Larrun hau polemikoa suertatzen bada ez da izango proposatzen duelako bestelako sendabide alternatibo edo paralelorik Mendebaldeko medikuntza akademiko ortodoxoaren ordez. Orriotara herrialde garatuetako osasun sistema publikoetan aritutako profesional ezagunen elkarrizketa eta idatziak bildu ditugu, beren jakintza kritikoarekin herritarrari erabakiak hobeto hartzen lagungarri izango zaizkiolakoan.
Bularreko minbizia prebenitzeko mamografia kanpainak, kolesterolaren kontrako borroka bere produktuekin, lehen gaitz bakana zen orain osteoporosia 50 urtetik gorako jendeen sasi-epidemia bihurtzea eta prostataren minbiziaren inguruko beroaldia, lau adibideon ikuspegi kritikoa eskaini digute beren lan eremuetan erreferentziazkoak bihurtu diren osasun profesionalek. Bukaeran, osasungintza publikoaren ezagutzaile ona den mediku eta irakasle batek prebentzio kanpainez emandako zenbait puntu orokorrez borobiltzeko. Injustizia beraren bi aurpegi osagarriak diren gehiegizko eta txirotasunarekin lotutako gutxiegizko medikalizatze fenomenoetatik, bigarrena beste baterako utzi dugu, zentratzeko Mendebalde aberatsean nozitzen dugun gehiegikeriaren ale nabarmenetako batzuetan.
Pertsonon osasuna –bizia eta heriotza alegia– daudenez jokoan, arinkeria sentsazionalistetatik aparte ibiltzen saiatu gara, iritzi emaile kualifikatuak hautatuz. Adituok herritarroi proposatzen dizkigute gure inguruan osasun agintariek, medikuntzaren bozeramailetzat aurkezten diren adituen eta hedabideetako kanpainek aldarrikatzen dituzten jokabideen oso bestelakoak. Batzuen eta besteen ikuspegiak erkatu ostean, herritar bakoitzak erabakiko du nola jokatu bere biziarekin. Azken erabakia norberari baitagokio.
Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik.