Hego Euskal Herrian LOMCE legearen mehatxuak kezkatzen ditu, baina antzeko errealitatea aspalditik bizi dute Iparraldean. Maiatzaren 11n Herri Urrats ospatuko duen Seaska ikastolen elkarteak, Frantziako Hezkunde Nazionalaren ikasketa-programa jarraitzeaz gain, euskal curriculuma landu eta irakasten du.
Guraso talde batek Arrangoitzeko ikastola sortu zuelarik, elkarte izaerarekin eta bost ikaslerekin, “elebitasun orekatua” kausitzeko proposatu zuten hezkuntza ereduak “pedagogia metodo bereziak eta aitzindariak” behar izan zituela dio Seaskak bere webgunean. 1994. urteaz geroztik Frantziako Hezkunde Nazionalarekin kontratu pribatuan izanik, ikasketa-programa estatalak bete behar dituzte, helburu propioak lantzeaz gainera. “Egiten den guztiak segitzen du ikasleak euskaldundu nahian, ez bakarrik hizkuntzatik, baita haien nortasunaren aldetik ere”, dio Jean Mixel Etxegarai Seaskako Hezkuntza zuzendariak.
Hasieran, Seaskak bere koadroa finkatu behar izan zuen, horrek ekar lezakeen askatasunarekin. “Janaria prestatzea edo mutilek jostea” kuriositate esperimental gisara aipatzen ditu Etxegaraik, garai haiek gogoan. Izan ere, lehen hamarkada esperimentala izan zen batik bat: “Beharbada Hezkunde Nazionaleko programetatik urrunduz, baina aldi berean Seaskak bazituen bere frogak egiteko, beraz bien arteko zerbait izan zen”.
Ikastolen diru-laguntzarako negoziaketak 1981. urtean hasi ziren, garaiko gobernu sozialistarekin, baina pedagogia mailan 1994. urtea izan zen mugarri, Seaskak Hezkunde Nazionalarekin kontratu pribatua izenpetu zuen urtea. Orduz geroztik Hezkunde Nazionalak enplegatzen ditu irakasleak, eta elkarteko langile izatetik kide izatera iragan ziren. Etxegarairen erranean, kontratu horrek “Hezkunde Nazionalarengandik eta ikuskaritzarengandik begirada gehiago ekartzen du”. Hala ere, ez du ikastolen helburuetan ondorio larririk: “Nahiz eta, kontratupean izanik, koadroa hertsitu den, Seaskaren xedeek eta egin moldeak segitzen dute”.
Helburu nagusia ikasleak euskarazko hiztun oso bilakatzea da. Euskalduntzea ez da hizkuntzatik soilik egiten, haien nortasuna ere euskal kulturan bustitzea baitute xede. Programa frantsesak bete behar badituzte ere, irakasleek euskal kulturaren presentzia segurtatzen dute ikasgaietan. Uztarketa horren adierazgarri da Historia geografikoa: ikastoletan erabiltzen diren liburuak Ikas zentroak itzulitakoak dira, argitalpen frantsesetan oinarrituak. Frantziar iraultza aipatzerakoan, adibidez, erran gabe doa historiako gertakari horren irakurketak ez duela zerikusirik ikuspegi frantziarretik ala euskaldunetik egina bada. “Bistan da gure historia irakasleek ez dutela liburua bere horretan segituko eta euskaldunen aldarrikapenek lekua ukanen” dutela. Buruhausteak ere badira, ordea. Euskal curriculuma ikasgaira eramatea irakasleen ardura da, eta programa frantsesa betetzeaz gain, adibidez, Nafarroako erresuma gehitu beharreko zerbait da. Hezkuntza zuzendariak onartu du “hautuak” direla, eta beharbada “beti mugan” dabiltzala.
Ikasgaietan halako malgutasunarekin jokatzeak ez du, Etxegarairen arabera, Hezkunde Nazionaleko ikuskariekin arazorik sortzen: “Egia da dugun kontratuarengatik ezingo genukeela frantses programetatik osoki ihes egin, baina maiz ikuskariak interesatuak agertu dira ikusteko zer berrikuntza atzematen ahal duten ezker eta eskuin”. 2005ean Estatuan indarrean sartu zen Oinarri Komuneko Legeak berak babesten eta akuilatzen du esperimentazio pedagogikoa. Historiako adibideari jarraiki, programak zehazten du “historiako irakasle batek ahalik eta gehien lekuko aztarna eta adibideekin mamitu” behar duela ikasgaia.
Joera nagusiari jarraiki, gaitasunetan oinarritutako hezkuntza bultzatzen du curriculumak: “Egiten jakitea, izaten jakitea eta horiek denak mobilizatzen jakitea, bizitzan aurkitzen ditugun egoera konkretu eta konplexuak ebazteko”, azaldu du Etxegaraik. Curriculumaren bigarren ardatza euskal kultura, euskal historia, euskal nortasuna garatzean datza.
Muga administratiboaren ondorioak nabari direla gehitu du, eta pedagogia integratzailea ezberdin lantzen dela Hegoaldean eta Iparraldean, nahiz eta osagarriak izan: “Hego Euskal Herrian, sortzen duten materialetik pasarazten dute pedagogia integratzailea”; Seaskan berriz, irakasleen formakuntzan zentratzen dira gehiago: “Irakaslearen prestaketa horretan, egoera konplexu eta konkretuen ebazpenean ikasleak nola integratu ari gara lantzen, gaitasunak garatzeko bidean”.
Aipatu malgutasun pedagogikoa Estatuko ikastetxe guztiei irekia zaien arren, Sistema frantziarrean egonda euskal hiztun osoak sortu ahal izatea ahalbidetzen du Seaskaren estatus bereziak, “ez baikara zuzenean eta osoki zerbitzu publikoengandik kudeatuak. Gure irakasleak hautatzea, formatzea, animazio pedagogikoak antolatzea, barne mugimendua... administrazioak eginen luke, zerbitzu publikoetan bagina, ez genuke hauturik”. Pribatu izaerak ematen dio elkarteari hori kudeatzeko ahala; hori bai, “eskizofrenia puntu bat” aitortzen du Etxegaraik: “Seaska murgiltze zerbitzu publiko bakarra da gaur egun, denbora berean estatusa pribatua da, baina horrek ematen digu gure etxearen jabe izatea”.
Seaskaren izaera pribatuagatik irakasleak hautatzea eta formatzea elkartearen esku bada ere, Hezkunde Nazionalak enplegatzen ditu, harekin duen kontratuagatik. Irakasle batek, lehen urteetan, Seaskaren barne formakuntza jarraitzen du gero Frantziako irakasle lehiaketetara aurkezteko. Fase horretan, irakasle titularrak izateko prestatzen direnean, “gure proiektua ezagutu dezaten eta gure hezkuntza ikuspegia jaso dezaten” zaintzen du Seaskak.
Formakuntza zentroa du elkarteak irakasleei zuzendua, eta hortik bideratzen dira Pedagogia Egunak ere. Jardunaldi horietan, gogoetak taldean plazaratzen dira, ildo batzuk markatzeko. Aurten ahozkotasunaren inguruan ari dira, ikasleen mintzamena nola indartu aztertzen. Jendartean –eta bereziki hiriguneetan– euskararen erabilerak duen bilakaera kezkagarriak ondorioak ditu ikastoletan ere, Etxegaraik azpimarratu duenez: “Ikastoletan sartzen diren ikasle gehienek ez dute euskara menperatzen eta errealitate horrek eramaten gaitu gogoetatzera eta erabakitzera nola eginen dugun indartzeko transmisio jabetze hori”. Lehen mailarako, adibidez, adin desberdinetako ikasleak gela berean nahastea lehenetsi dute, txikienek helduagoak euskaraz entzun ditzaten, eta txikienei irakastea helduenentzako akuilu izan dadin.
Seaskak bidea urratu behar izan du den heinera heltzeko, eta botere publikoekin, jakina denez, borrokan segitzen du oraino ere. Baina bere ikasgeletara gero eta haur gehiago hurbiltzen denez, gero eta gehiago dira ikastetxeak. Kolegioak hiru dira, eta lizeo bakarra bada ere, 2015ean lizeo profesionala irekitzeko xedea bada Miarritzen. Orotara 3.100 ikasle ziren 2013an, eta gehiagoren mentura bada heldu den ikasturterako.
Beste datu bat ere aipatu da azken urteetan arrakastaren seinale gisara: ikastolako ikasleen ehuneko ehunak Baxoa lortu izana. Unibertsitatera sartzeko ezinbestekoa den azterketaren emaitza horien interpretazioari aldiz, ñabardura egin nahi die Etxegaraik: “Ez dugu sekula helburutzat hartu ehuneko ehunak lor dezan Baxoa. Elementu inportante eta atsegina da, baina ikusi behar da zenbat sartzen diren kolegioan eta zenbat Baxo orokorrean (lizeoan), baloratzeko beste irizpide batzuk har genitzake”.
La federació SEASKA ha aconseguit entrar en el programa amb un centenar d'alumnes més que l'any passat. Amb els alumnes de dos anys que s'incorporin en els pròxims mesos, se superarà el límit de 4.300 alumnes. En primer curs, l'augment és de 33 alumnes, però el més destacat... [+]
Haserre mintzatu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria, Beskoitzeko Herriko Etxeak astelehenean hartutako erabakiarekin. 51 haur dituen ikastolarekin hitzarmena eten du auzapezak, eta sei hilabeteren buruan debekatuta izango dute bertan eskolak ematea. Gurasoek harridura... [+]