JOSEBA SARRIONANDIA ETA MITXEL SARASKETA ::Hamairu ate Askoren artean
ELKAR, 1985
Literatura zulatua izateak hori dauka, hutsuneak nolabait bete beharra. Eta sartzen direla tarteka tartean bestela nekez sartuko liratekeen gauzak. Adibidez, erdal umore beltzaren antologiak. Luze gabe, Hamairu ate izeneko hau, zenbakiak hatxerik ez zeraman garaikoa. Aukeraketaren arduradun, bi: Joseba Sarrionandia eta Mitxel Sarasketa, berdin arduradun itzulpenarenak. Argitaratu urteari begira, presondegian ondu zen antologia. Presondegiko baldintza eskasekin, pentsatzekoa da. Hauxe utzi zuen emaitza: ipuin motz-motzak batzuk, are motzagoak besteak –pentsa, aforismoren bat ere bai noizean behin, Francis Picabiaren hau esatera: “Mirestea, gaitzestea bezala, arrazoi txarren gainean eraiki ohi da”–; eta guztiak ere egiazkoena omen den umoreen artean beltzenari dagozkionak. Autore batzuk ezagunak, Franz Kafka edota Gabriel García Márquez. Beste batzuk erreferentziazkoak, Ambrose Bierce edota Pere Calders. Beste batzuk gehiago ezagutu beharrekoak, Saki edota Max Aub. Eta beste batzuk harrigarriak, Kostas Axelos edota Gonzalo Suarez. Eta gehiago, noski hamahiru guztira. Gainontzekoak deskubritzea –adibidez, Leonora Carrington–, hori bai, utziko dugu irakurlearen eskura.
Segidarik izan ez zuen “Erdal umore beltza” saileko ale bakarra –lastima!–, liburua berez ez da gauza handia; esan nahi dut, erdal umore beltzak mereziko lukeela antologia txukunago bat euskaraz. Adibidez, Anthologie de l’humour noir hartara gerturatuko litzatekeen zerbait, hemengo hitzaurrean aitortzen den bezala, “klasikoa eta eredua delako, Andre Breton surrealistarena” –hainbesteraino klasiko eta hainbesteraino eredu, hango autore-testu batzuk hemen ere aurkituko ditugula, Picabia, Kafka, Carringtonenak–. Eta Gonzalo Suarezek badu ipuin bat nabarmena, Non lurra esferikoa dela frogatzen den izenekoa. Pere Calders, oro har, beti, da garantia, eta Trena eta Hautsetatik gatoz eta gogoan hartzeko modukoak. Eta Kostas Axelos izango da, sorpresa atseginena izateaz gain, antologiako guztien artean finena. Baina izenburuak ondo islatzen du antologiaren izaera, orokorrean antologia batena: ate bat eskaintzea, ate bana, kasu honetan hamahiru autoreon obra ezagutzeko. Gonbita da antologia. Eta, hartara, eskuartean dugunak betetzen du bere funtzioa.
Literatura zulatua izateak hori dauka, hutsuneak nolabait bete beharra. Eta sartu beharrean erdal umore beltzeko ale gailenak zuzenean, sartzen direla tarteka tartean bestela nekez sartuko liratekeen antologiak. Ate forman sartu ere, funtzioa beteta, hutsunea neurri batean betetzera jarrita.
Antton Kurutxarri, Euskararen Erakunde Publikoko presidente ordearen hitzetan, Jean Marc Huart Bordeleko Akademiako errektore berriak euskararen gaia "ondo menderatzen du"