Prime-time
John Andueza
Elkar, 2014
Helduen literaturan debutatu berri du John Anduezak (Oregon, AEB, 1966) Prime-Time eleberriarekin. Idazle lanez gainera, zinemagintzan, telebistako aurkezle, kazetari, zuzendari eta aktore lanetan ere aritu da. Esan daiteke beraz, eskuartean dugun intrigazko eleberri hau, bere ibilbide hibridoaren emaitza dela.
Intrigaren tratamenduak eleberriaren eraiketan garrantzi handia hartzen du. Bi maila desberdinetan landua izateagatik trama bikoitza sortzen dela iruditu zait. Alde batetik, krimen kateatuen kasua argitu behar duen tramaren intriga, eleberri poliziakoaren funtsa, alegia. Eta bestetik, bi pertsonaien istorioaren gaineko tramak sortutakoa, soziologikoagoa, eleberri beltzari hurbiltzen zaiona. Hau da, pertsonaiek gaur bizi duten tragediaren tramaren intriga. Trama biek Prime-Timean, alegia, audientzia gehien biltzen den momentuan, bat egingo dute.
Bala eta Klemente Ertzaintzatik kanporatu zituzten, Irrintzi Operazioan hanka-sartze handia egiteagatik. Kolpe itzela izateaz gainera, bien arteko erlazioan arrasto traumatiko bat utzi duela konturatzen gara hastapenetik. Gaur, halabeharrez, detektibe pribatu gisa lan egiten dute, San Mames mitikoaren itzalpean.
Dei batek Bala eta Klementeren bizitzak astinduko ditu. Poliziaren ikertzaile ofizialek suizidiotzat hartu zuten kasua, Getxoko haitzetan hilik agertu zen komunikabideen munduko presentzia garrantzitsu batena, berriz ikertzeko eskatuko diete. Balak eta Klementek beren irudia garbitu ahal izateko erronka bezala jasoko dute dei hori. Behingoz, ofizioarekiko zorra ordaintzeko aukera ezin hobea heldu zaie. Gauzak konplikatuz joanen dira, heriotzak gehituz doazen heinean.
Kasuaren tramak aurrera egin ahala, bi pertsonaien arteko erlazioaren istorioak denboran atzera egingo du. Iragana agerian geratzen den neurrian, Bala eta Klemente geroz eta biluztuago ikusiko ditugu. Bizitzaren beste bi biktima dira.
Sorpresaren elementua eleberri osoan zehar dago presente. Erruduna salatu dezaketen elementuak ez daude derrigor ezkutaturik, badira ebidentzia argiak. Baina errudunaren susmoa izanda ere, Anduezak istorioa bihurritzeko gaitasun izugarria azaldu du, ustekabetasuna eleberriaren ardatz bilakatzeraino.
Festa i rebel·lia. Història Oral del Rock Radical Basc
Javier 'Jerry' Corral
Libros, 2025
------------------------------------------------
Javier Corral ‘Jerry’ va ser alumne de la primera promoció de Periodisme de la UPV/EHU, al costat de molts altres rostres... [+]