Udaberria etortzearekin batera Ilargia protagonista bihurtu zen, egun batzuetan bederen, geure bizitzetan. Eguzki eklipsea ez da egunero gertatzen, eta eklipsearekin batera ilargia Lurretik oso hurbil baldin badago gertaera meteorologiko garrantzitsuak izaten dira. Ordu batzuetako iluntasunari itsas mareen bizitasuna gehitzen zaionez, gertaera horiek geure bizimoduan eragiten dute.
Aurten ikuskizunari kezka bat erantsi zaio, agian Lurraren historian lehen aldiz: eguzki energiaren aldeko apustua egin duten herrialdeek eklipseak iraun bitartean euren energi produkzioa %5etik gora murriztu izana. Egia esan, itsasoko energiaren aldeko apustua egina balego berdinduko litzateke eguzki energiaren galera.
Eklipsea dela-eta protagonista izan den ilargiak badu Lurreko herrialde aberatsenek amesten duten lehengaia: helioa. Bi protoi eta bi elektroi dituen elementu hori oso eskasa da gure planetan, %0,000137 baino ez, baina ez da gauza bera gertatzen ilargian. Helioa eguzkian eta izarretan sortzen da, eta eguzki-haizeak garraiatzen du, baina Lurreko atmosferak eta eremu magnetikoak ez diote lurreratzen uzten. Ilargian ez da halakorik gertatzen, eta hala, uste da une honetan 100.000 tonatik gora helio dagoela hango gainazalean.
Helioa erregai garbia eta ahalmen kalorifiko handikoa da, oso aproposa zientzialariek amesten duten fusio nuklearrean erabiltzeko. Hainbat kalkuluren arabera, ilargian dagoenarekin gizakion behar energetikoak ase litezke datozen 10.000 urteetan.
Orain hobeto ulertzen dugu ilargian egoitzak instalatzeko hainbat herrialdek duten interesa. Egia da handik gas preziatua hona ekartzea ez dela erraza izango, baina nonbaitetik hasi beharra dago.
James Webb teleskopioaren lehen irudiak eta datuak aurkeztu dituzte: unibertsoari inoiz ateratako argazkirik sakonenak eta exoplaneta baten espektroskopia-datu zehatzenak. “Kosmosaren ikuspegi berri eta iraultzaile bat”, Bill Nelson NASAko administratzailearen... [+]
Zulo beltz baten lehen irudia aurkeztu du Event Horizon Telescope proiektuak. Mesier 87 galaxiaren erdigunean dago, 55 milioi argi urtera.