Bihar Eskoziarik gabe Ingalaterraren aldamenean zer egingo duten hasi dira beren buruei galdezka Galeseko jende asko. Eskoziako erreferendumean baiezkoaren aldeko kanpaina egin duten abertzale galestarrek baliatu dute abagunea burujabetza berriro agenda politikoan sartu eta gaiotan beti uzkur agertzen diren herritarrengan eragiteko.
Galestarrak ezetzaren alde egon dira Eskoziako erreferendumean: herritarren %21 zeuden eskoziarrek baiezkoa ematearen alde, %64 kontra eta gainerakoak zalantzan. Gales ez da Katalunia, dudarik gabe, ez Euskal Herria ere. Eskoziaren aldean hizkuntza propioa indartsu mantendu duen arren, aldarrikapen politikoetan oso atzetik doaz. Baina Eskoziako traganarruak hemen ere astindu ditu bazterrak.
Herritarren iritzia neurtzen duten erakundeek –estatuarena den Your Gov, Cardiffeko unibertsitatea...– erakutsi dute maiatzetik hona ugaritu egin direla Galesen bai Eskoziak eta bai Galesek independentzia eskura dezaten alde daudenak. %10 ingurura mugatu izan den independentismoaren aldeko jarrera irailean %17raino handitu da.
Abertzale galestarrak pozik daude hilabeteotan ikusiarekin. The Guardianek elkarrizketatu duen Angharad Tomos idazleak parte hartu du Eskoziako kanpainan. “Zoragarria izan da. Emakume taldeekin egon naiz, hitz egin dut gazte jendearekin, eztabaidak hor burutsu eta sortzaileak izan dira. Zerbait handia ari da gertatzen (...) Galesen denbora asko beharko da, 50 urteak paseak ditut baina agian independentzia ikusiko dut”.
Tomosek ezagutzen ditu Galesen burujabetasunaren aurkako argudioak: herrialde ahulegia dela bakarrik moldatzeko, Europarako txikiegia, Ingalaterrarekin nahastuegia dagoela ekonomian bezala azpiegituretan eta jendeak ez daukala independentzia goserik. “Baina pobreak gara ez baliabide naturalik ezaz baizik Westminsterrek agintzen duelako gure gain eta gure kontra beti. Jende askok janari bankuetara jo behar izaten du, ez nuen sekula usteko horretaraino iritsiko ginenik. Hainbesteko langabezia dago, ezen gazte jendea etsi eta alde egiten ari den”.
Autogobernuaren eta burujabetzaren kontuak Galeseko herritarren solasetaraino eraman ditu Eskoziakoak eta bereziki eragin Plaid Cymru alderdi nazionalistan. Honek independentzia etzidamurako atzeratuta baldin bazeukan bere idatzietan, fite kendu behar izan dizkie hautsak bere estrategiei.
Plaid Cymruko lehendakari Leanne Woodek parte hartu du Eskozian baiezkoaren aldeko kanpainan. Kazetariei aitortu die harrituta itzuli dela bidaiatik. Alde batetik, hunkituta han aurkitu duen eztabaida mailarekin. Mendebalde osoan herritarrek ihes egin diotenean politikari, Eskozian erreferendumaz informatutako eta iritzi eman nahi zuten herritarrak aurkitu dituela, taxizaleak bezala ostatuetako zerbitzariak.
Baina Eskoziako eztabaidaren osagaiekin ere zoratzen etxeratu da Wood. Alegia, hautua erabakitzeko garaian herritarrek ez zerabiltzatela independentziarekin zein moneta eduki beharko zuten edo Europar Batasunak zer leku egingo dion bezalako kontuak hainbeste, eta bai etxebizitzen zergak, zerbitzu sozialak eta abar.
“Radical Independence kanpainarekin parte hartu nuen mitin batean portuko langileak mintzo ziren langileen eskubideez eta soldata duinez eta enpleguaz. Ohartuko zara Westminsterreko parlamentuan aspaldian ez dela horrelakorik aipatzen”. Leanne Woodek bere burua beti aurkeztu du sozialista eta errepublikano. 2004an Galeseko legebiltzarretan Elizabeth II erreginaz ari zela “Mrs. Windsor” deitzeagatik salatik kanpora bidali zuten.
Bi herrialdeen arteko kutsatzeaz New York Timesentzako galdezka (“As Scots Weigh Independence, Wales Takes Note”) ibili den Katrin Bennhold kazetariari Gerald Holtham ekonomialari galestarrak zehaztu dio alde nagusia: “Gure ekonomian laurden bateko zuloa egiten dugu”. Hau da, Galeseko gobernuak 30.000 milioi libra gastatzen ditu urtean eta 17.000 baino gehiago jasotzen ez zergatan. Urruntxo dabiltzala Eskozian independentistek harrotasunez haizatu duten argudiotik: Europak daukan petrolioaren %60 gure eremuan dago.
Egia esan, Gales bai zegoen XX. mende hasieran antzeko argudioa erabiltzeko moduan, Britainia Handia hain boteretsu egiten zuen siderurgia hein batean hemengo ikatzak berotzen zuelako. Duela justu mende bat, 1913an, eduki zuen ikazkintzak bere urte oparoena: 5 milioi tona atera zizkioten lurrari 233.000 meatzari galestarrek. 233.000 enplegu asko lirateke gaur ere: hiru milioi biztanle dauzka Galesek. Baina heldu zen 1929ko krisi handia eta gainbehera hasi. 1980ko hamarkadan Tatcherrek errematea emateko.
Horregatik dio Peter Florence, Galesko Hay literatur jardunaldien arduradunak: “Ehun urte beranduegi heldu gara. Eskoziarra banintz baiezko botoa emango nuen, baina hemen argi eta garbi ezin dugu independente izatea ordaindu”. Aldiz, kazetariari Mr. Price izeneko enpresa-gizon nazionalista batek esan dio: “Justu alderantziz da, Gales pobrea da independentea ez delako. Baina ez zaigu horretarako eguna iritsi oraindik. Galesek lehenbizi ikasi behar du nazio izaten”.
Konkistatutako herrialdea da Gales, armada ingelesak 1282an menderatu zuen. Eskoziak, berriz, beti aldarrikatu dezake bere parlamentuak duela hiru mende bozkatu zuela, behartuta izanik ere, Ingalaterrarekin elkartzea. Honen alderantziz, Galesek duela zazpi mende eta erdi galdu zituen lege propioak, eskola, eliza eta Ingalaterragandik berezi lezakeen oro. Union Jack bandera famatuak Eskoziaren koloreak baditu, Galesen dragoiaren usainik ere ez.
“Ingelesen lehenbiziko kolonia geu gara”, diote abertzaleek. Kolonietan gertatzen den moduan, azpiegiturak hemen ere metropoliari begira antolatuta daude, autopista, tren eta errepide nagusiek Galeseko eskualde bakoitza Ingalaterrari lotzen diote mendebaldetik ekialdera zeharkatuz, ez daude iparretik hegora antolatuta.
Galeseko gazteluek liluratzen dituzte turistak. Menpekotasunaren lekuko dira, hain zuzen, Cardiffeko unibertsitatean irakasten duen Richard Wyn Jonesen hitzetan: “641 gaztelu dauzka Galesek, Europan okupazio militar gogorrena jasan duen nazioa izango gara. Orain gure burmuinak askatzeko bidea egin beharra daukagu. Behar bada mende honetan, edo gure belaunaldian, independente izango gara. Prest egon behar dugu”.
Menderakuntzak erabatekoa zirudien: 1979an erreferendumean galestarrek ezetz esan zioten autonomiari. Eskoziarrek eskuratutakoan, 1997an, Galesek ere baietz esan zuen. Orain berriro mugiaraziko ote du Eskoziako lokomotorrak?
El temps passa ràpid, més encara després de dos anys tan lents i rars per la pandèmia. El primer ministre escocès, Nicola Sturgeon, va anunciar a la fi de juny la seva intenció de realitzar una nova consulta sobre la independència del país a l'octubre de 2023, la qual... [+]
Independentziari buruzko bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak joan den astean. Ezezkoa erantzun dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak
Eskoziako Parlamentuan egindako hitz hartzean eman du horren berri Nicola Sturgeon Eskoziako Lehen ministroak. Aurkezpenean, kritikatu egin du Erresuma Batuko Gobernuak orain arte ukandako "blokeo jarrera".
Elisenda Casañas Zuzenbidean lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Bere tesiak Eskozia-Britainia Handia eta Katalunia-Espainia bikoteak alderatu zituen. Katalandarra izateak, baina ama eskoziarra edukitzeak modu berezian biribiltzen du bere... [+]