Hirira doan bidea
Natalia Ginzburg
Itzulpena: Pello Lizarralde
Igela, 2001
“Esan ohi da haur asko dagoen etxea alaia dela, baina nik ez nuen batere alaitasunik aurkitzen gurean”. Delia da modu horretan mintzo dena. Hamazazpi urteko neskatoa. Bost neba-ahizpen artean bigarrena. Azalea ahizpa du aurretik: “Azkar ezkondu eta, Azaleak egin zuen bezala, handik alde egitea espero nuen. Azalea hamazazpi urte zituela ezkondu zen”. Eta alde egin bai, baina nora? Bada, hirira. Hiriak ez du izenik, baina II. Mundu Gerra aurreko edozein herrixkaren ondoan dagoen hiria izan daiteke. Bidea, ordea, ez da beti izango ibiltzen erraza.
Ezkontza eta hiria, beraz. Hiria eta ezkontza. Bi horiek Deliaren zerumuga zedarritzen duten osagaiak. Hiria etorkizunaren sinbolo, aurrerabide, askatasunarena. Ez derrigor herria irrigarri utzita halere, ez bada urguilu txikia erakutsita: “Denak ez dira gu bezain sendoak. Gu nekazari artean bizi gara eta bera, aldiz, hiritik hurbilegi hazi da”. Baina beti ere hiria helburu, hiria xede, hiria jomuga. Eta ezkontza, emakumeak garaitsu hartan izan zezakeen aterabide bakar. Baina, batetik, gainontzeko emakumeen oharrak: “Emakumeari ezkontzen denean hasten zaizkion arazoak. Hor ditun haurrak oihuka, senarra zerbitzatu beharra, bizitza zailtzen duten aita-amaginarrebak”. Bestetik, Delia beraren asmo fermuak: “Pentsatzen nuen ezkondutakoan aske izan nahiko nukeela, eta primeran pasatu”. Noraezean ibiliko dute –“limoi bat bezain berde dago eta beti ahoa okertzen ari da”–, aldiz pertsona sendoa da –“esan nion ez nuela neskame jartzeko gogorik, eta nahiago nuela fabrikan lan egin”–, eta gauzak konplikatzean, desio bakar bat izango du: “Lehengoa izatera itzultzea, nire soineko azula jantzi eta egunero hirira alde egitea, eta Nini bilatu eta ikusi ea nirekin maitemindua zen, eta Giuliorekin ere pinudian ibili, baina ezkontzeko beharrik gabe”.
Hori denori estilo lau, xehe, soil batean azalduko digu Natalia Ginzburgek, hamazazpi urteko narratzaileari dagokion moduan, konplikazio narratibo handirik gabe, hausnar bereziki lodirik gabe, xalo-xalo eramaten gaituela lehen hitzetik azkenera, tentsioa mantenduz, atentzioa lotuz, gehiago gosez. Idazle italiarraren obrara sartzeko liburu aproposa iruditzen zait. Gerora etorri zirelako beste bi, Igela argitaletxean berean. Eta beti pentsatu izan dut Ginzburgek Pello Lizarralde bezalako idazle bat –ez bakarrik ona, halaber iradokitzaile– eraman bazuen itzulpengintzara –auskalo, motibo prosaikoagoak ere egongo ziren tartean–, derrigor izan behar zuela zer edo zer. Eta badu, alajaina, Hirira doan bidea zapaltzera ausartzen denak berehala igarriko dion bezala.
Festa i rebel·lia. Història Oral del Rock Radical Basc
Javier 'Jerry' Corral
Libros, 2025
------------------------------------------------
Javier Corral ‘Jerry’ va ser alumne de la primera promoció de Periodisme de la UPV/EHU, al costat de molts altres rostres... [+]