Ezkontiderik bako ezkontzak, Rubensen tapizak, lurretik hamar zentimetro eskasera dauden kapitelak, horman tatuaturiko planoak... Ez dira gutxi hizki larriz jasotako historiaren zirrikituetan kiribiltzen diren ezkutuko pasadizoak. Hondarribiko alde zaharretik atera gabe, historia liburuetan hizki larriz eta ttipiz idatzitako istorio franko dago xokorik xoko, nork deskubrituko zain. Ez zara iraganak ustekabean harrapatuko duen lehena, eta ez zara azkena izango.
Bidasoa ibaiak kizkurtzen duen Txingudiko badiaren edertasuna, Jaizkibelen magaletako baso eta labar sakonak, Portuko ostatuen sukaldaritza “tradizional eta postmodernoa”... Erreklamo ugari ditu Hondarribiak.
Lerrootan, alabaina, ohiko ihesaldiak saihestu eta hiribildua izan zenaren harresien barnean gotortuko gara Koldo Ortega historialariarekin batera. Egun buru-belarri ari da Jasokunde eta Sagarrondoko Ama Birjinaren Elizako dorrearen, kanpaien eta ordularien berreskurapen lanetan, baina tarte bat atera du bistara egon arren hain agerikoak ez diren Hondarribiaren sekretuez gurekin jarduteko.
Zumarditik hasiko dugu alde zaharraren abordatzea. Galtzada-harrizko zolak erromanikotik gotikora eta barrokotik berpizkundera eramango gaitu, Kale Nagusian gora. Lehen geldialdia Santa Maria atean egitea dagokigu. Hiribilduak zituen bi sarrera nagusietako bat da. Garai batean zubi altxagarria izan zuen arren, egun arkua baino ez da geratzen. Gainean 1694ko hiriko armarria du.
Berau pasatuta ezkerrean utziko dugu “Margolarien txokoa”. Eraikin historikoz inguratuta egonda ere mende erdira justu-justu iristen den kale kantoiak bisitarien flash ugari bereganatzen ditu. Handik gora goazela ezkerraldean geratuko zaizkigu Udaletxea eta Zuloaga etxea. “XVIII. mendeko arkitektura zibil barrokoaren adierazle”, diosku Ortegak. Bien artean dago, hamargarren zenbakian, Fernando Artola Bordari olerkari eta idazlea sortzen ikusi zuen etxea”.
Parean, Pampinot Hotela edo Casadevantearren XVII. mendeko jauregi itxurosoa. Diotenez, bertan negoziatu zuten 1638ko setioko suetena. Eliza pasatuta iritsiko gara alde zaharreko muinoan den Arma Plazara.
Francisco de Iberok diseinatutako tenplua gotiko estilokoa da eta harresiaren arrastoen gainean eraikita dago. Kanpandorre atzeko horman elizaren planoaren aztarnak daude, Iberok berak harrian zizelkatu zituenak. Langileek beti begien aurrean izan zezaten jarri zuen bertan eta gaurdaino iraun du erdi-ezkutuan bezain “erdi-agerian”. Hortxe, dorrearekin izkina egiten eta lurretik zentimetro gutxira, zutabe baten buruan beharko lukeen kapitel bat dago, horman integratuta. Ez da elizaren bueltan den kondaira bakarra. Beste baterako utziko dugu, eraikinaren oinarrian diamantedun eraztun bat dagoela esaten duena.
Kontrako horman, aldiz, eliza Karlos V.aren gazteluarekin lotzen duen ataria dago. Bertan hormatuta, Eguzki Erregea handik pasatzeko eraiki zen atea. Frantziako eta Espainiako monarkien ordezkariek Pirinioetako Hitzarmena (Pirinioetako Bakea) sinatu zuten 1659an, Ortegak azaldu digunez. “Hitzarmen horrek Luis XIV.aren eta Filipe IV.aren alaba Maria Teresaren arteko ezkontza ere aurreikusten zuen. 1660an ezkondu ei ziren Hondarribian, baina jakin badakigu Eguzki Erregeak ez zuela zapaldu” haitz gibeleko hiria.
Barrokoko margolari entzutetsuenen artean dagoen Peter Paul Rubens Hondarribian dago egun. Ez bera, noski, bere obra baizik. “Lau tapiz bilduma egin zituen Rubensek bere bizitza osoan zehar eta horietatik bat” Arma Plazako paradorean –Karlos V.aren gazteluan– dago ikusgai, baina ez guztiz osorik. Bilduma osatzen duten zortzi piezetatik bi galduta omen daude.
Egungo eraikina Nafarroako Errege Antso Abarkak X. mende bukaera aldera eginarazi zuen gazteluaren gainean eraikita dago. “Kafetegian ikusten diren horma zaharrak dira aurrekoaren aztarnak”, Ortegaren hitzetan. 1968tik, “eskuz esku ibili ostean”, Turismo Paradorea da.
Alde zaharretik ateratzeke, Kale Nagusitik San Nikolas kalea hartuta iritsiko gara San Nikolas atera, eta Leiba Jeneralaren eta Etxenagusia Margolariaren kaleak zeharkatuta helduko gara berriro abiapuntura. Halarik ere, bidean topatu dugun sekretu andana –zinez andana– utzi dugu zuen begietara agertzeke, gure lekukoa nork hartuko eta istorio hauen lekuko nor bilakatuko esperoan.
Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]
Kondenatutako atzerritarren nazionalitateari buruzko datuak argitaratuko dituela adierazi du Erresuma Batuko Barne ministroak. Bide beretik, pasa den astean ezagutarazi zen Aste Nagusian atxilotutako 79 pertsonaren argazkiak filtratu zituela Ertzaintzak.
2002az geroztik Espainiako Estatuko hainbat kolektibotan infiltratutako hamabi poliziaren berri eman dute La Directa eta El Salto agerkariek. Nieves López izen faltsua baliatzen zuen Espainiako poliziaren kasua da publiko egin duten azkena. El Salto-k argitaratu duenez,... [+]
Militante eta ikerlari antiarrazistak abiapuntu argia adierazten du: arrazakeriaren aurka borrokatzea ez da zeregin psikologiko edo diskurtsibo bat, baizik eta egiturak desegiteko premia.
Espainiako Gobernuak urte amaierarako Defentsara bideratuko duen gastua Barne Produktu Gordinaren %2 izango da: 33.123 milioi euro. Sánchezek adierazi du erabaki horrek "Espainiaren segurtasuna bermatzea" eta armadaren baliabideak "modernizatzea" dutela xede.
"Bakearen" bidean, Errusiak proposatu du kontrolpean ez dituen lurraldeei uko egitea. Trukean AEBk hainbat onura emango dizkio, Financial Timesen arabera. Hala ere, Kremlineko bozeramaile Dmitry Peskov-ek abisu egin du: "Ez fidatu hedabideez, ezta errespetagarriak... [+]
EAEko Auzitegi Nagusiak agindu ostean eskola kirolaren aurkako epaia berehala betetzeko, Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi du erabakia "onartu eta errespetatu" egingo duela, helegiterik ez duela aurkeztuko, eta aurrez Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako kasazio... [+]