Kontzertu baten itxura dauka Donostiako Kaxilda liburu dendak otsailaren 4ko arratsaldean elkartu den jende kopuruarengatik. Munduan egiteko dauden gauza guztien artean eta, hotzaren beldur, bertan behera utz daitezkeen plan guztiak kontuan izanda, ez da makala. Ibon Egaña Etxeberriaren Izan gabe denaz saiakera argitaratu berriak du meritua. Haren aurkezpena baliatuz antolatu dute mahai-ingurua: baterian Leire Lopez Ziluaga, sartu eta atzeko lerroetan lekuren bat aurkitu dugunerako literatur kritikaren funtzioaz hizketan jarriak ditu Iban Zaldua (sintetizadorea), Iratxe Retolaza (gitarra) eta Egaña bera (ahotsa).
Zalduak “aberriaren deia” aipatzen du, alegia, “euskal literatura eraikitzeko” egiten dela kritika. Eta zentzu horretan, balio beharko lukeela irakurri behar litzatekeen liburua seinalatzeko bezainbeste, arreta handia jaso duen lana zalantzan jartzeko. Retolazak punteo batekin erantzuten dio, berak ez duela kritika ulertzen irakurri behar diren edo ez diren liburuen katalogo bezala, galderak sortuko dituen diskurtso gisa baizik. Eta orduan entzuten dugu Egaña frontmanaren ahotsa lehenbizikoz, esanez liburuan landu duen alorrari dagokionez behintzat –hedabideetan argitaratzen den kritika–, obren balorazioa egitea badela prentsako iruzkingilearen zereginetako bat.
Klasiko batzuk jo ditu laukoteak, besteak beste, euskarazko kritikagintzak izan duen jarrera pendularraren gaia. Nola pasa den formari bakarrik –edo nagusiki– garrantzia ematetik gaur egungo kritika soziologikoagora. Eta erdibidearen premian bat egin dute denek, nahiz eta kanta bukatu denean ez den oso argi geratu non artikulatu litezkeen liburu baten alderdi estetikoa eta soziala –imajinatzen dugu, aldiro kritikariak bere buruarekin eta bizi duen testuinguruarekin negoziatzen duen zerbait dela–.
Azken diskoko pieza bat ere atera da mahai gainera, Egañak aipatu baitu kritikek baino oihartzun handiagoa dutela azkenaldian liburuei buruz Twitterren esaten direnek. Ez hori bakarrik, gehitzen du Zalduak mahaiaren izkinatik: badira txioka iragartzen diren liburu kritikak ere, gero inoiz iristen ez direnak.
Beraz: legitimitate arazoak ote ditu ofizio ere deitzerik ez dagoen langintza honek? Zerk ematen dio kritikariari zilegitasuna? Lopezek abilki eraman du taldea azken konpasetara: Retolazaren ustez idazle jakin batzuekin harremana izateak, “koadrillak” –literaturaren inguruan mugitzen den talde gisa ulertuta– edo komunitate jakin batek –mugimendu sozial edo politikoek, berbarako– laguntzen dute posizio bat lortzen. Kritika negatiboek ere bai, gehitzen du Egañak, “norbaitekin” sartzen baldin bazara behintzat.
Bis baterako abiapuntua izan da azken kontu hori: posible ote diren liburuen kritika negatiboak euskaraz. Ba, segun eta non, segun eta nori, denak ados horretan. Euskal literatura existituko da bere buruari autokritika egiteko gai denean. Baina, urrun gaude hori lortzeko klimatik. Publikatzen diren kritika gehienak baikorrak edo oso baikorrak direla aipatzen du Egañak liburuan. Unibertsoan parekorik ez duen literatura daukagu ala “Mozal legea” baino lehenagoko zentsurak ezarri dizkiogu gure buruari, auskalo zeren mesedetan?
Compte amb aquesta mirada del Sud. En primer lloc desmitificar la cega admiració de la terra verda, de les cases blanques i de les teules vermelles, l'amor incondicional, el fetitxisme associat a la parla i al suposat estil de vida. Deixa, com ha escoltat amb freqüència Ruper... [+]
Parlem clar, sense embuts, sense haver de moure's més tard per a dir el que havia de dir: aquest joc, que consisteix a ajuntar les lletres en basca, el va passar Axular. Gairebé tan aviat com s'inventa el joc, de tal manera que en la majoria de les pàgines de Gero l'autor fa... [+]