Egun hauetan alderdi guztiek aztertu dituzte hauteskundeetako emaitzak. Ekonomiaren ikuspuntutik ere azterketa egin beharra dago.
Lehenengo ondorioa: euren burua ezkerrekotzat duten Euskal Herriko indarrek 750.000 boto lortu dituzte, eskuinekoak izan daitezkeen 600.000 botoen aldean. Agian egongo dira ezkerrekoak diren pertsona ugari abstentzio aktiboa egiten, euren erreferentzia politiko ohikoak zigortu nahi izateagatik edo aurkeztu den inorekin ados ez daudelako.
Bigarren ondorioa: Horrek guztiak kapitalismoaren kontra egiteko potentzial apartekoa osatzen du eta modu egokian kudeatu beharko litzateke, ezkertiarren artean dauden ezberdintasun ideologikoak kontuan edukita. Potentzial hori beharrezkoa baita –eragile sozial, sindikal eta herrikoiekin batera– kapitalismoaren kontrako ofentsiba hasi eta jendartearen zerbitzura egongo diren politika ekonomiko eta sozialak sortzeko. Herritarrak erreskatatuko dituen ofentsiba bat behar da, deseginik dagoen ongizate estatua berregingo duena, langabezia ezabatuko duena, baita prekarietatea eta pobrezia ere. Berdintasunaren eta soldatak hobetzearen alde borrokatu behar da, pentsio duinen alde; eta etorkinen eskubideak errespetatu behar dira, jendartean bizikidetza eraikitzeko. Paradisu fiskalak ezabatu eta iruzurgileak zigortu behar dira, eta gehien dutenek –multinazionalak, banku handiak, aberatsak...– gehiago ordaintzeko fiskalitatea ezarri.
Hirugarren ondorioa: Jendarte justuago, orekatuago eta solidarioagoa eraiki nahi badugu, euren burua ezkerrekotzat eta antikapitalistatzak dutenek –hauteskunde programetan halaxe diote behintzat– horixe lehenetsi beharko lukete erabaki politikoak hartzeko orduan, beste arlo batzuetan dauden ezberdintasunak errespetatuz. Bistan da ezkerreko indarren artean ideia ezberdinak daudela, antikapitalismoaren inguruko ikuskeratik hasita. Baina oinarrian ados jarri eta kapitalismoari hortzak erakustea litzateke gure aldaketa politikoaren hasiera. Esperantza apur bat ekarriko lieke gazte langabetu, prekario, etorkin eta bazterketa soziala jasaten dutenei.
Les Hisendes Forals d'Araba, Bizkaia i Guipúscoa acaben d'extreure les dades de la recaptació, i hem vist que han rebut més diners que mai. Aviat anuncien que prendran el marge necessari per a la reflexió sobre la reforma fiscal, perquè no hi ha pressa ni necessitat especial... [+]