Krisi ekonomikoa, burujabetza, bakegintza eta hauteskundeak izango dira datorren kurtso politiko berriaren zutabe nagusiak. Hazkunde ekonomiko urriaren miraria –2014rako BPGren %1,5eko aurreikuspena – ari dira saltzen Espainiako agintariak, PPren erreforma ekonomikoen ondorio litzatekeena eta 2015ean jarraipena izango lukeena, %2ko hazkundearekin. Eta ekonomia usaina baino, datu hauei hauteskunde usaina darie, Espainia eta Europako datu ekonomikoei begiratuta bederen.
Batek daki zer egingo duen ekonomiak, baina jadanik krisiaren azken zazpi urte hauetan egindako triskantzak atzeraezinak dira epe laburrean: egindako murrizketa itzelen esparruak ez dira samur berreskuratuko, ongizate estatuan emandako atzerapausoa handia izan da, soldaten beherakada ere bai eta langabeziak inoizko handiena jarraitzen du izaten Espainian. Langabeziaren kasuan, oihartzuna izan dute Juan Ramón Cuadrado espainiar katedradunak joan den astean egindako adierazpenek: hazkundea izango da, langabezia murriztu ere egingo da, baina Espainian egun diren 5 milioi langabeetatik 2 milioik jadanik ez dute lanposturik izango.
Europar Batasunetik datorren haizea, gainera, hotzikara eragiteko modukoa da: Alemania, Frantzia eta Italiaren hazkunde aurreikuspenak negatiboak dira 2014rako eta, beraz, logikoena da pentsatzea horrek Espainiako ekonomian ere eragin handia izango duela, besteak beste bere esportazioen zati handiena Europara doanean. 2007an hasitako krisiari austeritate ospetsuarekin erantzun zaio EBn eta ez dirudi alde horretatik aldaketa handirik izango denik. Aitzitik, zurrunbilo horren gaitasuna indartuz doa eta dagoeneko Frantziako Gobernua bera ere irentsi du. Vicenç Navarro ekonomialari katalanak bere blogean dioenez (Susperraldia? Hirugarren atzeraldian sartzen ari gara. Abuztuak 27), ateratzen ez, orain krisi hasierako hirugarren atzeraldian sartzen ari da EB
Buruajbetza dela eta, oraingoan besteei begiratzea dagokigu. Eskozian –irailak 18– eta Katalunian –azaroak 9– independentziari buruzko erreferendumak egingo dira eta horien eragina handia izango da gurean ere. Independentzia eskuratu ala ez, Eskoziakoa garaipena da estatu bila ari den edozein herrirentzat: zein luxu handiagoa, halako erreferendum bat akordioz egitea baino?
Kontrako muturra da Ukrainako gerra. Oso egoera eta testuinguru desberdinak izan arren, oinarrian arazoaren funtsa bertsua da: zergatik ez dute negoziatzen Kievek eta errusiar zaleek Eskoziakoa moduko irtenbide bat? Arrazoi ugari egon daitezke baina bi behintzat lehen lerrokoak dira: bat, estatu kolpearen ondorengo Kieveko gobernuak ez duelako balizko banaketez ezer entzun nahi; bi, atzean Errusiaren indarra dutela jakinik, Ukrainako ekialdeko matxinoek Krimearen txanpa baliatu nahi izan dutelako Ama Errusiarekin bat egiteko. Eskozia eta Ukrainaren artean egon liteke Katalunia, gerra usain barik, baina Espainiarekin piztu daitekeen gatazka handi baten atarian. Espainiak Konstituzioaren indarra du, besteak beste indar armatuena; Kataluniak bere herritarren gehiengoarena, soilik hori, baina demokraziaren muinari begira garrantzitsuena. Izango ote da behar adinako maila demokratikorik Espainian?
Euskal Herrira begiratuz gero, ezin baikor izan. ETAk armak utzi ondoren guztiontzako irtenbidean sakondu ordez, mendeku eta gatazka politiketan katramilatzen den PPren gobernuarekin ezin esperantza handirik izan. Urte asko behar dira hamarkadetako mina bizikidetzan ubideratzeko, baina ez bakearen oinarriak jartzen hasteko. Euskal Herriko bake prozesuaren egoeran neurri asko di-da hartu ahalko lirateke funtsezko gaietan, armak, presoak eta biktimen esparruan, esaterako.
Urtero ematen dira urratsen batzuk eta aurten ere izango dira, baina dena litzateke desberdin Madrilek prozesu hori lagunduko balu. Oraingoz, alabaina, mendeku politika konponbidea baino hobeto datorkio PPri, batez ere 2015eko maiatzeko udal hauteskundeei begira: ohiko politika gogorrek botoak ematen dizkiote Espainian; konponbiderako neurriek, bake giroa indartuko lukete euskal gizartean, baina Espainian akaso boto gutxiago eman ere bai.
El temps passa ràpid, més encara després de dos anys tan lents i rars per la pandèmia. El primer ministre escocès, Nicola Sturgeon, va anunciar a la fi de juny la seva intenció de realitzar una nova consulta sobre la independència del país a l'octubre de 2023, la qual... [+]
Independentziari buruzko bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak joan den astean. Ezezkoa erantzun dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak
Eskoziako Parlamentuan egindako hitz hartzean eman du horren berri Nicola Sturgeon Eskoziako Lehen ministroak. Aurkezpenean, kritikatu egin du Erresuma Batuko Gobernuak orain arte ukandako "blokeo jarrera".
Elisenda Casañas Zuzenbidean lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Bere tesiak Eskozia-Britainia Handia eta Katalunia-Espainia bikoteak alderatu zituen. Katalandarra izateak, baina ama eskoziarra edukitzeak modu berezian biribiltzen du bere... [+]