Kuriosoa behar du denda ezezagun bateko erakusleihoan dagoen postalean norbere familiako argazki zaharra ikustea, ezta? Arbasoei XX. mendean ateratako erretratua, etxean horren maitea duzuena… Lontxo Oiartzabali gertatu zaio ez behin eta ez bitan antzeko egoeraren bat bizitzea. Eta galdetuko duzu, irakurle, zertara dator orain familiako argazkien kontu hau? Bada zuk ere ziur asko ezagun izango duzulako lerro hauen gainean ikusten duzun argazkia, ARGIAren argazki mitikoa.
1925ean Juan Bautista Larreta Andoaingo Azelain etxeko nagusiak, Azelaingo jauntxoa ere deituak, ateratakoa da; orduko Zeruko Argiak berak eskatuta. Baina nortzuk dira ARGIA eskuetan duen mutikoa eta bere inguruan dituenak? Nori ari zaio irakurtzen astekaria sutondoan? Andoaindarra da argazkian ageri den familia ere, Oiartzabal familia. Lontxo Oiartzabalek kontatu dizkigu argazkiaren xehetasunak, oraindik mutikoa zen bere 12-13 urteko aita baita erretratuko kideetako bat. “Aitonaren atzean agertzen dena da gure aita” adierazi digu; “eta bere anaia gaztea da Zeruko Argia irakurtzen ari dena”. Bere aitaren aldeko sendia da, eta bertan dira Lontxoren aitona-amonak zirenak, izeba-osabak… bakarra falta da, Lontxoren osaba gazteena, 1925ean oraindik jaio gabea.
Maitea dute oso etxean argazkia. Espresuki astekariarentzat aterea izan zen, prestatutako irudia da, baina azken finean oiartzabaltarren familiako argazkia da; familiako altxor txikia. Gaur bizirik den oiartzabaltarren ondorengo bakoitzak du etxean arbasoen erretratua, baina Lontxok aitortu digu ez dela atera zen bakarra. Hiruzpalau argazki ba omen dira guztira, elementu batzuk lekuz aldatuta, batzuk jarri eta beste batzuk kenduta… Eskuineko egurrezko aulki horren gainean Txomin Agirreren Garoa eleberria jarrita dagoela ba omen da irudiren bat, adibidez.
Senideen oroigarria izateaz gain baserriarena ere bada, Sorabillako lurretan dagoeneko ez baita haren arrastorik, 1988tik. Bota egin behar izan zuten eraikuntzaren egiturak zituen arazo batzuk medio.
Santi Cobosen ahozko testigantzan oinarrituta, espetxearen erretratu bat da Zigor Olabarriaren Txori Urdinak liburua. Santi Cobosek (Leon, Gaztela, 1968) bizitzaren erdia eman du preso. Pairatu ditu torturak, jipoiak, muturreko isolamendua, FIES sailkapena; burutu ditu ihes... [+]