Traduït automàticament del basc, la traducció pot contenir errors. Més informació. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

Bizitzaren alde arraunean

  • Bularreko minbizia gainditu duten emakume kanadarrek kantzerrak utzitako ajeentzako antidoto perfektua aurkitu dute: arraun taldeak sortu eta dragoi-ontzi estropadetan lehiatzea.

Abreast hitzak elkarren ondoan esan nahi du ingelesez. Aldiz, a breast bularra da, titia. Abreast in a boat esaldia, beraz, bi modura irakur daiteke: Elkarrekin txalupan eta Bularra txalupan. Irudian, Fort Langley-ko arraun-taldea.
Abreast hitzak elkarren ondoan esan nahi du ingelesez. Aldiz, a breast bularra da, titia. Abreast in a boat esaldia, beraz, bi modura irakur daiteke: Elkarrekin txalupan eta Bularra txalupan. Irudian, Fort Langley-ko arraun-taldea.Amanda Nickerson

Auto bat ziztuan Trans-Canada Highway-an. Barruan kirol arropa koloretsuz jantzitako bi emakume: Bev Dagg eta Maria Hindmarch. Astean birritan izaten diren entrenamenduetarako, Vancouver-etik Fort Langley-raino ordubete egiten dute. Entrenamendu ostean, jakina, beste ordubete etxera bueltan. Minbizia pasatakoak dira biak, eta batuz gero, 147 urte dituzte bien artean: 73 eta 74 urte.

Bidean beren gaixotasunaz galdetu diegu eta bakoitzak bere esperientzia kontatu ahala jabetu gara elkarrentzat ere berriak zirela esaten ari ziren zenbait kontu. Bost urte daramatzate entrenamenduak, estropadak eta autoko joan-etorriak konpartitzen, eta hala ere, orain arte ez zekizkiten bestearen gurutze-bideko hainbat detaile. “Izan ere, guk ez dugu gaixotasunaz hitz egiten, kar, kar, kar”, azaldu du Daggek. Eta konturatu gara Abreast in a boat ekimenaren arrakastak ez duela zerikusirik laguntza taldeetako ohiko terapien moduekin. “Elkartzen garenean ez dugu bularreko minbiziaz hitz egiten, jarduten gara hurrengo estropadaz, edo txiste-kontari, edo gure eguneroko poz eta kezka txikiez... Aterako da akaso gaia, baina oso noizik eta behin”. Palistek aurrera begira egiten dute arraun dragoi-ontzietan eta gisa berean begiratzen diote bizitzari, “gaixotasuna gainditu egin genuen eta”.

Jatorri, ideologia eta adin koktela da Langleyko taldea. Gazteenak 33 urte ditu eta badira lau kide 70etik gorakoak. Bat egiten dute, ordea, Abreasten sartzeko betekizunarekin: bularreko minbizia izan dute. Batzuek aspaldi, berriki bestetzuek. Urrian mastektomia bikoitza egin eta oraindik botikak hartzen ari den 50 urte inguruko emakumea, adibidez.

Elektrizitatea uretan

Fraser ibaia beti dator emaritsu, baina udaberrian, prestakuntza sasoi betean, korrontea lehenaz gain bizitzen du Rockietako elurren gesaltzeak. Gail Bonner-ek, lan-saioa ikustera txalupan eraman gaituen prestatzaileak, azaldu digu horixe dela beraien sasoiaren sekretua. “Zortzi Abreast talde gara Vancouverren. Filosofia, helburuak eta ahaleginak konpartitzen ditugu, baina uretara sartzean… denok nahi dugu irabazi! Eta gu izaten gara aurrenak zazpitik seitan. Korrontean entrenatzeari zor diogu hori”.

Entrenalditik hiru kontuk harritu gaituzte: lehenik, intentsitatea. Talde guztia ahalegin betean, izerdi patsetan, hasi denean, arraun profesionalaren elektrizitate bera transmititu digute. Bigarrenik, prestakuntza. Entrenatzaileak botatako agindu-kate zorrotza. Palisten teknika doitzeko helburuz saioa bideoz grabatzea. Hirugarrenik, goxoki etena. 90 minutuko jardunaren erdian, bost minutuko kera alaia egitea karameluak jateko.

... kantuz nahi bizi

Estropada izan da False Creek-en. Uretaratu aurretik kantuan aritu dira taldeak. Elkar adoretzeko kantak dira batzuk, libertimendu hutsa besteak: “One boob, two boobs, no boobs at all! We don't care, we're having a ball!” (Titi bat, titi bi, titiak falta! Eta zer? Guri bost, mundiala ez al da!?).

Pantalanerako pasabiderantz bisajeak seriotu dira; ontzietara sartzean ez da bromarik. Dragoi-ontzien estropadek kirol lehiaren ohiko tentsioa dute. Baina horretaz gain sakonera handiagoko kontrapuntu emozionala ere badute. Kirol probaren ondoren, irabazleek palak altxatuz agurra egin ordez, lore-eskaintza egiten dute. Ontzi denak elkarrengana lotzen dira ur gainean, eta minbiziak tostetatik kendutako ‘ahizpak’ oroitzen dituzte eskutik helduta, Garth Brooks-en The River abestuz. Amaitzean, arrosak botatzen dituzten uretara.

Gero lehorreko festa dator: taldekako mozorro sariketa. Lehiatzeak adina balio du hauentzat ondo pasatzeak. Horren sekretua ere azaldu digu Bonnerrek: “Bizitza arriskuan jarri dizun gaitza gainditu eta gero egun bakoitza azkena balitz bezalaxe bizi nahi izaten da. Ez dakizulako zenbat geratuko zaizkizun”.

Gaurko estropadan ezustekoa gertatu da eta Delta-ko neskek Langleykoek baino ehunen batzuk lehenago sartu dute branka helmugan. Pozarren dago Adriana Bartoli, “behingoagatik” urrezko domina etxeratuko dutelako. Argentinarra da, Silvana Goldemberg bezala. Garai bertsuan etorri ziren Kanadara lan kontuengatik familiarekin. Garai bertsuan erasan zituen kantzerrak eta garai bertsuan ezagutu zuten elkar Abreasten.

Adriana, kantzerra daukazu

Adriana Bartoliri ez zitzaion burutik pasa ere egin minbizia izan zezakeenik. “Mamografia egin eta biharamunean berriz joateko eskatuz deitu zidatenean pentsatu nuen ‘bo, gaizki aterako zuan argazkia’. Medikuak bazekien senarra eta biok opor-bidaian joatekoak ginela eta kontsultatik irtetean esan zidan: ‘Zoazte bidaia horretara, eta gozatu topera’. Eta esan zuen moduagatik igarri nion. Bidaiatik bueltan esan zidan: ‘Adriana, kantzerra daukazu’. Inork aditu nahi ez duen esaldia. Oinpean lurra desagertu eta erortzen ari nintzela sentitu nuen. Gero, hainbeste dira egiten dizkizuten frogak, zure bizitzaren kontrola galtzen duzula. Alienatua egon nintzen hilabete eta erdiz”.

Hasierako shock egoera gainditu eta tratamenduarekin hasi zen: “Kimioa, erradiazioa eta antigorputzak; dena behar izan nuen”. Tratamenduan 12 hilabete egin eta bukatzeko beste sei falta zituela izan zuen Abreasten berri: “Zirujauaren kontsultan ikusi nuen eskuorri bat. Ez neukan arrastorik zer zen dragoi-ontzi bat, baina izena eman nuen eta horrek lagundu zidan nire bizitzaren kontrola berreskuratzen”. Silvana Goldembergek hartu du hitza: “Diagnostikoak beldurtu egiten du, paralizatu; arraun egiteak aldiz bizkortu egiten du, bizitasuna eta konfiantza ematen du”. Eta bere lehendabiziko eguna ekarri du gogora: “Besarkadak, gozotasuna, umorea.... Hasieratik onartua sentiarazten zaituzte eta zure iritzia kontuan hartzen dute. Lotura sortzen da eta badakizu aurrerantzean bizitza pertsonalean ezbeharren bat gertatuz gero ere, hor izango dituzula laguntzeko. Horrek lasaitasuna ematen dizu”.

Umore ona zabaltzen

Onura psikologikoa fisikoa baino lehenago sumatzen dute hasiberriek. “Lehenengo aldian oso urduri nengoen, baina lehen palakadak eman ahala joan zitzaizkidan nerbioak. Hilabeteetan pentsamendu beltzak dituzu buruan jiraka gau eta egun. Ontzian ordea ez daukazu arraun egitea ez den beste ezertan pentsatzeko betarik. Eta hori askatzailea da”, dio Goldembergek.

Bartoliri galtzarbeko gurintxo edo ganglioak kendu zizkioten eta arraunari esker besoen mugikortasuna lehengora ekarri du. “Kontu egizu nola aldatu den ikuspuntua. 60ko hamarkadan bularreko ebakuntza egindako emakumeei kakorratz-lana egitea galarazten zieten! Dena don’t zen, dena debekua. Eta gaur egun ere bada horrelakorik, Kalifornian artatu zuten lagun bati etxea garbitzerakoan kontu handiz ibiltzeko esan zioten”. “Nahiago nuke horixe bera esan izan balidate niri ere!” bota dio hitzetik hortzera Goldembergek, barre eztanda eraginez.

Bikotekidearen eta familiaren babesa izanagatik, ontziko kideekin egoteko premiaz aritu dira, eta Argentinan Abreast zabaltzeko egiten ari diren ahaleginaz. Nazioarteko estropadetara ere horretara joaten dira. Izan ere, kontzientziazioa dute helburu behinenetako bat, bularreko minbiziak utzitako mugak gainditu eta bizitzaz osoki gozatu daitekeela irakasteko.

Dragoi-ontziak

Dragoi-ontziak Txinako hegoaldean du jatorria. Perla ibaiaren deltako ontzioletan antzinatik eraiki dituzte txalupa horiek. Kantauriko traineruak baino pare bat metro luzeagoak dira (14 metro), eta dragoi-ontzi estropaden historia ere gurea baino pittar bat luzeagoa da: 2.000 urte pasako tradizioa dute. 20 arraunlari hamarreko bi lerrotan. Txopan lemazaina doa, eta brankan, danbor-jotzailea. Berak markatzen du paladen erritmoa.

McKenzie doktorearen esperimentu zoroa

1996ko otsaileko goiz batez bularreko minbizia pasatako 24 emakume batu ziren Columbia Britainiarreko unibertsitateko gela batean. Don Mckenzie medikuak konbentzitu zituen bere proiektuan parte hartzeko: arraun taldea sortu eta ekainean Vancouverren ospatuko zen estropadan izena ematea proposatu zien. Medikuntza tradizionalaren haize-kontra zebilen zientzialariarentzat akuri lana egitea onartu zuten emakume haiek. Garai hartan, linfedema prebenitzeko modurik eraginkorrena zelakoan, ariketa fisikoa galarazten zieten minbizia izandako emakumeei. Linfedemak gorputz atalak puztu eta minberatzen ditu, mugimendu ahalmena murriztuz, eta noiznahi agertu daiteke bular ebakuntzen ostean. McKenziek uste zuen goialdeko gorputz adarren ariketa fisiko errepikakorrak linfedema arriskua txikitu egin zezakeela, eta dragoi-ontzien bidez nahi zuen frogatu bere teoria. Ontziratu aurretik taldea bi hilabetez aritu zen gimnasioan giharrak indartu eta beldurrak uxatzeko ahaleginean. Ekainean, estropadan parte hartu eta bukatzea lortu zuten. Ikerketak frogatu zuen McKenzie ondo ari zela: ez zen linfedema kasurik izan eta palistak askoz indartsuago zeuden. Eta alaiago.

Ordutik ikerketa gehiagok berretsi dute: bularreko minbiziak berriz erasateko arriskua %45 txikitzen du dragoi-ontziko ariketa fisikoak. Medikuntza arloko emaitzek adina arreta behar du alderdi sozialekoak. Mundu osora hedatu dira bularreko minbizia pasatakoen dragoi-ontziak. Egun 160 talde inguru daude, elastiko arrosez jantzitako milaka palista. Kanadako osasun etxe guztietan daude informazio orriak: “Dragoi-ontzietako arraunak emakumeen ongizatea eta tratamendu osteko bizi-kalitatea hobetzen du”. McKenziek berak modu sinpleagoan eman ohi zien antzeko mezua taldera sartu berriei: “Txalupa moilatik abiatu ahala kantzerretik urrunduko zarete”.


T'interessa pel canal: Minbizia
Sorolls corporals
"A vegades fa por preguntar què ve"
Olga Garate (Pamplona, 1964) és una jove humil, alegre i amb molta energia. La passió per la bicicleta i la seva família és la seva prioritat. És auxiliar d'infermeria i, encara que li agrada "moltíssim" el treball, se li ha impedit el treball definitiu per patir un càncer... [+]

2024-08-28 | Onintza Enbeita
Olatz Merkader, sobre els abusos sexuals de Patxi Ezkiaga
"El món de la cultura basca ha quedat absolutament callat"
Olatz Mercader parla de la necessitat de sentir-se viu fins a la mort. Qui ha vist massa a prop la seva versió reduïda d'haver estat malalt sap l'important que són el compromís, la passió i el desig.

Sorolls corporals
"Amb el Dragon Boat recuperem la confiança que teníem en el cos"
Mercedes Ortega Barrena (Bilbao, 1967) ha practicat nombrosos esports com l'atletisme, el paddel surf i ara el rem. Pertany al grup Dragon Boat de l'escola HS2 Surf Center d'Hondarribia. Es tracta d'un grup format principalment per dones que tenen o han tingut càncer. Barrena ha... [+]

La intervenció oncològica més antiga

Fa dos anys, l'arqueòleg català Edgard Camarós, dos cranis humans i Càncer? va trobar una targeta de motius dins d'una caixa de cartó en la Universitat de Cambridge. Els cranis venien de Giga, d'Egipte i recentment ha publicat en la revista Frontiers in Medicine, el seu equip... [+]


2024-01-10 | Leire Artola Arin
En la ginkana del càncer, avís d'anteposar la persona a les cèl·lules
“Càncer. Quan un mèdic mira a vostè pronunciant aquesta paraula se li obre un abisme en les vísceres. La falta de força per al canvi i els malucs”. Els membres de l'associació Izan Iñurri comencen així a definir el que els ha afectat la cada vegada més freqüent... [+]

Osasunbidea promou l'acte-acollida per a detectar a temps un càncer de coll uterí
Des de gener, gairebé 13.500 persones han fet la prova a Navarra i el 95% dels quals ho han fet a casa.

2023-09-28 | Elhuyar
Per a les dones és més difícil prevenir, detectar a temps i ser ben ateses
La bretxa de gènere incideix directament en les possibilitats d'evitar els factors de risc de càncer per a les dones i dificulta un diagnòstic adequat i una atenció de qualitat. Aquesta és la conclusió a la qual ha arribat una comissió creada per la revista The Lancet per... [+]

Els pacients denuncien la subutilización d'Onkologikoa i demanen participar en els fòrums de decisió
“Sembla una ximpleria, però treure la següent cita fixada de la consulta de l'oncòleg serveix per a dormir tranquil”, afirmen els usuaris, i igual saber que la planificació del tractament està definida. “Dona la sensació que s'improvisa; avui dia és una ginkana tenir... [+]

Eguneraketa berriak daude