Gipuzkoako herritarrak kalteturik aterako dira, Foru Ogasunak Kutxari –orain Kutxabanken barruan– 30 milioi euro ordaindu beharko dizkiolako, 2001ean gaizki egindako inspekzio batengatik. Orduan EAJ zegoen foru erakundearen agintean eta bere kudeatzaile politikoei dagokie gertatutakoaren ardura. Espainiako Auzitegi Gorenak Kutxak bere garaian jarritako helegitea onartu du eta ebazpenean dio 2006an Kutxak kopuru hori ordaindu behar izan zuela. Kutxak 2001 eta 2005 artean sozietate-zergaren aitorpenen bidez 21,4 milioi euro ordaindu zituen –interesak barne 30 milioi euro dira–; bada Gorenak kopuru hori ordaintzetik salbuetsi du. 1997tik 2004ra Kutxak Repsolen inbertsioak egin zituen, La Caixa eta Caixa Catalunyarekin batera espresuki sortutako Repinves SA elkartea erabiliz. Horrek Kutxari ahalbidetu zion fusioentzako erregimen berezian sartzea eta motibazio ekonomiko bat egonez gero –eta ez zerga gutxiago ordaintzeko intentzio soila– kenkari fiskalak izatea.
Kontu honetan, erantzukizun bikoitza dago. Alde batetik, Fernando Spagnolo presidente duen Kutxarena, ingeniaritza fiskala erabili baitzuen zerga gutxiago ordaintzeko; horrek Gipuzkoako lurraldearekiko konpromiso sozial eta politiko eskasa agerian utzi du. Bestetik, EAJrena, orduko buruzagi nagusi Roman Sudupe eta Antton Market zituela. Politikariok, kudeaketa kaskar horrekin, herentzia milioidun negatiboa utzi dute, duela 13 urte gainbegiratu ez zuten operazioaren ondorioz.
Orduko Kutxaren eta Gipuzkoako Ogasunaren kudeatzaileak finantza eszenatokitik desagertu dira, baita politikatik ere. Ez al lukete aurpegia eman behar eta euren erantzukizuna onartu? 30 milioi euro horien ordainetan herritarrak kaltetuta aterako direnez, Gipuzkoako EAJk ez al du operazioaren inolako ardurarik bere gain hartu behar? Besteei eragindako mina onartzeko eskatzen dietenek, eredu izan behar lukete, orain eta hemen.
Belen Bilbao mediku eta militante feministaren, Argitan Emakumeentzako Aholku Etxearen eta Skolastika literatur proiektuaren ibilbidea aitortuko dute VII. Zirgari Sariek. Martxoaren 7an egingo da sari banaketa, Bilboko BBK Aretoan.