Ordalia epaiketa bat da, akusatuak Jainkoaren aurrean egin beharrekoa bere fedea eta zintzotasuna frogatzeko. Ordalias (AK-Athon Records, 2020) Ian Mason musikariaren lehen lan luzea da. Hamairu abestiz osatutako diskoan, musikari bizkaitarrak hamairu epaiketari egin die aurre. Diskoa aurkezteko kontzertu sorta berezia (dolmenetan, abandonatutako elizetan, basoetan, bide gurutzeetan eta abar) antolatu zuen iaz eta bidaia horren lekuko da Ordalias, el viaje (Twobaskos, 2021) dokumentala. Eduardo Pascual Ausucuaren gidaritzapean bidaiaren geldialdi, bizipen eta gogoetak irudi ederrekin lagunduta aurkeztu zaizkigu. Ordubeteko dokumentala Bermeoko Mareak Jaialdiaren egitarauaren barruan aurkeztu dute.
Ian Masonen bidaiak helburu bat dauka: Jainkoarekin bat egitea eta haren aurrean epaitua izatea. Ez da ulertu behar, inolaz ere ez, Jainkoa zentzu kristauan. Ian-en bidaia espirituala da, guztiz, baina ez du erlijio ofizial baten etiketarik izango. Hasieratik argi utziko du ez duela bere helburua lortu. Orduan, zertarako berak egindako bideari arreta jarri? Zertarako, huts egin badu?
'Ordalias, un viaje' dokumentala
Noiz: urriak 16
Non: Nestor Basterretxea Aretoa (Bermeo)
Musikariak gitarraz eta lau lagunen konpainiaz gure arbasoentzat leku sakratuak izan zirenak bisitatuko ditu. Berea ez da nostalgia ariketa bat izango, ezta ezagutu ez duen iraganaren mitifikazioa ere, etorkizunera begirako jarduera izango da. Leku sakratu horien energia telurikoa kargatuko du, edo saiatuko da, agortuta dauden bateriak bailiran. Horrela, Ianek hainbat leku bisitatuko ditu: Argiñetako hilerria, Mendiluzeko Cromlech-a, Cambadoseko (Galizia) San Sadurniñoko dorrea, Santa Mariako monastegi abandonatua (Rioseco, Burgos) eta abar. Mapetan ezkutuan dauden lekuak bilatuko ditu, lehenengo geruzaren azpian gordetzen diren sekretuak aurkitzeko William Blake artistak bigarren begirada deitzen zuen horren laguntzarekin.
Esan bezala, Masonek bidea gitarraren eta lagun gutxi batzuen konpainiarekin egingo du. “Nirekin etorri nahi duena, etor dadila. Lekuko izan nahi duenak, bideari ekin diezaiola”, aipatu du musikariak. Ordalias diskoa kaleratu zuenean bere asmoa zen ohikoa den zirkuitutik atera eta, Erdi Aroko koblari ibiltarien antzera, musika zerbait bizia bezala ulertzea: artea lurrarekin eta pertsonekin lotzea, garatzen den zerbait organikoa bezala bizitzea. Musika egitearen zergatia argi du Ian Masonek: gizakiaren eta Jainkoaren lotura espirituala bilatzea estetika, sinbolo eta tradizioaren bidetik.
Bidea amaituta, edo, amaierako kredituen ondoren, Ianek bere buruarekin bat egingo du, bere mitologia propioarekin. Hori baita bidaiaren helburua: emandako pausuekin zure mundua ulertzea, zu zeu nor zaren jakitea.
Edurne Azkarate va dir enlaire des del micro de l'escenari que el cinema basc té poc basc en la celebració del Festival de Cinema de Sant Sebastià. La frase retrunyeix per la seva veracitat. En l'escena de l'arquitectura es pot repetir el mateix lema i estic segur que en altres... [+]