2001ean, 6 eta 17 urte arteko 215 haurri diagnostikatu zieten Arreta Gabeziaren Hiperaktibitate Nahasmendua Nafarroan; 2012an, 1.000 haurri. Hiperaktibitatea arinkeriaz diagnostikatzeko joerari gehitu behar diogu modu kezkagarrian igo dela pastillak hartzen dituzten haurren kopurua, jakinik botika hauen eraginkortasuna oso zalantzagarria dela. Hala diote duela gutxi kaleratutako azterketaren emaitzek.
Garrantzitsua da bereiztea hiperaktiboa “dena” (arazo neurobiologikoa duelako) eta hiperaktibo “dagoena” (beste arrazoiren batengatik jarrera hiperaktiboa duelako). Jokabidearen nahasmendua da hiperaktibitatea, umearen jokabide-pautak aztertuz antzeman beharrekoa, eta gaizki ebaluatutako eta gaindiagnostikatutako kasuak ugaritu egin dira (arazo neurobiologikoa herritarren %2-3k dauka, baina askoz ume gehiagok du nahasmendua diagnostikatuta). Gaia Diagnostiko okerren ondorio kaltegarriak erreportajean jorratu genuen (2255. zenbakian) eta berriz ekarri dugu orriotara, datu esanguratsuak argitaratu dituelako Luis Carlos Saiz Nafarroako Farmakoterapia Ikerketarako koordinatzaileak, Foru Erkidegoko farmakoterapeutika buletinean.
Lehenik, pediatra eta haur psikiatren artean egindako inkesta eta azterketak hartu ditu hizpide Saizek: horien arabera, sintomen ebaluazioa guraso eta irakasleen –eta hauentzat jokabide “anormala” denaren– interpretazioan oinarritzen da sarri (erreferentzia objektiboak falta dira, neurtu beharreko faktoreak ere ez baitaude argi), eta are gehiago, irizpideen portzentaje handi bat betetzen ez denean ere, nahasmendua diagnostikatzea da joera.
Epe labur eta luzera pastillek duten eragina
Behin diagnostikoa eginda, farmakologikoki erantzutea izan ohi da konponbidea. Nafarroan, 2000 eta 2012 urteen artean 30 bider gehitu da metilfenidato eta atomoxetinaren kontsumoa haurren artean. Zertarako balio duen batez ere Ritalin markapean saltzen den metilfenidatoak? Epe laburrean, frogatu denez, umeak gutxiago oztopatzen ditu gainerakoen hizketaldiak, arreta mantentzeko eta kontzentratzeko balio dio, eta haurraren mugitzeko gaitasuna txikitzen du. “Sozialki onargarriagoa den jokabide berri hau –ohartarazi du Saizek– lotuta dago emozio adierazpenak urritzearekin, jakin-mina eta malgutasun kognitiboa gutxitzearekin, harritzeko eta galdetzeko gaitasuna murriztearekin, iniziatiba eta espontaneotasuna galtzearekin, eta umore neutroa eta jarrera pasiboa bultzatzearekin”.
Eta epe luzera, metilfenidatoak lortzen al du umeak aurrerapenak egitea akademikoki, sozialki eta familiartean? MTA ikerketa hartzen du adibidetzat Saizek, orain arte egin den zehatzena (7 eta 10 urte arteko 579 haurrengan). Lau taldetan banatu zituzten haurrok: batzuek botikak hartu zituzten, besteek tratamendu psikosoziala jarraitu zuten, hirugarren taldeak tratamendu konbinatua, eta laugarrenak ohiko terapia. Ondoren, agresibitatea, abilidade sozialak, antsietatea, depresioa, gurasoekin harremana, ikasketetako jarduna… moduko aldagaiak neurtu zizkieten. 14 hilabetera, aldagai guztietako puntuazioa hobetu egin zen lau taldeetan, eta batzuen eta besteen arteko ezberdintasunak txikiak izan ziren. Zortzi urtera, berdinak ziren talde guztietako emaitzak. Hots, botikak hartzeagatik haurrek ez zituzten emaitza hobeak lortu; aldiz, Saizek azpimarratu duenez, farmakoek ondorio kaltegarriak eragin ditzakete, besteak beste, sistema kardiobaskularrean, psikiatrikoan edota endokrinoan, eta menpekotasuna sor dezakete.
Gizarte ereduaren arazoa estaltzeko modua
Nork eta nola zehazten du gaixotasuntzat hartzen denaren kontzeptua? Zein neurritan erabiltzen ditugu farmako psikoaktiboak kulturalki onartzen denaren kontrol soziala errazteko? Erosoagoa al zaigu fokua pertsonarengan jartzea, familiaren, hezkuntza sistemaren edo gizartearen disfuntzio konplexuagoak azaleratuko lituzkeen arazoetan ezartzea baino? Eztabaida mahai gainean jartzen du Luis Carlos Saizek, eta iradokitzen du egungo gizarte ereduaren dinamika ez dela lagungarria haurrari eskatzen diogun gogoeta maila, garapen intelektuala eta heldutasun emozionala lortzeko. “Ingurumaria honetan, jokabide konplexuen aurrean guraso eta irakasleek maiz gainezka eginda ikusten dute euren burua, hainbat ezaugarrirengatik: denbora falta, abilidade zehatzen gabezia, autoritatea ezartzeko ezintasuna, presio lehiakorra… Eta behin umea gaixotzat etiketatu dugunean, norberak izan dezakeen erantzukizunetik aske, farmakoa aukera erosoa da, epe laburrean emaitzak dituena eta beste alternatiba batzuk baino ekonomikoagoa. Botika haurraren identitatea indartzera eta beharbada berregitera dator. Dudarik gabe zigorrak, kanporatzeak eta familiarteko gatazkak saihestuko dira, baina horren ordaina da umearen autonomia eta gaitasunak pastillaren mende uzten direla”.
Ondorioa garbi du profesionalak: ebaluazio landuagoak eta sakonagoak egitea, haurraren, senitartekoen eta ikas-komunitatearen inplikazioarekin ikuspegi zabalagotik jorratzea, eta hautu farmakologikoa azken baliabidea izatea.
Ikasleak ez direla gai eserita adi egoteko, ez dutela arreta jartzen, hiperaktibo asko dagoela… kexa orokor diren garaiotan, hain juxtu eserita denbora gehiegi igarotzen dutela uste du Angela Hanscom pediatrak: haurrak ez dira behar adina mugitzen, eta horren ondorioz... [+]
“Hemendik urte batzuetara, haurrak gehiegi medikatzeagatik sortutako gaixotasunez kezkatzen hasiko gara eta ea nola desegiten dugun egindako guztia”.
Hamar gaitz asmatu, farmazeutiken eskutik artikuluak iritzi kontrajarriak sorrarazi ditu. Hiperaktibitatea gaitz asmatuen zerrendan jartzeak piztu du polemika gehien.
Horixe hezkuntza arloko jendeak helarazitakoa: irakasleak arduratuta daudela, gero eta haur gehiagok duelako Arreta Gabeziaren Hiperaktibitate Nahasmendua delakoa, kopuru kezkagarrietara iristeraino. Eta hori entzunda, gogora etorri zait Diagnostiko okerren ondorio... [+]
Duela hamalau urte Maria Jesus Torresek iragarkia jarri zuen prentsan haur hiperaktiboak zituzten beste gurasoekin harremanetan jartzeko. Sei ama elkartu ziren kafetegi batean. Horrela sortu zen ADHI Arreta gabeziaren hiperaktibitate nahasmendua duten neska-mutil eta... [+]