Larzabale, 1975. Euskal filologoa. Irakaslea. EH Baiko eleduna. Martxoko departamenduetako bozetan hautagaia Amikuze eskualdean. EH Bilduk eta EH Baik Euskal Bidea aurkeztu zuten –Irungo FICOBA erakustazoka– egunaren bezperan elkarrizketatu genuen Donibane Garazin.
Hiru urte dira ETAk jarduera armatua betiko utzi zuela. Ondoren, besteak beste, Baionako Adierazpena azpimarratua izan da bake eta bizikidetzaren bidean. Zer iritzi duzu lortutakoaz?
Ipar Euskal Herrian hainbat gauza lortu dira, Hegoaldean ere bai, baina oro har, oraindik ez da lortu Espainiako eta Frantziako estatuen jarrerak aldatzea. Hala ere, behin eta berriz esanagatik, batetik, badago aldebakarreko ekimen bat, urratsak ematen ari dena, eta bestetik, intrantsigentzia izugarria duen aldea. Hasieratik bagenekien gure urratsek ez zutela bi estatuen jarrera aldatuko. Alta, guk gure bidean sakontzen badugu estatuen aldaketa etorriko da. Baionako adierazpena edo hitzarmena adibide bat da, agian ez zaio duen inportantziaren araberako oihartzunik eman, ez Euskal Herrian, eta hemendik kanpo are gutxiago.
Zertan funtsatzen da Baionako hitzarmenaren balioa?
Hasteko, ibilbide orria Frantziako Estatuari begira egina izatean: orokorra eta zehatza da. Orokorra: gatazkaren ondorioei buruzko neurriak planteatzen baititu, eta aipu egiten diolako gatazkaren funtsari eta ezagutza instituzionalaren ezari. Hori funtsezkoa da gatazka konpondu ahal izateko. Zehatza da, adibidez, presoen gaiari dagokionez, beraien eskubideak eta birgizarteratzeari buruz eman beharreko urratsak puntuz puntu idatziak direlako. Halaber, kontuan hartu behar dira hitzarmenaren izenpetzaileak. Nahiz beren izenean sinatua izan, ez beren alderdien izenean, adierazpenak Ipar Euskal Herriko eremu politikoa zedarritzen du.
Alta, zein neurrian ez da politikari horiek mugitzeko duten beharrarengatik. Hots, gauza bat da sinatzaile horien nahia eta beste bat sostengatzen dituzten herritarren inplikazioa.
Hori horrela ulertuta ere, nik ez diot garrantzirik kentzen. Max Brisson edota Jean-René Etchegarayk Hitzarmenaren terminoetan jendarteari hitz egitea urrats izugarria da. Hain ziur, ez dute beren boz-emaile guztien nahia agertuko, baina hartu duten engaiamenduarekin gatazkaren dimentsioa beste eremu batera eraman dute. Izan ere, jendartearen parte-hartze handiagoa behar da, populazioak bere egitea gatazka konpontzeko beharra. Hau da, gatazka konpondu beharra ez da abertzaleen arazoa soilik, gaiak haiek ere hunkitzea lortu behar dugu. Hitzarmenak estatuari neurri zehatzak eskatzeaz gainera, arazoa ez dela abertzaleen eta estatuaren arteko auzi soila agertzen du. Euskal Herriak marko politiko bat behar duela dio ere bai. Horixe bere bertutetako bat.
Intza Oxandabaratzen aldeko manifestazioa izan da Donibane Garazin. Ez dadin espetxeratua eskatu dute ehunka herritarrek.
Hau da, antolatzaileek gatazkaren konponbidean posizionatzeko deitu dituzte hautetsiak, hori izan da mobilizazioaren ezaugarrietako bat. Herritar baten alde agertu dira neurri errepresiboak salatuz. Manifestazioa jendearengana heltzeko xedez egin da bereziki. Garazin eta bi auzo eskualdeetako 230 hautetsik galdatu dute Intza Oxandabaratz preso ez sartzea. Hautetsien mozioen bidez aldaketa sortzen ari dela ikusten da. Populuak aldaketa nahi du. Manifestazioa Baionako hitzarmenaren espirituari lotua izan da.
Frantziako eskualdeak 22 dira eta 13 izanen heldu den urtean. Zer balorazio egiten duzu mapa berriaz?
Estatuak eskualdeen erreformari deszentralizazioa deitzen dio, eta guretzat birzentralizazioa da. Eskualdeen karta berria ikusi besterik ez dago. Anartean, guk zer instituzio daukagu? Herriko Etxeak eta Herri Elkargo zenbait. Biarnesak eta gu nahasten dituen departamendua dago. Gogoeta premia handia dago eta galderak asko betiere: Euskal Herriko 280.000 biztanleak nola bildu pisua izateko makro-eskualde horretan? Nola antolatu eguneroko beharrei erantzuteko eta dauzkagun proiektuak Euskal Herrian aitzina eramateko? Barnealdeko edo euskal landetako 50.000 biztanleek zer eragin izanen dute makro egituraketa horretan? Euskal Herrian alta, hamarkadak dira hasi genuela euskal instituzioa eskatzen, euskal herritarren helburua argia da. Hala ere, kasu, estatuak egindako proposamenetan bide biziki bihurgunetsuak daude. Gakoa da bide horietan gu ez galtzea.
Lurralde Elkargoa izan da abertzaleen eskaera urteotan. Berriki, Herri Elkargoa aukera aurreikusi da, prefetak proposatua hain zuzen ere.
Mehatxua handitzen doa azken urteetan. Euskal Herriak premiazko erantzuna behar du. Konpetentzia nahiko ukanen dituen egitura behar dugu, lurraldetasuna behin betikoz blindatuko duena.
Horiek horrela, zein da EH Baik azken unean aukera instituzionalari buruz duen jarrera.
Guretzat oinarrizkoak diren irizpideen arabera heldu diren proposamenak aztertu ditugu. Hauek dira gure baldintzak: instituzioak eskuduntza nahiko izatea, Euskal Herriko lurraldetasuna errespetatzea, herri ordezkariak hautaketa zuzenaren bidez egitea, itsasaldea eta barnealdea kohesionatuak izatea, eta egitura hori ebolutiboa izatea. Une honetan, aukerak ez datoz Euskal Herriaren eta Frantziaren arteko negoziaketatik, momentuan baldintzak ez dira ematen. Jean-Marc Ayrault lehen ministro zenak Lurralde Kolektibitateari ezezko borobila eman zion. Hemen eskaera adostua badago, baina Frantziako Gobernuak uko egin dio. Beraz, horren zain egon gabe, guhaurrek egin dezakeguna landu behar dugu.
Zer eta nola egin?
EH Baik –eta Baterak berriki– Herri Elkargoaren proposamenaren aldeko jarrera hartu du. Betiere oroitaraziz gure helburua zein den. Prefetak proposatutako instituzio berriaren aurrean onargarria dena adierazi dugu: instituzioa dena delakoa izanda ere, zein diren bete behar dituen gutxienekoak eta non diren marra gorriak. Gure bidea ez baita gelditzen Lurralde Elkargoan ez Herri Elkargoan, guretzat, abertzale gisa, bideak segitzen du. Ondoren Autonomia Estatutua eta Euskal Herriaren burujabetza lortzea ditugu xede. Urte bukaera bitartean Herriko Etxe guztietan izanen diren eztabaidetako lehen gaia hori da EH Bairentzat. Prefetak ezarri dituen hipotesi ezberdinen aurrean, herritarrek parte-hartzea eta ahalik eta gehiena erdiestea espero dugu. Lortuko dugun instituzioa dena dela ere.
Baikor erranik: euskal instituzioa eta lurralde markoa lortuko dira bi urteren buruan?
Lortuko dira baldin eta Ipar Euskal Herriko kontseiluek hala erabakitzen badute. Aldaketa hor dago. Bi bide daude: Estatuari galdetzea eta bere menpe egotea, edo bertan egiten dugun apustuari heltzea, hau da, legeak ematen dituen aukera hertsien baitan, bertako hautetsiek erabakia hartzea. 2016rako Herriko Kontseiluek Herri Elkargo bat nahi dutela berresten badute, bi urte barne izanen dugu egitura hori.
EH Bai koalizioa izatetik mugimendu izatera pasa da.
Orain arte hiru alderdi politikok osatu dute EH Bai (AB, Sortu, EA), batez ere hauteskundeetan aurkezteko. Koalizioan aritzeak EH Bairen izenean hartutako erabakiak hiru alderdi politiko horien izenean hartzea ekarri du. Azken urteetan, hauteskundeez harago joateko akordio estrategiko bat landu dugu. Gero, alderdiz kanpo dauden beste sektoreekin amankomunean aritzeko urratsa eman dugu. Emandako urratsekin, koaliziotik mugimendura iragan gara, alderdi politikoek erabakiak hartu ordez, ezkertiar eta abertzale direnek ere erabakiak hartu ahal izateko.
Eta zer pisu dute mugimenduan alderdiko kideak ez diren ildokoek?
Ez da planteatzen ildo bidezko mugimendua. EH Bai berritua osatua izanen da tokiko taldeen bitartez, zuzendaritza osatua da tokiko taldeen ordezkariekin. Aldaketa hori da, handia.
EH Bai aldatzen da funtsean?
EH Bai berrituan oinarri ideologiko eta politikoak berretsi dira. Funtsean ez da aldatzen, ez da proiektu politiko berria, ez dugu politika ezberdina defendatuko. Ezkertiar mugimenduko pertsona gehienak ez dira hiru alderdi horietan afiliatuak izan, alabaina, EH Bairen eragin handiena bozetan izan da. Nolabaiteko inkoherentzia bazen hala ere, zeren eta ezkertiar abertzale eremu osoa ordezkatua izan arren, hiru alderdi politiko nagusiek kudeatua izan da, orduan inkoherentzia horren aitzinean prozesua garatu dugu EH Bai berritu ahal izateko. Oraingo aldaketa handiena izaeran dago, mugimenduaren antolaketan eta ibilmoldean eragingo duena. Ibilmolde berriarekin eskualde guztietan egituraketa berria eratzea nahi dugu, erabakiak hartzeko molde berri bat, orain arteko oinarri politikoak berretsita noski.
Departamenduetarako bozak dira martxoan. Azkenak ote?
Azkenak... Ez da aise hori erantzutea. Harrigarria bada ere, ez dakigu. Hori da gobernu sozialistaren (PS) ibilmolde politikoaren ondorioa. Nahasketa bat. Erreforma alimalea omen da martxan, baina ez dakigu noiz bukatuko den. Hauteskundeak heldu dira: Kontseilu Nagusiak hautatu behar dira, departamendurakoak, baina ez dakigu kontseilariak zein eperako izanen diren hautatuak. Demagun, departamenduak ez direla guztiz desagertzen. Beren eskumenez hustuak izanen al dira? Ez dakigu. NOTRe lege proiektuaren arabera (Errepublikaren Lurralde Antolaketa Berria) egitura berriek zer konpetentzia izanen duten ere ez dakigu.
Edonola ere, bozak esanguratsuak izanen dira EH Bairentzat?
Kontseilu Nagusiak desagertuko direla diote, salbu (Lobby ikaragarria egiten ari dira hautetsi batzuk) baserri eremuetan. Orduan, Pirinio Atlantikoetako departamendua egon liteke, bere izenarekin. Baina, ez dakigu. Alabaina, aldatu dena bozkatzeko eremua da. 12 kantonamendu dira Euskal Herrian eta lehen aldiz, bozak batera izanen dira. Horrek EH Bairen pisua erakutsiko du. Areago, maiatzean Hego Euskal Herrian hauteskundeak izanen direla kontuan hartzen badugu, abertzale ezkertiarren pisua agertuko da garai bertsuan Euskal Herri osoan.
Zein testuinguruan kokatu behar dugu Euskal Bidearen aurkezpena?
Testuinguruak, batez ere, Europan erabakitzeko eskubideen inguruan izan diren bi gertakari inportanteek ezarri dute: bat Eskoziakoa da eta Kataluniakoa bestea. Bi lurralde horietan izan diren gertakariek autodeterminazio eskubidearen aldera haize berria ekarri dute. Biak dira eredugarriak guretzat, bai Eskozian gauzatu den erreferenduma egiteko lana, bai Katalunian eramaten ari den prozesua. Alabaina, Euskal Herria ez da Katalunia ez Eskozia, beraz, Irunen azaldutako proposamenaren helburuetako bat prozesua garatzeko gure bidea aurkeztea izan da. Proposamena Euskal Bidea egitasmoan bildua dago, autodeterminaziorantz doan bidea da, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko behar ditugun urratsak daude, baita bidea lantzeko moldeak ere.
Berritasuna zertan datza?
Erabaki batean oinarritzen da funtsean: Euskal Herriaren barne aniztasuna ikusita, errealitate administratibo desberdinak daude, errealitate sozio-ekonomiko ezberdinak ere hein batean; bada, gure asmoa helburu bakarrerantz abiatzea da erritmo ezberdinetan, urrats berezituak emanez. Zentzu horretan, kontsultak ere ezberdinak lirateke eremu ezberdinetan. Horiek dira ezberdintasunak, hau da, onartzea herritar guztiek erabakitzeko eskubidea dutela, baina bide horretan etapa ezberdinak izanen direla jabetzea, prozesu berezituak hiru eremuetan.
Hiru errealitate horiek elkarrengandik urrunxeago daude, demagun, duela 20 urte baino?
Niretzat hurbilago daude: jendea gehiago mugitzen da, gazteek aise harreman truke gehiago dute hiru lurraldeetan, eta gero, ekonomiari dagokionez, askok eta askok, abertzaleez haratagoek ere, ulertu dute aise aukera gehiago daudela Iparraldeak eta Hegoaldeak harremanak batera garatzen badituzte. Halaber, politikan, nahiz eta bide gogorra eta korapilatsua bizi izan dugun, nolabaiteko esperientzia bizi izan dugu bi aldeetako herritarren artean, Iparraldeak eta Hegoaldeak bide egin dugu neurri batean. Euskal Bidea proposamenarekin heldutasun batera iritsi garela erakutsi dugu. Adibidez, ez da tabu erratea Euskal Herrian errealitate ezberdinak daudela, ez da ukatzen, ordea, denak euskaldunak garela. Abiapuntua hori izanik, euskaldun soilik sentitzen garenok gure nazio eskubideak ezagutuak izatea nahi dugu euskaldun gisara. Hots, Euskal Herrian errealitate ezberdinak daudela jakitun, horren araberako bide bat proposatu dugu.
Frente Herritarrak irabazi ditu hauteskunde legegileak Pirinio Atlantikoetako seigarren hautesbarrutian, Peio Dufau izanen delarik diputatu heldu diren urteetan. Bozen %36,28 bildurik, 27 117 bozekin, historiako lehen diputatu ezkertiar abertzalea izanen da. Haren gibeletik,... [+]
Qui podia preveure que en 2024 el candidat d'EH Bai, Peio Dufau –que té com a substitut a Marie Heguy-Urain–, seria diputat? La campanya i l'estratègia contra l'extrema dreta han funcionat. Ipar Euskal Herria no enviarà a cap feixista a l'Assemblea Nacional francesa. Fins... [+]
Hendaiatik Miarritzera eta Larresorotik Sarara hedatzen den seigarren hautesbarrutian, EH Baiko hautagai bat izanen du Fronte Herritar Berriak.
Macron ha fet la seva roda de premsa el 12 de juny per a fer una lectura de les eleccions al Parlament. Sobretot ha tingut el moment de repetir que l'extrem dret i l'extrem esquerre són tots dos lanjeros exactament iguals. Encara que ha criticat l'una i l'altra, ha obert idees... [+]
EH Bai alderdiak herri orotan etxe hutsen eta bigarren etxebizitzen kopurua argitaratu du, herrietako sarreretan zenbait seinale ezarrita. Zuberoan bigarren etxebizitza eta etxe hutsen proportzioa %24,81ekoa da eta Larraine herriak du bigarren etxebizitzen kopururik handiena:... [+]
Frantziako legebiltzarreko bozendako hautagaiek ostirala dute azken epea izena ofizialki emateko Paueko prefeturan. Ipar Euskal Herria eta Biarnoa batzen dituen laugarren hautesbarrutian, sei hautagaik jadanik jakinarazi dute diputatu izan nahi dutela. EH Bai alderdiaren... [+]
Set dels dotze cantonamientos del País Basc continental competiran el 27 de juny els nacionalistes d'esquerra: Hendaia Hegoko Itsas Bazterra (s'ha tret la primera força en EH Bai amb un 29,3% dels vots), Donibane Lohizune (amb un 39%), Bidaxune-Amikuze-Oztibar (amb una segona... [+]