Baserritarrak elkartu eta baserri edota etxebizitzetan ezbeharren bat gertatuz gero, denen ekarpenei esker konpontzen dituzte. Garai bateko baserritarren arteko ermandadetan oinarritutako ekimena da Sutearo, eta aseguru konpainiak ez bezala, ez dute etekin ekonomikorik bilatzen, soziala baizik.
Baserritarrek elkartzeko beharra izan dute betidanik, egunerokoan sortu zitezkeen arazoei aurre egiteko. Ermandadetan antolatuta, bati suertatutako ezbeharrak konpontzen saiatzen ziren denen artean. Oinarri hori gaurkotu dute Sutearoko kideek, elkarlanean baserrien eta landa eremuko etxeen segurtasuna bermatze aldera. Ohiko aseguru etxeekin alderatzen dituzten arren, behin eta berriro azpimarratu dute eurek ez dutela etekin ekonomikorik lortzeko helburuz egiten. Hau da, elkarteko bazkideek diru ekarpenak egiten dituzte, eta horiek bere osotasunean kalteak ordaintzeko erabiliko dira.
Suteak izan dira baserritarren kezka nagusietakoa, eta hasieran horiez bakarrik arduratzen zen Sutearo. Denborarekin, beste ezbehar batzuei ere erantzuna ematea erabaki zuten. Besteak beste, euriak, haizeak, kazkabarrak edo elurrak eragindako kalteei, uholdeei eta lapurretei. Asanbladetan erabakitzen dute bazkideek zein kasutan eman behar diren laguntzak, gaur egungo beharrak kontuan hartuz. Bestalde, erantzukizun sozialaren garrantzia azpimarratu dute. Baserrietan eta landa eremuetan bizi den jendearen segurtasuna dute xede, eta aseguru konpainiek errentagarritzat hartzen ez dituzten etxeak bazkidetzat hartu izan dituzte.
Bizkaian hasi ziren eta dagoeneko Araban eta Gipuzkoan ere bazkideak dituzte, 4.000 baino gehiago guztira. Geografikoki gertu dauden kideek ermandadeak osatu eta euren barne arauak ezarri dituzte. Printzipioz, baserrietara eta landa eremuko etxeetara mugatzen ditu Sutearok bere bazkideak. Hala ere, salbuespen batzuk onartu ditu eta webgunean zehaztutako landa guneetako pisuak sartu daitezke. Hiriguneko etxeak ere har ditzake barne, beti ere bazkideak aurretik landa eremuko etxebizitzaren bat aseguratu badu.
Orain arte aurkitu duten zailtasun nagusia instituzionala da. Besterik ezean, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde gisa sailkatu dute, pentsio plangintzak eta antzekoak egiten dituztenekin batera, alegia. Behin-behineko erabakia izan zen, baina estatusa aldatu gabe dute oraindik. Azken urteetan, legediaren aldaketarekin batera, mota honetako erakundeei betebehar gogorragoak ezarri zaizkie, eta horiek betetzeko zailtasunengatik Sutearo bezalako elkarteak desagertzeko arriskuan daude. Ez dute uste mutualitateei egiten zaizkien eskakizun berberak jasotzea bidezkoa denik, esan bezala ez dituztelako etekin ekonomikoak bilatzen.
Gizarte ekonomia alternatiboetan oinarritutako elkarteek euren jarduera trabarik gabe aurrera eraman ahal izateko marko juridiko egokiaren beharrean daude oraindik ere, jakinik gero eta gehiago direla etekin soziala monetarioaren aurretik jartzen duten ekimenak.