Arnold Gundersen ingeniari nuklearrak Fukushimaz dituen iritziak behin baino gehiagotan jaso ditugu zientziari buruzko atal honetan. Fukushimako leherketaz ia inork hitz egiten ez duen honetan, Gundersenek hitz gutxitan laburbildu du hango egoera.
Batetik, ingeniari estatubatuarrak gogorarazi du zentraleko 1, 2 eta 3 unitateak kalte izugarriak jasan zituztela eta egun zuloz beteta daudela. Zulo horietatik etenik gabe ari da ura isurtzen eta lurrazpiko urekin nahasten. Ur kutsatuaren zati handi bat Ozeano Barera doa, gutxi gorabehera 300 tona eguneko. Kontuan hartuz istripua gertatu zenetik 1.500 egun igaro direla, 23.000 kamioik meta dezaketen ura isuri da jada itsasora. Orain urtebete ezartzen hasi zen izotzezko hormak porrot egin du, ez baitu ur isurketa eragotzi. Egoera horrek hainbat hamarkada iraungo du.
Bestetik, Japoniako prentsaren jokabidea dugu. Japoniako botere politiko eta ekonomikoek ezarritako isiltasuna gaindiezina dela dirudi. Isiltasun horren azpian mehatxuak eta isunak daude.
Azkenik, datu ofizialen inguruko gezurrak aipatu behar dira. Gehienetan, gezurrak akatsak bailiran ezkutatzen dira, batez ere datu hotzei buruzkoak. “Garai hartan emandako datuetan huts bat zegoen, baina konpondu egin dugu” gisako argudioak erabiltzen dira.
Hamarkada luzetan hainbat azpiegitura nuklearren kudeaketan inplikazio zuzena izan duen Gundersenen hitzek ekartzen digute Fukushimako amesgaiztoa behin eta berriro gogora, batez ere Japoniako Gobernuak milaka pertsonari Fukushima inguruko lurretara itzultzeko baimena eman dienean. “Isiltasun legeak” eragindako operazio estetikotzat har ditzakegu Gobernuak bultzatutako itzulerak; izan ere, hamarkadak beharko dira minbizi kasuak azaleratzen hasteko.
Martxoaren 11n betetzen dira zortzi urte Japoniako Fukushiman gertatu zenetik historiako istripu nuklearrik larrienetakoa. Iaz, 2018an, eskaini bazituen lau erreaktoreetatik matxuratuena omen dagoen bigarrenaren lehen irudiak, aurten robota bertan sartzea lortuta berriak eskaini... [+]