Hitzez margotutako mundu oniriko bat da Abisalia. Asier Serranoren obsesioei ateak zabaltzen dizkien eta, era berean, descensus ad inferos bidaiarako eskua luzatzen duen liburu eklektikoa. Poema edo ipuin liburua ote den sarri galdetu zaio idazleari; luzera laburreko 80 atalez eraikitako unibertso hau ipuin egituran aurkezten bada ere, idazkeran, Serrano poetaren aztarna agerikoa da. Atal bakoitza koadro batean pintaturiko mikro zati baten antzera hautematen dugu, eta apurka-apurka, presentzia fisiko handiago bat eratuz joango dira.
Inkontzientearen laino honek mundu artistiko kolektibo bat iradokitzen du, edo hura izan da ene inpresioa. Nolabait esanda, Dalíren obra batean aurki gaitezke Serranorekin. Abisalian barrena nenbilela, Dalík 1931n margotutako erlojuen koadroa etorri zait burura. T. S. Eliot ikusi dut Abisaliako zoologikoan, Adan eta Eva tximuekin hizketan. Bere Waste Land-etik (1922) iheska, zebra bidea hartuta Hiri gorrira heldu dela kontatzen ari zen. Pozik ematen zuen Cainek, Abel hil ez duelako. Aurrera eginez, Austerren In The Country of Last Things-era (1987) heldu naizela iruditu zait. Istant bateko sentsazioa izan da, José Saramagorekin itsu geratzeari buruzko hausnarketetan sartu naizenean ezabatu baita.
Imaginario pertsonalago batean, Abisalia, gure espeziearen salbaziorako ezlekua da; XXI. mendeko igande goizean “izara azpian ernalduko dugun unibertsoa” (8. orr), denboraz kanpo dagoena. Azken uholdearekin, “denborarik ez zuten izan denbora hitza bera deszifratzeko” (20. orr). Abisalian sortzen den eguzkia “lehertzear zegoen mahats ale izugarria, zeru ubel eta morean desorekan zintzilik” (97. orr) begitandu zaio bisitariari. Kram auzoan kokatzen den Lubam kalea “izen gabeko kale lokaztu geometriko ezinezkoen” artean existitzen diren toponimo bakarrak dira (60. orr).
Abisaliako unibertsoan bizi direnak ere baditugu. Hala nola, Luzio Dalio Tango, Kram auzoko urretxindorra ere deitua eta Rialdo Koddel maisuarekin amesgaiztoak dituena. Emazte itsua duen Emilard doktorea, ezagun egingo zaigun Lorelei, maitaleak, tximu bikiak, gobernadorea, arrotza, bisitaria, etab. Bakoitzak badu bere istorioa, baina zure esku, irakurle, bere mundu intimoenean barneratzea.
Atalak motz dira, baina ez nolanahi irakurtzekoak. Lasai, ongi murtxikatuz eta digestio patxadatsu bat eskaini behar zaio bakoitzari. Inkontzientearen dimentsioa aske dagoenean sar gaitezke errealitatetik edan duen mundu desitxuratuan, interpretatu beharreko ametsen munduan. Hitz batean esateko, Abisalian.
Després de deixar enrere el mes d'abril dels llibres, les biblioteques i els seus beneficis, des de Kabiak Sahrauí volem recordar el costat fosc de la seva història, que cobra major importància en la defensa de la identitat i la supervivència dels pobles. Estem parlant de la... [+]