Bingen Zupiria buru duen Kultura Sailak sei milioi euro publiko banatu ditu hedabideen sektorean. Iaz bost milioi izan ziren, ezohiko dirulaguntza moduan, eta COVID19aren pandemiak eragindako kalteei aurre egiteko kontzeptupean joan dira bi diru partidak. Informazio orokorreko hedabide nazionalen artean bakarra utzi dute kanpoan, ARGIA. Aiaraldea, Arabako Alea, Hernaniko Kronika eta Hiruka ere kanpo utzi dituzte, besteren artean.
Sei milioi euroetatik 5,5 milioi (%91,2) gaztelaniazko medioei eman die Eusko Jaurlaritzak, eta %8,8 euskarazkoei. Vocento taldeak (El Correo eta El Diario Vasco) 2.659.000 euro jasoko ditu, iaz baino 303.000 euro gehiago; Noticias Taldeak (Deia, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Álava eta Onda Vasca) 953.560 euro, iaz baino 36.819 gehiago; SER irrati kateak 643.962 euro, iaz baino 123.718 gehiago; Gara egunkariak 309.597 euro, iaz baino 4.000 gehiago; Berriak 287.925 euro, iaz baino 2.502 gutxiago eta Nervión-Gorbea irratiak 278.638 euro, 53,872 gehiago. Diru banaketaren zerrenda osoa, xehe, hemen duzue.
Iaz, deialdirik egin gabe banatu zuten dirua; aurten publiko egin dute banaketaren deialdia. Lehengo urtearekin alderatuta, hedabide gehiagoren artean banatu dute dirua, beste hamar hedabide sartu baitituzte banaketan, baina Jaurlaritzak aurten milioi bat gehiago bideratu du eta milioi hori ez da hedabide berrien artean banatu, erdia banatu da horien artean. Alegia, iaz lagundu zituzten hedabideek oro har diru kopuru handiagoa jaso dute aurten, nahiz eta CIESen arabera handienek irakurleak galdu dituzten paperean urtebetean, eta dirua banatzeko irizpide gisa CIES (medioen audientziak neurtzeaz arduratzen den erakundea) hartu duen Jaurlaritzak.
Astekaria da kanpoan utzi duten formatu bakarra. Erabaki horrekin utzi dute ARGIA kanpoan, nahiz eta ARGIAk eguneroko informazioa ematen duen bere orrietan ere
“Eguneroko informazioa ematen duten komunikabideak” izatea izan da baldintzetako bat banaketan aintzat hartua izateko: irratiak, telebistak, egunkariak eta hedabide digitalak saritu dituzte, eta astekaria da kanpoan utzi duten formatu bakarra. Erabaki horrekin utzi dute ARGIA kanpoan, nahiz eta ARGIAk eguneroko informazioa ematen duen bere orrietan ere. 2021ean paperean astero eta bakarrik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kontuan hartuta, 52.000 irakurle izan ditu CIESen arabera –Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko irakurleak kontuan hartu gabe–, banaketa horretan dozenaka milaka euro jaso duten medio ugarik baino gehiago. Astekariko audientzia aintzat hartuta –Interneten argia.eus-ek dituen irakurleak alde batera utzita– ARGIAk 150.000 euro inguru jaso beharko lituzke azken deialdi honetan, antzeko audientzia duten hedabideek jaso dutenari erreparatzen badiogu.
ARGIAren Interneteko lana bai, Jaurlaritzaren baldintza horretan sartzen da, baina CIESen 2021eko Interneteko datuak hartu dituzte oinarri, eta ARGIAk 2022ko datuak bai, baina 2021ekoak paperekoak baino ez dauzka, Internetekoak ez –CIES etxeari ordaindu egin behar dio datu horiek nahi dituen hedabideak, ordaindu ez duena eta datuak ez dituena banaketatik kanpo utzi dute–. Nahiz eta egunean 15-20 artikulu publikatu eta zenbait milaka bisitari izan, 2021eko datuak ez genituela argudiatuta utzi dute Interneteko banaketatik ere kanpo ARGIA. Hala, Internet eta astekaria barne hartuta, 6 milioi euro hauen banaketan 150.000 euro baino diru gehiago dagokio ARGIAri.
Jaurlaritzak, berak egindako hautu eta jarritako baldintzekin, beste behin ARGIA kanpoan utzi du: aldizkariak baztertu ditu eta webguneen kasuan CIESen 2021eko Interneteko datuak ez ditugulako utzi gaitu kanpoan. Iaz berriz, kanpoan uzteko argudioa izan zen “egiturazko gastu gehien dituzten euskarriak” izan zituztela bakarrik kontuan. ARGIAk 2022ko banaketan honen ebazpenaren espedientea eskatu du eta zain gaude, irizpideak nola baliatu dituzten eta banaketa zehazki nola egin den xehe aztertzeko asmoz.
Irizpide eta baldintzak tarteko, inportantea da gogoratzea diru banaketaren deialdian Jaurlaritzak zehazturiko helburuak:
“Herritarrek informaziorako eta kazetaritza-eskaintza plurala, askotarikoa eta independentea izateko duten eskubidea” aldarrikatuz, “eguneroko informazioa ematen duten komunikabideen jarduera” bermatu nahi du deialdiak, eta bistan denez, ez du asmoa bete, besteak beste ARGIA kanpoan utzi duen heinean.
Jaurlaritzaren deialdiaren hitzetan, “pandemian zehar euskal herritarrek egiazkoa, profesionala eta egiaztatutakoa den informazioa izateko duten eskubidea bermatu dute eta gaur egun ere bermatzen dute, desinformazioaren arriskuari aurre eginez eta herritarren alfabetatze mediatikoan lagunduz”. Oinarri-oinarrian hori jarri du helburutzat Jaurlaritzak, desinformazioaren aurkako protokolo, lan molde eta kode profesionalen berri emanez txostena eskatu digu Jaurlaritzak, baina desinformazio horri aurre egiten laguntzen dugun hedabideetako batzuk kanpoan uztea erabaki du.
Euskarazko hedabideek euskara sustatzeagatik legez dagokien dirulaguntzetan jasotzen dutena baino diru publiko askoz gehiago ematen diete EAEko instituzioek gaztelaniazko hedabideei, tartean publizitate instituzionalaren bidez eta urte amaierako diru partida hau medio. Berriro ere, agerian geratu da diru publikoarekin zein indartzen eta zein baztertzen duten gure instituzioek, zeini ematen dioten sostengu ekonomikoa eta zeini ez, joko-zelai berdinzalea eraiki beharrean, desoreketan sakonduz. Euskarazko hedabideen arteko borroka sustatzeko arriskua ere badute halako banaketek.
Jaurlaritzaren deialdiak aldarrikatzen duen “kazetaritza-eskaintza plural” horren kontra doa batzuei eta besteei ematen dieten tratu desorekatua
Gaur egungo gizarteetan horrenbesteko boterea duen hedabideen sektorean, diru publikoaren eragina nabarmena da. Zein medio indartu, zeini lagundu bizirauten, zein baztertu... instituzioetatik erabakitzen dute. Gaur egungo panorama mediatikoan dauden botere harremanak ez dira ezerezetik sortuak, urteetan landutako soroa da. Kurioski, Jaurlaritzaren deialdiak aldarrikatzen duen “kazetaritza-eskaintza plural” horren kontra doa batzuei eta besteei ematen dieten tratu desorekatua.
ARGIAk harro aldarrikatzen jarraituko du bere independentzia, hein handi batean gure komunitateak posible egiten duena. Komunitatea osatzen dugun kideon arteko elkartasuna dugu oinarri.
Proiektua indartu nahi baduzu, egiten dugun kazetaritza independentea gustuko baduzu, orain, inoiz baino gehiago, egin zaitez ARGIAkoa.
Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]
Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]
Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.
The Guardian egunkari britainiarrak lehenbizi eta La Vanguardia katalanak (espainolez argitaratzen du edizio zabalduago bat, baina katalanezko bertsioa ere badu) erabakia jakinarazi zuten atzo X/Twitter sare soziala uzten dutela, desinformazioaren ukuilua bihurtu delakoan.
Igande honetan, azaroaren 17an estreinatuko da Barraka izeneko late-night formatuko programa, EITBren Primeran plataforman. Hiru Damatxok ekoitzi du umorez blaitutako ikuskizun bizia.
Elixabete Garmendia Lasa ormaiztegiarra emakume aitzindaria izan zen euskarazko kazetaritzan. 70eko hamarkadan 'Zeruko Argia' aldizkarian lanean hasi zenetik egindako ibilbide oparoari buruz mintzatzeko aukera izan dugu.
Bilboko Udalak eta zenbait hedabidek neska batek gaugiroan bizitako bortxaketaren berri eman zuten, biktimaren baimenik gabe eta modu sentsazionalistan. Emakumeak sare sozialetan bilatu zituen bestelako aliantzak, berbiktimizazioari aurre egiteko. Bere testigantza harilkatu dugu... [+]
Frantziako Gobernuak aurkeztu duen 2025eko finantza lege-proiektuaren arabera, irrati elkarteek jasoko duten laguntza ekonomikoa %35 murriztuko da. Murrizketak, hamar milioi euro gutxiagoko diru-laguntza jasotzea suposatuko luke. Irratien elkarteak esan du "lurraldearen... [+]