Aurrekariak: disko bat, aurkezpen kontzertu batzuk eta horietan sumatutako giro beroa. Zure aurrekari penalakekin zuzenean lehen saioak egin ondoren elkartu gara Anarirekin. Elkarrizketa egin bitartean agertu dira zenbait arma, animaliaren bat eta lagun asko.
Tituluak deitu zigun arreta diskoa entzun baino lehenago ere: konkretuagoa da, ez da berdina disko bati Irla izan jartzea edo Zure aurrekari penalak...
Beste eremu batzuetako hitzak hartzeko ariketa kontzientea egin dut. Hemen zenbait hitz hainbestetan esan ditugu, sugerentea iruditzen zitzaidala horiek erabiltzea. Irla izanetik neukan gogoa beste hizkuntza bat erabiltzeko, hitzei beste leku batetik eusteko.
Klima sozialak eragin al du?
Bilaketa pertsonala izan da, baina egia da Armagabetzea bezalako letra bat orain egin dezakezula. Kanta arin bat, esanez “entregatu nituen armak eta zuloak non neuzkan…”. Bertigoa eduki nuen kanta horrekin, baina bestela ez. Nire bidearekin izan du zerikusia: hasieratik asko erabili izan ditut metaforak, bai naturarekin bai beste elementu batzuekin, niretzat beti oso sugerenteak dira.
Kantetan orain hitzak duela garrantzi handiena esan zenion Juan Luis Zabalari Berrian. Duela urte batzuk melodia lehenesten zenuela gogoan dut…
Musikari ikaragarrizko inportantzia ematen diot, baina niretzat kanta da bakarrik gitarrarekin, ahotsarekin eta hitzekin egiten dudan hori. Egoera horretan bilatzen dut, egoera horretan ematen dut aurkitutzat. Eta egoera horretan konturatzen naiz ez dizkiodala melodiari ematen letrari ematen dizkiodan bueltak. Kanta da halako gauza bat... zuk egiten duzu letra, egiten duzu doinua eta, benetan osatzen denean, derrepente “klak” egiten du; eta ez duzu ikusten non separatzen diren bata eta bestea. Badaude beste zenbait, ondo ikusten dituzun arren, imajina ditzakezunak beste letra batekin. Baina niretzat hori da, melodia horri pegatuta geratuko dena. Eta hor hitzek badute garrantzia.
Noski, ulertzen dut beste estilo batzuetan ez dela hala, niri ere gustatzen zaizkit bi esaldi dituzten kantak jotzen dituzten taldeak, beste dena instrumentuekin esaten dutenak.
Nolako soinua zeneukan buruan estudiora sartzerakoan?
Diskoa egiten hasten naizenean ez dut batere musikarik entzuten. Ematen du zuk daukazun ideia entzuten duzun horretan aurkituko duzula; Karlos Osinaga Txapek askotan esaten du, jendea grabatzera joaten denean badaukala disko bat, nolabait produkzio-eredu gisa erabiltzen duena. Nik behin ere ez. Disko honetan neukan sentsazioa zen kantak linealagoak zirela, ez zirela hain gitarreroak –nahiz eta zenbaitetan bost eta sei gitarra dauden–. Gero, hasieratik pasa nizkion Javi Manterolari. Banekien berak anbienteak egingo zizkiola. Prestatu genuen halako oinarri neutro bat, lasaia, gero Ager Insunza, Ander Mujika, Javi bera... sartu ahal izateko. Kolaborazio horiek beti entzuten ditut lehen aldiz estudioan eta kasu honetan, uste dut Javik asko jo duela diskoan, bere gitarrak asko eman dio. Adibidez, Orfidentalak piano kanta bat zen, bat-batean bera etorri, hasi riff hori egiten eta buelta eman zuen. Baina ez dago bilaketa konkretu bat soinuan, izan zitezkeen beste modu batera.
Badaude zure aurreko lanekin halako ispilu-jokoak. Arkimedes aipatzen duzu hemen, “Diogenesen sindromea” berriz Irla izanen…
Kasualitatez gertatu zen kutsu eruditu hori [barre egin du].
Hitz egin dezagun diskoko faunaz. “Animalia izua”-ren aipamenak Nacho Vegasek La gran broma finalen esaten zuen zerbait ekarri dit gogora.
Asko gustatzen zait Vegas, asko entzun dut eta aditzen dizunak eragiten baldin badizu, bera izan daiteke erreferentzia bat. Bere kanta borobilak dauden kantarik borobilenak iruditzen zaizkit. Orain Espainian kristoren maila dago letratan, Sr. Chinarro eta…
Diskoa idazten ari nintzela argitaratu zenean batek esan zidan, “bazkaltzera joan gara leku batera eta ondoko mahaian hizketan ari ziren zein animalia agertuko ote zen zure diskoan oraingoan”. Erantzun nion: “Ba oraingo honetan animalia ni naiz”. Horri buelta asko ematen aritu naiz.
Oreinek ere eman dute zeresana…
Beti esaten dut gauzarik sinesgaitzenak benetan gertatu egiten direla. Orein bat errepidean gurutzatzen zaizunean sentitzen zara Sigur Ros-en bideo batean bezala. Ba, behin bagindoazen kotxean eta gertatu zitzaigun, begira geratu zen gainera [barre egin du].
Animalia kontuekin segitzeko: Otzanak berezia iruditu zait, ez da egiten duzun lehen duoa baina badu zerbait...
Eneko Mobydickek ere izango du zerikusirik horretan. Deseraikitako kanta da, bi edo hiru eratan jo genuen entseguetan: lehenengoa oso gitarreroa eta mantsoa zen, “Mark Lanegan” deitzen nion maketa fasean. Baina diskoarekin aurrera egin ahala, ikusten genuen kanta asko zeudela gitarrekin; eta orduan hustea erabaki genuen. Eta halako batean, Mariano pianoarekin atzetik zerbait egiten ari zen eta hori utzi genuen aurrean. Askotan horrelako erabakiak hartzen dituzu, zerbait diferentea egiteagatik. Hustuketa horrekin bateria pila bat aditzen da eta nik uste Enekok kristoren rolloa eman diola.
2013ko Durangoko Azokan izan zenuten halako disko elkartruke bat. Nola sortu zen kanta hau elkarrekin egiteko asmoa?
Horren aurretik ez genuen elkar ezagutzen, ni bera zuzenean ikusita nengoen arren. Gero berak deitu zidan Usopopen Johnny Cashen bertsio bat egiteko eta… azkenean disko bat egitea kristoren aitzakia da. Atzera begira jartzean pentsatzen dut zenbat jendek jo duen nire diskoetan, ilusioa egiten dit, hori hor geratzen da nahiz eta gero zuk bakarrik joko duzun. Enekori ere ilusioa egin zion, amari deitu ziola esan zidan, “Athletic-etik deitu izan balidate bezala” zegoela esanez [barre egin du].
Zurekin aritzen diren musikariei ematen diezun garrantzia kontzertuetan aurkezteko moduan ere islatzen da: “Anari gara” esan ohi duzu.
Hori konturatzeke irten zitzaidan lehen aldiz. Uste dut Bartzelonan jotzetik gentozela, eta kanpoan beti galdetzen dizute “¿vosotros sois de la banda Anari?”. Nik uste dut horrelako batetik bueltan hasi nintzela “gabon, Anari gara” esaten. Baina egia da: ez bakarrik sentimentalki, artistikoki ere banda gara. Produkzio aldetik ere, normalean bakarlarien lanetan ahotsa askoz gorago egoten da, zenbait jendek esaten dit nire diskoak deserosoak egiten zaizkiola banda gehiegi entzuten delako… Produzitu ere banda bezala egiten dugu, zuzenean ere zikindu egiten dugu.
Rafael Chirbes idazlea Donostian izan zen duela pare bat urte eta esan zuen berak nobelak idazten dituela bizitze hutsagatik pilatzen duen lokatza gainetik kentzeko. Zertarako egiten ditu kantak Anarik?
Juxtu En la orilla irakurtzen ari nintzen disko hau idazten hasi baino lehen eta joan den astean [ekain erdialdean] heldu nion berriz. Ikaragarria iruditzen zait liburu hori. Disko bakoitzean nitaz eta nire momentuaz idazten dut, eta ez zait ateratzen jai arratsalde eder bati buruz idaztea. Adibidez, Otzanak saiakera bat da esplikatzeko zerbait edo norbait aukeratzen duzunean beste dena uzten duzula, eta aukera hori berresten joan behar duzula; fideltasunari buruzko kanta da. Ametsen eraiste neurtuak zutaz espero zenuenaz hitz egiten du… Oso esplizituak direla uste dut. Agian topikoa den arren, denak gara nahiko antzekoak, gure kontraesan guztiekin. Eta nik kantetan kontraesanak bilatu egiten ditut, metodo bezala erabiltzen dut. Saiatzen naiz gauzei beste alde batetik begiratzen eta hori sekulako iturria da idazteko.
Gero izenak jartzea dago. Adibidez, zerbait pasa duzunean, ez dauzkazunean oroitzapen onak, nola deitzen diozu horri? Diogenesen sindromea ikusten duzu nonbait eta zure buruari esaten diozu hori dela, “Diogenesen sindromea, baina buruan bezala; zergatik gordetzen ditut nik gauza hauek? Ez didate ezertarako balio”. Horrela egiten ditut letrak.
Publikoaren enpatia sumatzen duzu? Maiatzean Donostian egin zenuen kontzertuan entzuleak oso bero zeuden…
Jendea kantatzera etortzen dela sentitzen dut, bere barrutik pasatzen dela egiten duguna. Aurkezpen kontzertuak diskoa presentatu eta bizpahiru astera egin ditugu eta jendeak kanta guztien letrak zekizkien. Baten batek esan zidan, “disko berria egin beharko duzu”.
Inpresioa dut zure publikoa nolabait zure ibilbideari segika sortzen joan dela. Horrela bizi duzu?
Nire publikoa aldatu egin da, lehen nagusiki erreferentzia musikaletatik zetorren entzuleak nituen eta azkenaldian berriz, esango nuke letretatik iritsi direla entzule asko. Horren kontziente naiz. Bidehutsen barruan askotan hitz egiten dugu diskoak gutxi saltzen direla eta beti esaten diot Txapi, Lisabö entzuten duen pertsona batek 40 disko deskargatzen dituela eta tartean Lisabörena. Musikazale amorratuak dira. Anariren entzule mota batek berriz, urtean disko gutxiago erosten ditu, baina erosi egiten ditu, eta letra nahi dute eduki, eta… Gauza ederra da.
Quan parlem de compositors francesos, pensem en Claude Debussy i en Ravel. Hi ha qui es diverteix, defensant l'un o l'altre com el millor compositor francès de tots els temps. Francament, dos genis han estat absoluts, a conseqüència de les circumstàncies del seu temps. Van ser... [+]
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Res hem de perdre” diuen els baztandarras. I així és. Sempre han fet música per a gaudir, jugant i jugant entre quatre músics que han anat creixent. Des que en 2008 van crear el grup,... [+]
Fa temps que vam conèixer a Aitor Bedia Hans, cantant del grup Añube. En aquella època ens reconciliem amb BEÑAT González, ex guitarrista del grup Añube. Va ser en l'època universitària, quan els dos joves de Debagoiena van venir a Bilbao a estudiar amb la música en les... [+]
Festival Kutixik
Senar: A la Casa de Cultura d'Intxaurrondo, a Sant Sebastià.
Quan: 26 d'octubre.
---------------------------------------------
Es tracta d'una iniciativa musical sorgida en Donostialdea i que té com a objectiu "enfrontar col·lectivament la indústria musical... [+]
Grups d'òpera Don Pasquale de
Donizetti: GOSI i Cor de l'Òpera de Bilbao.
Solistes: S. Orfila M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castell, P. m. Sánchez.
Director d'escena: Emiliano Suárez.
Escenografia: Alfons Flores.
Lloc: Palacio Euskalduna.
Data: 19 d'octubre.
... [+]