2004KO ABENDUAREN 30a, Eusko Legebiltzarrak Ibarretxe Plana onartu zuen Batasunaren ezinbesteko hiru botorekin –hiru alde hiru aurka–, honek aurreko aste eta hilabeteetan planaren aurkako jarrera argia erakutsi zuen arren. Ezustekoa tamainakoa izan zen euskal gizartean eta baita ezker abertzaleko oinarrietan ere.
Onartutakoa EAEko Estatutu Politiko Berria zen, hemen bere oinarrietako batzuk: EAE herri bat da; erabaki eskubidea du; bere herritarrek erabakiko dute zein harreman nahi duten Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako lurraldeekin, hauetako herritarrek erabakitzen dutenaren arabera ere; botere judizial autonomoa; hala nahi zuenarentzat euskal pasaportea; harreman zuzena Europar Batasunean; euskal selekzioak; erabateko eskumenak ekonomian, hezkuntzan, osasunean, hizkuntza politikan, segurtasun publikoan, ogasunean eta beste hainbat alorretan.
Ibarretxe lehendakariak Espainiako Legebiltzarrera eraman zuen 2005eko urtarrilean, baina estatutuaren erreforma eztabaidatzea ere ez zioten onartu PPk, PSOEk eta IUk. Esku hutsik iritsi zen Ibarretxe Euskal Herrira, aurreikusi moduan. Ezker abertzaleak ez zuen sostengatu, Ibarretxek ez zuen babes sendorik izan EAJren aldetik eta, batez ere, ez zuen euskal gizarte soberanista mobilizatu. Erregea bakarrik zen eta biluzik. Noiz ohartu ote zen hortaz?
Urte batzuk geroago ezker abertzaleak bere egin zuen Ibarretxe Plana eta ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioetan erabili zuen eduki gisa. Areago, 2015ean ere banderatzat erabiltzen du EH Bilduk eta EAJri berreskura dezala eskatzen dio.
Euskal soberanismoa Kataluniara begira dagoen honetan, irudika dezagun bestelako eszenatoki bat 2004ko Ibarretxe Planarentzat. Ezker abertzaleak sostengatzen du bete-betean eta bere indar politiko eta sozial guztia jartzen du haren alde; aldi berean, ETAk 2006an aldarrikatutako su-etena beharrean, 2011ko armen agurra iragartzen du. Bake prozesua abian jartzen da eta, aldi berean, Ibarretxe Plana dela-eta euskal soberanismoa haren defentsan ateratzen da kalera, EAJko oinarri oso zabalak harekin eramanez.
Nola geundeke orain? Batek daki eta gainera erabat samurra da iraganeko orrietan norberak nahi dituen ibilbide orriak marraztea, baina hausnarketa eta amets egitea ere libre dira.
CUP-EKO hamar parlamentariak egon litezke orain 2004ko abendu hartan Batasuneko 6 parlamentari –Josu Urrutikoetxea zen 7.ena eta ihes eginda zegoen jada– haien egoera antzerakoan. Dena da desberdina, jakina, baina CUPeko bi botok eman diezaiokete Kataluniako lehen gobernu independentistaren lehendakaritza Artur Masi edo ez. Pertsona bat ez da Estatutuaren erreforma oso bat, eta gainera, Batasunak botoak eman bazizkion ere, egiazko babesik eman ez zionez, Ibarretxe garra itzaltzen joan zen apurka Ajuria Eneko gotorlekuan. Iñigo Urkulluk hartu zuen ondoren jeltzaleen lema, eta gaur, ezker abertzaleak eta beste sektore subiranozale batzuk Ibarretxe hura botatzen dute faltan.
KATALUNIAKO plebiszitu gaueko datu pozgarrienetakoa izan zen niretzat CUPen emaitza iragarri bezain harrigarria. Baina Junts Pel Sík bi diputatu gehiago ez izatea penaz hartu nuen; orain, bai CUP bai JxSí beste egoera batean leudeke eta Mas barrutik eta kanpotik ezkerrerantz indar handiz bultzatzeko moduan, baina ataka honetan katramilatuta egon barik.
Kataluniako hainbat sektore independentistetan uste da, aldiz, hobe dela JxSí ez iritsi izana 64 eserlekutara, hala bi korronteek akordio sakonagoetara iritsi beharko dutelako eta horrek prozesua indartuko duelako.
Hala bedi, baina Masek azken bost urteetan egin duen ibilbidea ez da txantxetakoa, besteak beste, Kataluniako sektore autonomista oso zabalak independentziarantz bideratzea lortu duelako. Nork espero zuen halako ibilbiderik egingo zuenik? Batzuk bai eta gehienek ez, are gutxiago Euskal Herritik begiratuta.
Argi da pertsona bat ez dela giltzarri, baina une batean guztiz lagungarri izan liteke. Mas, gaur gaurkoz, areago kereilaren ondoren eta Europar Batasunean duen irudiarekin, prozesuaren balantzan traba baino ekarpena da. Zein lekutan, ordea? Erabaki gaitza CUPek eta JxSík esku artean dutena. Ea hemen baino hobeto asmatzen duten.
Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]