakion... [+]


Gorputz hotsak
“Dragon Boat-arekin gorputzarengan geneukan konfiantza berreskuratzen dugu”

Kirol ugari egin ditu Mercedes Ortega Barrenak (Bilbo, 1967); hala nola atletismoa, paddel surfa eta orain arrauna. Hondarribiko HS2 Surf Center eskolako Dragon Boat taldeko kidea da. Batik bat minbizia duten edo izan duten emakumez osaturiko taldea da. Barrenak nabarmendu du... [+]


Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


Basauriko espetxeko preso bat hil dela jakinarazi du Salhaketa elkarteak

Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.


Materialismo histerikoa
Bizitzeko

Ikasturte osoan inork aipatu ez dituen kontuetan aritu ondoren, aktualitatearen erdigunera eraman nau, ustez, pneumonia batek, nola definitu ez dakidan hartuemana izan baitut Osakidetzarekin. Eta lehen deitik, ai ene, esperimentu batean egotearen sentsazio zirraragarria,... [+]


Bizkaiko emaginen greba eguna astelehenean, Osakidetzaren udako murrizketak salatzeko

Satse Euskadiko Erizainen Sindikatuak deitu du greba, eta udako murrizketek eragindako lan karga arintzeko neurririk ez hartzea leporatu dio Osakidetzari.


Absolbitu egin dute Osakidetzak kaleratu ostean anbulantzia bati bi gurpil zulatzea egotzi zioten langilea

Bilboko magistratuak adierazi du ez dagoela froga nahikorik langileak delitu hori egin zuela egiaztatzeko eta ez dagoela “lekukorik” hori frogatu duenik. Horrelako 300 sabotaje salatu ditu anbulantzien zerbitzua esleitua duen enpresak.


Gorputz hotsak
“Baimenik eskatu gabe interbentzio kirurgiko ugari egin zizkidaten”

Aktibista intersexa* eta DJa da Marikarmen Free (Baena, Espainia,1984). 2003. urtean sistema psikiatrikoaren kontrako borrokan hasi zen, eta gaur egun bide beretik doa Insania kolektibokoekin. Martxoan, Iruñeko Katakraken egindako “Zapalkuntza psikiatrikoa eta... [+]


2024-06-19 | ARGIA
Mediku eta pediatrak falta dituzte Bortziri eta Baztanen ere

Kalera atera dira salatzeko Bortziri eta Baztanen mediku eta pediatren falta, itxaron zerrenda amaigabeak eta hitzorduen atzeratzea jasaten ari direla, besteak beste. “Landa eremuan bizi garenok ere merezi dugu behar dugun bezala artatuak izatea”.


Historiari eta esklerosi anizkoitzari buruzko irakaspenak

Mallorca, 1968. Joana Maria Escartin historialaria jaio zen. 1989an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten eta joan den maiatzaren 30ean hil zen jaioterrian, 56 urte zituela, hain zuzen, esklerosi anizkoitzaren nazioarteko egunean.

Ikasketak UIBn (Universitat de les Illes... [+]


Eguneraketa berriak daude