Anjel Lertxundi::Hunik arras artean
Lur, 1970
Berrogeita lau urte luze eta oparoko ibilbide literarioa noizbait hasiko zen. Eta abiapuntua Hunik arrats artean honetan kokatu behar. 1970. Gutxigatik, Rafael Berrioren diskorik merezi ez duen urtea. Ipuingintza huskeria izatearen ustetik libratzen ari zen garaia. Anjel Lertxundi “izan zen lehena, Martin Ugalderen ondoren, ipuina modu sistematikoan lantzen eta genero honi literatur balio osoa ematen”, esango digu Izagirre-Mendiguren tandemak. Ipuin liburuaren azal hegala mintzo zaigu orain, akaso ausarki, estreinakoa baitzen, hogeita bi urterekin argitaratua: Anjel Lertxundi “euskal literaturako ipuinegileen artean onenetako bat da”. Hasier Etxeberriaren Bost idazle elkarrizketa liburuan aitortzen du Lertxundik azal hegal horrekiko ahalkea; berak idatzi ez zuela aitortzeaz gainera.
Emaitza gogoangarrienak nobelagintzan aitortu bazaizkio ere –Hamaseigarrenean, aidanez; Otto Pette–, Espainiako sari nazionala saiakera batekin irabazi duen arren –Eskarmentuaren paperak–, hasieran izan zen ipuina. Kasu honetan ipuin aski laburra, errebueltarik gabea, ez gutxitan bihurria. Tarteka, hegoamerikarren errealismo magiko deitu hura gogorarazten-edo diguna. Luisa ipuinean, esate batera, eta ez bakarrik “maitasuna ahariekin egiten” dutelako; protagonistagatik: “hamabi urterekin haurdun zen eta ez zekien aitaren berri. Augusto bere aita izan zezakean. Edo Augusto, bere anaia. Edo Augusto, bere etxean bizi zen lengusua”. Marteka saiakeratxora gerturatzen den ipuina, iritzitik iristen dena: adibide dira Pentagrama bat osatu ezinean –abeslariek, “musika fusilatu, hurkatu ditek, hitza salbatzearren”– edota “Bizardunen bizarra eta loretokia” –“Egun, estruktura etsai bat dugu eta ertilariak dira estrukturen salatzaileak”–. Tarteka eta marteka, azkenerako, izateko gure herriaren berri ematen digun ipuina. At joaten geranean, erakusgarri gisa: “Literatura eta ertia burgeskeriak dira”, aurrerago esateko “Marx bakarrik irakurtzea da burgeskeria”. Baina, tira, Lertxundik esaten zuen jada, 1970ean dagoeneko: “Snob-zale gehiegi dago gure herrian”.
Berrogeita lau urte ez dira alferrik pasa, ordea; gauza batzuetan, onerako gainera: “Ba diat nik lagun bat astero Zeruko Argian idatziarren xentimorik kobratzen ez duena”. Lertxundiren obra gerora hazi da, sendotu, gainditu ditu hasierako ipuin haiek. Baina ia mende erdi bat geroago irakurririk, eta emailu batek kolpatzen digun bezala, “nekerik gabe atzemango dugu idazle baten sena bideratu zuela genero baztertu honek”. Ibilbide literario luze eta oparoena ere, beti, noizbait hasten baita.
Grup Itzal(iko)
bagina: Flores de Fang.
Actors: Els comentaristes seran Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga i Izaro Bilbao.
Adreça: IRAITZ Lizarraga.
Quan: 2 de febrer.
On: Saló Sutegi d'Usurbil.