Akim ihesi
Claude K. Dubois
Itzulpena: Aztiri
Ttarttalo, 2014
Bitxia da Ttarttalo etxeak aurkezten digun Claude K. Duboisen liburu hau. Bitxia, arraroa delako; eta bitxia baita, bitxi bat bezala har dezakegulako gure artean.
Liburuaren izenburuak eta azaleko irudiak honen nondik norakoari buruzko hainbat pista ematen dizkigute; gerra batetik ihesi doan mutiko baten istorioa, alegia. Baina kontakizun horren egileak batik bat irudiak erabili ditu, eta hauen bidez kontatu digu Akimen istorioa. Liburua osatzen duten ia 90 orrietatik 11 orritan ageri da testua, luzeagoa eta laburragoa, baina hurrengo orrietan irudien bidez narratuko zaiguna kontatzeko.
“Badirudi Akimen herrixka gerratik urrun dagoela. Akim eta beste haur batzuk beren itsasontzi txikiekin jolasean dabiltza (…) Ilunabarrean, burrunba ilun bat eta tiroak entzun dira zeruan. Gero eta handiagoak dira burundarak” eta herrixkako lasaitasuna eta zeruko gerra hegazkinen bonben ondorioak ikus ditzakegu hurrengo orrietan. Ondoren, “Akimen herrixkan, bizilagun guztiak korrika hasi dira, batera eta bestera (…) bere etxea txikitua dago, eta ez dago inor han. (…) Akim bakarrik gelditu da jende oldearen erdian”.
Eta ia kolorerik ez duten irudi zuri-beltzen bidez Akimen ihesaldia eta familiaren bila eginiko bidaia kontatuko zaigu hurrengo orrietan. Heriotza, indarkeria, laguntasuna, babesa… gertakari eta sentimendu ugariren lekuko izango da irakurlea Akimen istorioan zehar. Kanpaleku batera ere iritsiko da eta han “seguru sentitzen da (…) baina bere etxekoengan pentsatzen du etengabe, eta ikusi dituen gauza guztietan. Ezin du jolas egin beste umeekin”. Narrazio ia telegrafiko horrek irudien bidez garatzen diren ideiak azaltzen dizkigu, eta horixe da agian liburu honen bertutea, baina aldi berean akatsa, izan ere, irudiek indarra galtzen dute aurretiko narrazio horregatik… ez baldin bada narrazioa helduak irakurketa bideratzeko eta, ondoren haurrari irakurketa autonomoa irudien bidez uzteko aukera egiten dela.
Bai kasu batean bai bestean liburuak indar handia du, kontakizuna gordina da nahiz eta amaiera ia zoriontsua izan (bada Akimi laguntzen dion sendagile bat eta amaieran: “Askotan, Akimek ezin izaten dio negarrari eutsi, faltan botatzen ditu etxekoak eta lehengo bizitza. Egun batean, kanpalekuko arduradunak dei egin dio. Bere ama aurkitu dute…”). Irakurleak badaki Akimen istorioa ez dela fikzioa, Akim ez dela lehengoa izango, ezinezkoa dela lehengo bizitzara bueltatzea, eta gainera, tamalez, Akimen antzeko istorioak gaur gugandik ez oso urrun gertatzen ari direla.
Festa i rebel·lia. Història Oral del Rock Radical Basc
Javier 'Jerry' Corral
Libros, 2025
------------------------------------------------
Javier Corral ‘Jerry’ va ser alumne de la primera promoció de Periodisme de la UPV/EHU, al costat de molts altres rostres... [+]