Ezohiko batzar nagusia egin zuen azaroaren 14an Hekimenek, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzetan bestelako politikak behar direla nabarmendu zuten sektoreko kideek. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hedabideentzako diru-laguntzak banatzeko irizpideak aldatu ditu aurten eta Hekimenen esanetan erabakia sektorearekin adostu gabe hartu du.
Irismena helburu, ez abiapuntu
Besteak beste, hedabideen irismenari garrantzi handiagoa eman dio Jaurlaritzak, baina Hekimenen ustez “helburua izan behar du” irismena neurtzea, “ez abiapuntu bakarra”.
Diru-laguntza politika eraginkorra izan dadin, sektoreko medioak ordezkatzen dituen erakundearen iritzitan, hedabideen sareak “gutxieneko” laguntza bat behar du: “Egun ez da bermatzen gutxieneko hori, eta handitu ezean irismena neurtzeko formula dena delakoa izanda ere, ez da nahikoa izango eta horrek sektorea ahuldu egiten du”.
Hausnarketa estrategikoa egiteko premia azpimarratu du Hekimenek. “Diru-laguntza politika aldatu behar da eta azken urteotan hedabideentzako aurrekontuek izan duten beherakadari buelta eman, enpresek produktua duintasunez kaleratzen jarrai dezaten”.
Irizpideen inguruan gogoeta egiteko prest dago sektorea eta Jaurlaritzak ere horretarako borondatea erakutsi duenez, elkarrekin lan egiteko gonbita luzatu du Hekimenek: “Orain, urratsak egiteko unea da”.
Elkarlanerako lau lan talde
Hekimenek lau lan talde jarriko ditu martxan batzar nagusiaren ondoren. Publizitatea, sinergiak, interneteko estrategia eta berrikuntza landuko dituzte, elkarlanean euskal hedabideek aurrean dituzten erronkak identifikatzeko asmoz.
Gainera, audientziak neurtzeko proposamena eztabaidatu eta onartu zuen batzar nagusiak: horrela, sektoreko euskal medioek sarean duten kontsumitzaile kopuruaren informazio eguneratua izango dute.
Mozioa EAEko Legebiltzarrean
EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk euskal hedabideei buruzko mozioa onartu zuten joan den astean Eusko Legebiltzarrean. Testuak Jaurlaritzari eskatzen dio azter ditzala euskal hedabideekin batera zein neurri hartu behar diren, “dotazio ekonomikoa barne”, hedabideen jarraipena bermatzeko.
El 25 de novembre, Dia Internacional contra la Violència Masclista, la Secretaria Feminista del sindicat Steilas ha publicat un cartell: El nostre cos és un camp de batalla, i tots els centres educatius d'Hego Euskal Herria l'han rebut. Volem denunciar la violència que... [+]