Kutxabanken etorkizuna, hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aurrezki kutxen etorkizuna, eta beraz euskal industria eta ekonomiarentzako finantza-bizkarrezur gisa duen funtzio soziala, arriskuan dago, pribatizazio prozesua dela eta. Eta hortaz, azken hamarkadatan milaka aurreztaile, erakunde publiko, udal, aldundi eta langileri esker lortutako ondasuna dago arriskuan. Herritarren eraso azkarrik ez badago, ez badago erantzun politiko eta instituzionalik, inbertitzaile putreek hartuko dute kontrola eta espoliatu egingo dute. Joan den astean 2013ko kontuak aurkeztu zituzten eta jakinarazi zutenez 108 milioi euroko etekinak –zerga ondoren– izan zituen, 2012an baino %28 gehiago. Bere industria-zorroa 3.100 milioi eurokoa da, berezko funtsen %70, hain justu.
Jakina, euskal kutxek, Europaren aginduz, esan nahi baita nazioarteko kapitalismoaren kudeatzaileen aginduz, Kutxabanken duten kontrola %30era murriztu beharko dute. Gainerakoa pribatizatu egingo da. Kutxabank jada hasi da enpresa ezagunetan zuen partaidetza saltzen, hala nola Euskaltel eta Ibermatikan zuena, eta Iberdrolan ere bere presentzia gutxitu du. Eta arrisku-kapitaleko inbertsio funtsei saldu die partaidetza hori, funts horiek putre bilakatzen dira, berehalako errentagarritasunaren bila, jarduera produktiboarekin zerikusirik ez duen interes espekulatiboz erosten baitituzte partaidetzak. Kutxabank finantza putreek inguraturik dago, eta erresistentziarik ez badago, hilko da eta bere ondarea harrapatuko dute, aldundi, udal, zergadun eta langileen ondarea. Kutxabankek putreen diru-goseari eutsiko badio, haien atzaparretatik libratzeko borrokatu beharko dugu. Alternatibak badaude: aurrezki kutxa gisa mantentzea edo kreditu kooperatiba bihurtzea. Kosta ahala kosta saihestu behar da norbaitek “euskal kutxen sistemaren ekonomizidio” moduan deskribatu duen hau.
Belen Bilbao mediku eta militante feministaren, Argitan Emakumeentzako Aholku Etxearen eta Skolastika literatur proiektuaren ibilbidea aitortuko dute VII. Zirgari Sariek. Martxoaren 7an egingo da sari banaketa, Bilboko BBK Aretoan.