Euskararen jakintzak gora egin bitartean, behera egin du erabilerak. Aldi berean, mundu globalizatuan, geroz eta garrantzitsuagoa da hizkuntzak jakitea. Zer egin daiteke, orduan, eskoletan gazte eleanitzak sortzeko, baina euskararen osasuna ez okertzeko? Ikasle Euskaldun Eleanitzak programa dute abian Dimako eta Donostiako ikastetxe publiko banatan.
“Lehenik eta behin, euskararen erabilera sustatu behar dugu. Hori bermatuta, gainontzeko hizkuntzen inguruan hausnartuko dugu”. Donostiako Aitor Ikastolako zuzendari Julen Etxeberriarena da gogoeta. Bertan eta Bizkaiko Dimako Ugarana Herri Eskolan ari dira Ikasle Euskaldun Eleanitzak proiektua garatzen. Helburua: euskara zaintzea, indartzea eta erabilera hauspotzea; oinarri hori sendotuta, ingelesa eta gaztelania menperatzeko teknikak garatuko dituzte.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak orain sei bat urte izandako kezkaren karietara sortu zen asmoa. Haien iritziz, egungo hizkuntza ereduek ez dute ziurtatzen euskalduntzea, halaber beste hizkuntza batzuk txertatzen dituzte curriculumean proiektu integralik eduki gabe. Ez dute uste formulak euskalduntzearen mesedetan lan egiten duenik, ezta eleaniztasunaren onerako denik ere. Horrela jaio zen Ikasle Euskaldun Eleanitzak programa. Lantaldea egin zuten egitasmoari forma emateko, eta ondoren euskal ikastetxe publikoetan aritzen den Sortzen elkartea arduratu zen abstraktuan pentsatutakoa errealitatera ekartzen. Eleaniztasun esperientzia berria probatuko zuten bi ikastetxe pilotu aukeratu zituzten.
Horrela heldu zen dinamika Dimara eta Donostiako Egia auzora. Izan ere, errealitate soziolinguistiko, urbanistiko eta demografiko ezberdineko bi leku nahi zituzten, ideia berbera garatu eta sor zitezkeen aldaerak ikusi eta aurrerantzean kontuan izateko. Eskolek baiezkoa eman zuten eta orain dela bi ikasturte hasi ziren egunerokotasunean aplikatzen.
Nola egiten da, baina, horrelako aldaketa txertatzeko? Euskara erabili eta gainontzeko hizkuntzak ongi ikasteko? “Urratsez urrats”, ziurtatu du Etxeberriak. Prozesu mantsoa da eta denbora eskatzen du. Dimako Herri Eskolako ikasketa buru Zefe Ziarrustak harilkatu du azalpena. Haren irudiko, lehen pausoa euskararekiko “lotura afektiboak eta bizipenak” ugaritzea da.
Diman era sinplean eman zioten hasiera programari: lehenik eta behin, euskararen egoeraren inguruko diagnostikoa egin zuten, eskolan eta herrian. Orain, herriko eragileekin biltzen ari dira, denen artean euskarari lotutako espazio eta aukera berriak lortzeko ikastetxe eremutik kanpo. Donostian ere bide bera jarraitu dute, aurrena ingurua aztertu eta ondoren, herri eragileekin hitz egin dute garatu beharreko hizkuntz programa elkarrekin sortzeko.
Hala, bi ildo nagusiren bueltan hezurmamitzen da lana. Batetik, eskolan bertan jarduten dute buru-belarri euskararen garrantziaz jabetzeko, eta bestetik, herrian. Horretarako, elkarlana “oso garrantzitsua” dela nabarmendu du Ziarrustak. Eta zergatik galdetuta argi dauka: “Hezkuntzan denok garelako eragile”. Etxeberria ere ideia berari tiraka hasi da: “Euskararen erabilera zabaldu nahi dugu, gizarte osoan. Denok gara aktore, eta denok dugu eginbeharra, gurasoek, gizarte taldeek, udalek...”.
Orain, hizkuntza plana egituratzeko txostena sortu dute, eleaniztasuna lantzeko gida moduko bat. Hala, hor jaso dute zeintzuk diren herrietako norbanako eta taldeek bermatu beharreko gutxieneko baldintzak. Hala nola, irakasleak hizkuntzak irakasteko metodologiaz arduratzea eta erabilerarako jarrera aktiboa sustatzea. Plazaratutako dokumentua Euskal Herri osoko gainontzeko eskolek erabili ahalko duten “bideorria” izango da, sortzaileen aburuz. Dena den, jakitun dira tokian tokiko egoerek asko baldintzatzen dutela lana. Kaleratutako aholku sorta norberak inguruari erreparatuz osatu beharko du, Ziarrustaren hitzetan.
Euskara indartzeko ekimen zehatzak oraindik forma hartzen ari dira, bost urteko plana baita hau, eta bigarrena baino ez da aurtengoa. Aitzitik, nabarmendu dute zenbait dinamika zehatz egituratuta daudela jada. Adibidez, Dimako eskolan umeen aisialdian euskararen presentzia handitu dute; besteak beste, eskolaz kanpoko orduetan, hala nola, musikan eta kiroletan. Bestalde, Herri Eskolako atsedenaldietan jolasak antolatu dituzte, euskaraz dinamizatuta.
Irakasleei dagokienez, bi ikastetxeetan ari dira metodologia eta didaktika teknikak hobetzen. Etxeberriak dio Aitor Ikastolan, hizkuntzei dagokionez, irakaspen teknikak “ekonomizatzen” ari direla, eta adibide baten bitartez eman dio forma esandakoari: “Euskaraz adjektiboak lantzen ari bazara, ez duzu zertan eman adjektiboaren edukia gainontzeko hizkuntzetan, jada jakintzat ematen da”.
Euskararen zimenduak egonkortu nahi dituzten arren, gaztelaniaz eta ingelesez trebatutako ikasleak nahi dituzte. Orain arte “gaizki” egin da hizkuntzen trataera eskolan, Ziarrustaren aburuz. Ironiaz azaldu du: “Pentsa, gure garaian, ingelesa eta frantsesa ikasi ditugu, baina ba al gara komunikatzeko gai?”. Ezezko borobilaz erantzun dio bere buruari botatako galderari. Horregatik, orain, batez ere umeen komunikazio gaitasunean paratuko du arreta ikastetxeak. Alegia, garrantzitsuena haurrak hizkuntzak ulertu eta hitz egiteko gai izatea da.
Horretarako, Diman, eskolak haurrei proiektuak ingelesez edo gaztelaniaz garatzeko erremintak eskainiko dizkie. Egia auzoan ahalik eta era “praktiko eta dinamikoenean” hurbilduko diete hizkuntza.
Euskara egoera “kaskarrean” dagoela diote biek, eta horregatik hartu dute egitasmoaren oinarritzat. Dena den, gainontzeko hizkuntzen lanketan sakontzeak duen garrantziaz jabetuta daude. Esaldi baten bidez laburbildu du Etxeberriak: “Euskararen egoera diglosikoari buelta eman behar diogu. Hortik abiatuta, geroz eta hizkuntza gehiago jakin, hobe”.
Sortzen Jaia 2014 Maiatzaren 18an egingo da euskal eskola publiko berriaren aldeko jaia, Uharten. |
Sare publikoko ikastetxeetan Euskal Eskola Publiko Berriaren alde lanean diharduen elkartea da Sortzen. 1991n sortu zen eta geroztik EAEko eta Nafarroako 75 ikastetxe batzen ditu. Horiek guztiak ideia nagusi baten bueltan: indarrean dagoen eskola ereduari buelta ematea eta balore jakin batzuen baitan egituratuko den euskal hezkuntza eraikitzea. Orain, Ikasle Euskaldun Eleanitzak proiektuaren garapenerako ari da ekinean, baina programa hori baino gehiago da elkartea.
Sortzeneko kide Begoña Bitorikak azaldu du eskola “berria” nahi dutela, eta abstraktuan ulertzeko zaila den adjektiboaren mamia azaldu du: “Horrekin orain dagoena ez dugula nahi esaten dugu”. Sei puntu nagusiren bitartez irudika daiteke Sortzenek proposatutako eskola.
1. Euskalduna eta eleanitza izatea.
2. Autonomoa pedagogian eta kudeaketan.
3. Langileen baldintzak defendatuko dituena.
4. Demokratikoa. Ikastetxeko partaide guztiak –ikasleak, irakasleak eta gurasoak– kontuan izango dituena.
5. Kalitatezkoa. Horren baitan hainbat balore defendatzen dituzte: laikoa, hezkidetzan oinarritua, integratzailea eta diskriminaziorik gabekoa.
6. Doakoa benetan eta pedagogia berritzailean ariko dena.
Gaur egun lau ekimenetan ari da lanean: orriotan jorratu dugun Ikasle Euskaldun Eleanitzak, Udaleku Irekiak, Euskaraz mintza eta Aixe Aisialdia. Azken biotan ondokoa lantzen dute.
Euskaraz mintza: Euskal jolasak lantzen dituzte, ikasleak euskaraz jostatzeko. Sortzeneko kide diren eskolei jarraibideak ematen dizkiete, nork bere ikastetxean gara dezan.
Aixe Aisialdia: Eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz egiteko begiraleak bilatu eta eskolekin harremanetan jartzen dituzte.
Historikoki Nafarroan txertatze handia izan du Sortzenek, baina “ahulago” egon da EAEn. Bitorikak testuinguruari atxiki dio: “Nafarroan, beti ikusi da aldatzeko beharra eskoletan arazoak daudelako, eskolari egurra ematen diotelako. EAEn, ordea, jendeak ez du ikusten gabezia, baina D ereduak ez du euskalduntzen”.
Ikastetxe gehiagotara zabaltzen ahalegintzen ari da orain elkartea. Haatik, egunerokotasunak borroka fronteak irekitzen dizkie etengabe: “LOMCEren kontrako plataforman gabiltza; zonalde ‘ez-euskaldunetan’ D ereduko eskolak aldarrikatzen; Guardia Zibilak Nafarroako D ereduko irakasleei buruz egindako txostenarena gertatu da...”.
A les escoles públiques basques, el professorat exerceix un paper fonamental en la gestió de la diversitat. Han hagut de reinventar la seva manera de fer el seu treball en els últims anys. Les escoles públiques em semblen laboratoris per a explorar el que és ser una persona... [+]
Sense ambients, em ficaré de ple en l'assumpte: els partidaris de l'escola pública estem sent molt agradables en debatre algunes coses. De debò, el que està passant amb els centres concertats és inacceptable. Estem tractant d'argumentar amb rigor i honestedat, com si... [+]
Encara que la decisió a penes afectarà el desequilibri entre els centres escolars, amb l'excusa de fer front a la segregació, el Govern ha retirat a l'Escola Pública d'Ordizia tres alumnes per a destinar-los a la ikastola.
Hem tingut coneixement de la publicació de les... [+]