Sarean han eta hemen aurkitzen ditugun eduki gehienak, enpresa pribatu erraldoiek kudeatutako plataformetan daude. Euren baldintzapean. Badira beste alternatibak hala ere, EITBren Nahieran plataforma esaterako. Biltegi digital publikoen beharraz mintzatu gara sortzaile duen Iñako Gurrutxagarekin. Oraindik tabua den gaiaz ere hitz egin digu: edukien berrerabilpenaz.
Ohitu gara sarean zernahi bilatu eta aurkitzera. Telesailak, abestiak, irudiak… Ohitu gara, baita ere, guk geuk sortutako edukiak zabaltzera bertan. Amaigabea dirudien iturria bilakatu da. Baina eduki horiek biltzen dituzten plataforma gehientsuenak (Youtube, Facebook, Instagram…) enpresa pribatuen esku daude. Ondorioz, baita ikus-entzunezko, argazki eta abarrak ere. Zentsuratu egin ditzakete, saldu edo ezkutatu. Ba ote gara, oro har, erabiltzaileak horretaz jakitun? Hori kontuan izanda jokatzen al dugu?
Sarea ez da espazio askea
Euskal gazteek Facebooken duten jarrera aztertu duen Koldo Bizkarguenaga soziologoak uste du ezetz, ezer gutxi dakigula partekatzen ditugun edukien baldintza eta jabetzaren inguruan. “Bestela ziur nago hainbat euskal erabiltzailek ez genukeela gure argazki eta informazio pertsonalarekin Facebook bezalako enpresa batek etekin ekonomikoak atera dezan lagunduko”.
Ildo beretik, Interneten egonkortzearekin lilura orokor bat sortu zela dio, oraindik ere mantentzen dena. “Edozer egin, esan edo izateko aukera dagoela hedatu zen, baina sarea ez da espazio askea. Hori azpimarratu beharra dago”. Enpresa pribatuen zein estatuen kontrola nabarmena dela gogorarazten du Bizkarguenagak.
Askea ez den espazio horretan eta enpresa erraldoien artean, badira irabazi asmorik gabe edukiak bildu eta sailkatzeko lana egiten dutenak ere. Artelekuko Audiolab sailak 2005ean martxan jarritako Soinu mapa egitasmoa kasu. Xabier Erkiziak zuzenduta, Euskal Herri osoko soinu-grabaketak erakutsi, kontsultatu eta elkartrukatzen dituzte soinumapa.net helbidean. Norberak bere ekarpenekin mapa aberasteko aukera ere badu, eta eduki guztiak Creative Commons lizentziapean daude.
On-line artxibategia zerbitzu publiko gisa
Ikus-entzunezkoen alorrari begira jarrita aldiz, euskarazko biltegi nagusia EITBko edukia biltzen duen Nahieran plataforma da. 2011n jarri zuten martxan, euren ekoizpenak edozein unetan ikus ahal izateko aukera eskainiz. Baina ez da on-line telebista bat bakarrik, hasieratik izan du 33 urteko lana edonoren eskura jartzeko bokazioa.
Hala dio plataformaren sorrera gidatu zuen Iñako Gurrutxagak. “Niri Nahieran zerbitzu publikoaren ikuspegitik interesatzen zait batez ere, ez kontsumo ikuspegitik. Erakunde hau gizarteak mantentzen du eta fruituak gizartearentzat dira, eta horretarako, eskura egon behar dute”. Zentzu horretan, EITBtik kanpoko euskarazko eta euskal kulturaren inguruko edukiak ere bilduko lituzkeen artxibategia desiragarria litzakeela uste du. BBCk orain urte batzuk martxan jarritako Digital Public Space ekimena aipatzen du adibide gisa.
“Erakunde publiko eta erdi-publikoen edukien biltegi orokorra egitea zen proposamena, dena dokumentatuz, eta ikusgarri jarriz”. Ez du uste ordea proiektu horren lidergoa EITBren esku utzi beharko litzakeenik, susmo txarrak piztuko bailituzke. “Erakunde publikoek esku hartu beharko lukete horretan, eta elkarlana sustatu. Baina lehenengo pausoa da halako plataforma baten beharraz ohartzea; kontzientziazioa”. Ez du baztertzen Wikipediaren eredura hurbiltzen den egitura horizontalago bat, baina argi du eduki gehienen jabetza duten erakundeen eta elkarteen inplikazioa dela ezinbesteko.
Ikusi bai, jaitsi ez
Nahieran egitasmoak hasieratik oso harrera beroa izan zuela dio Gurrutxagak, baina uste du sortutako itxaropenen mailara ez direla iritsi. Maiz adierazi du edukiak jaisteko modua izango zela, baina gaur gaurkoz, ez dago horretarako aukerarik. “Beti dago jabetza-eskubideren bat, musika dela, gidoia dela… Ez dugu asmatu oztopo juridiko horiek gainditzen”.
Hala ere, espero du epe ertainean ahalbidetuko dutela hezkuntzan erabiltzeko baliagarriak diren edukien deskarga. “Pauso hori lehenago edo geroago emango da, ondorio juridikoen arriskua gure gain hartu behar badugu ere”. Dena dela, lan nekeza dela aitortzen du: “EITBn gaur egun audientzia datuak kaskarrak dira, eta kosta egiten da bestelako helburuak dituzten proposamenak onartzea”.
Berrerabilpena: hitz beldurgarri hori
Diru publikoarekin ekoitzitako edukiak jaisteko moduan jartzea zaila eta ez-ohikoa bada, are da nekezagoa nahi bezala berrerabiltzeko aukera uztea. “EITBn, eta oro har sektorean, aukera hori aipatze hutsarekin larritu egiten da jendea”. Kultura ulertzeko moduari dagokion zerbait dela uste du Gurrutxagak, eta bide asko egin beharko dela halakoekin beldurtzen den jendea limurtu ahal izateko. “Diru publikoarekin egindako zerbait, eta jada zabaldu dena, zergatik ez da izango baliagarria beste zerbait sortzeko?”
Beldur horren jatorria edukia kontrolatu nahia dela dio, baina, gaur egun, zentzugabetzat jotzen du nahi hori. “Azken finean, berrerabilpena zure edukia hedatzeko modu bikaina da. Zuk sortutako edukiak bizirik jarraitzen duen seinale. Harro egoteko modukoa izan behar luke”.
Zinemaren historian ez dira falta beste iturri batzuetatik lortutako irudiak erabili eta berrantolatuz sortutako ikus-entzunezko lanak. Baina gehiegi urrundu gabe ere, EITBren artxiboak sormenerako izan dezakeen balioa frogatua du Maria Ruido artista galiziarrak 2011n plazaratutako ElectroClass lanarekin. 30 urtean pilatutako irudiak bilduz Bilboko hiriaren eta langileriaren bilakaeran telebistak izandako eraginaz mintzo da bertan. Gurrutxagaren ustetan, lan horren emaitza bai, baina prozesua bera ez zen eredugarria izan, ekoiztetxe batekin proiektu bat aurkeztu eta baimena eskatu behar izan baitzuen. “Nik ez nioke hori eskatuko eduki publikoa erabili nahi duenari. Edonork izan behar luke horretarako aukera”.
Gurrutxagak aitortzen du Nahieran ez dela oraindik berak nahi lukeena, baina baikorra da aurrera begira jarriz gero. Kudeaketa erraztuko duen plataforma propioa ari dira garatzen, eta Brightcove etxearen zerbitzua erabiltzeari utziko diote hala. “Gaur egun edukiera mugatua dugu, eta ezin dugu artxibo osoa igo. Plataforma berriarekin aldiz, gure zerbitzarietan egongo da dena, eta errazagoa izango da jaisteko aukera eskaintzea ere”.
Berrerabilpenarena aldiz, eztabaida zabalago baten parte dela dio, eta ziur asko, gehiago itxaron beharko du.
PuntuEus-ek doako tresna erabilgarri bat jarri du edonoren eskura, webguneen segurtasuna erraz ebaluatzeko. Webtest.eus izeneko autoebaluazio-tresna honi esker, erabiltzaileek beren webgunearen segurtasun-maila modu sinple eta argian azter dezakete.
Què haig de saber? Amb qui haig de relacionar-me? On haig de viure? Amb aquestes responsabilitats, els éssers humans estem en el camí de viure la idea d'una bona vida en el si de les nostres societats. Si no sabem respondre correctament, per por de quedar-nos en els... [+]
Sabem que la intel·ligència artificial està representant molts camps en l'ésser humà: confort, velocitat, eficiència... Ens han fet creure que l'esforç humà és un obstacle en les necessitats de velocitat d'aquest món capitalista. Les agressions per a reduir les nostres... [+]
El 15 de novembre celebrarem a Errenteria-Orereta les tres jornades organitzades pels diferents agents que conformem Euskal Herria Digitala. Es tracta d'un taller d'autodefensa digital feminista i una xerrada sobre la digitalització democràtica.
Els membres de DonesTech... [+]