Letrak eta Tripak zuen izenburua joan den otsailaren 20an Sareinak taldeak antolatutako mahai-inguruak. Literatura eta feminismoa ardatz dituen taldeak letra bidez tripak agerian utzi dituzten hiru idazle bildu zituen Basauriko Marienea emakumeen etxean. Sareinaken zortzigarren urteurrenean, Irati Goikoetxea, Ana Malagon eta Danele Sarriugarte izan ziren gonbidatuak, bakoitza bere liburuarekin –Andraizea; Lasai, ez da ezer gertatzen eta Erraiak, hurrenez hurren–.
Hiru liburu desberdin, hiru idazle zeharo diferente, eta denek haragia ageri-agerian liburuetan. Tripetatik idatzitako letrak bai, baina mahai-inguruan erakutsi zutenaren arabera, bada iragazkirik paperera heldu aurretik. Sarriugarteri irakurle batek esana zion tripetatik hitz egiten duenak ez lukeela horrela idatziko, “zurea oso arrazionalki idatzitakoa da”. Ana Malagoni liburuko pasarteek memoria lana eskatu diote, tripak bai, baina denboran jasotako istorioak ere badira.
Irati Goikoetxeak, bera hanketatik zintzilik irudikatzeko eskatu zigun. Tripetakoak ahora erori zaizkio eta hortik atera. Barrutik kanpora ateratzeko beste modu bat, ahoz gora irakurtzea, halaxe egin du Goikoetxeak bere liburuarekin, eta Malagon ere akordatu da berak ere gauza bera egin duela.
Gorputza, haragia, buruaren galbahetik paseak. Sarriugartek esango du burua ere gorputza dela; Goikoetxeak berriz, haren lanean pentsamenduak erabateko presentzia duela. Malagonek dio oso arrazionalki eman daitekeela nazka, adibidez.
Goikoetxeak axaleko presentzia jolastiaren eta sakoneko sentimenduen arteko oreka bila nola ibili den azaldu zigun. Gorputz atalak, lepoa, belarriak, ipurdia… jolasti erabili ditu askotan, isuriak bideratzeko. Jolasean bai, baina inkomunikazioa, bakardadea, beldurra, jakin-mina, hutsunea... transmititzeko. Sarriugartek alderantzizkoa egin omen du bere liburuan, gorputzaren isuriak prozesu fisiologikoen bidez adierazi ditu, desmitifikatzeko eta desromantizatzeko intentzioz.
Liburuan ageri den haragia nolabait multzokatzeko ariketa egin zuen Malagonek, eta lau talde atera zitzaizkion: bortizkeria fisikoaren testuingurua; heriotzaraino daraman gainbehera fisikoa; autogorrotoa gorputzaren kanalizazio bezala; eta gorpuzte ezinaren multzoa, haragi egiten ez diren istorioen multzoa.
Goikoetxeak takoi gainean dabilen emakumearen metafora polita atera zigun liburutik mahai-ingurura. Zer senti dezake takoi gainean dabilenak? Takoirik ez daramana senti al daiteke takoi gainean dabilena bezala? Takoiak behar al dira indartsu sentitzeko, agertzeko?
Joan Tartas (Sohüta, 1610 - data de mort desconeguda) no és un dels escriptors més famosos de la història de les nostres lletres i, no obstant això, descobrim coses bones en aquesta “peça mendre” el títol de la qual, admetem-ho des del principi, no és probablement el... [+]