Sagardo ekologikoa elaboratzen dute sagardozale batzuek, kalitatea helburu. Modu ezberdinean funtzionatzen duten horietako bi ekoizle ekarri ditugu hona: Zeraingo Oiharte sagardotegia, txotxean irekitzen dituen kupel eta guzti, eta Gizaburuagako Laneko kooperatiba, sagardoa zuzenean botilaratu eta salmentara daramana.
Familiako baserria da Oiharte, Zeraingo udalerrian kokatua. Aspalditik egiten dute sagardoa, baina publikoari irekitako merkatura duela lau kanpaina egin zuten salto. Sagardo konbentzionalaren ekoizpenarekin hasi ziren eta ondoren ekin zioten sagardo ekologikoa egiteari. Haritz Eguren Urrestarazu sagardozaleak azpimarratu du sagardoa ez dutela produkzio handira bideratu nahi, neurria hartu eta ahalik eta kalitate oneneko produktua sortu nahi dutela. 2013ko txotx denboraldirako egin zuten lehen sagardo ekologikoa. 3.000 litro inguru egin zituzten txotxera eta botila salmentara zuzenduta. Beren sagastietako eta Zerain inguruetako baserritarrei erositako fruituetatik ateratako zukuarekin egiten dute sagardoa; gehienbat Idiazabal eta Mutiloako sagarra erabiltzen dute, baita Oñatiko zertxobait ere. Iaz saiatu ziren, gainera, kupel bakoitzean zegoen sagarra zein baserritakoa zen azaltzen: “Aitortza egin nahi izan genien sagarra saldu ziguten baserritarrei”, dio Egurenek.
Aurten, baina, ezin izan dute sagardo ekologikorik egin. Zeraingo sagardozaleak adierazi du sagar gutxiko uzta izan dela 2014koa. Bazuten aukera sagar ekologikoa kanpotik ekartzekoa, Bretainiatik, baina kostua ere bazeukan, eta nahiago izan dute aurtengoa horrela joan dadin utzi. Halere, berritasunik izango da: sagardoa zerbitzatzeko tapatxoen formadun kortxoak jarriko dituzte 2014ko Oiharte sagardo botiletan. Petritegi sagardotegian hasi zuten eta Zeraingoak izango dira berrikuntza hori merkatura ateratzen bigarrenak. Datorren urtean, Labeldun sagardoa egitekotan dira, alegia, bertako sagarrarekin egina dela bermatzen duen ziurtagiriarekin.
Nekazal etxearekin konbinatzen dute Oiharten sagardo denboraldian irekita izaten duten upeltegia. Nekazal etxea egin zuten lehenbizi, 2000. urtean. Bospasei urteren bueltan, horren gertukoa zuten sagardoaren kultura bertaratzen ziren lagunei erakusteko ideiarekin prestatu zuten lehen jangelatxoa. Txotx garaiarekin batera otorduak ematen hasi ziren, eta pixkanaka eskaera zabaltzen hasi zitzaien. Inguruko herrietatik jendea gerturatzen zen Oihartera, eta apustu berri bat egitea erabaki zuten: publikoari begirako sagardotegia irekitzea.
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) ematen die ziurtagiria produktu ekologikoa ekoizten dutenei, eta Oihartek ere badu berea. Kontrol zorrotzak pasa behar izaten dituzte: prozesu guztia neurtzen dute, sagar bilketatik hasi eta botilaratzeraino. Prezintatuta edukitzen dute kupela, eta edozein aldaketa egin behar badiote ENEEKi pasa behar izaten diote abisua, mugimendua ikuskatzera joateko. Gainera, sagastiek sagardo ekologikoaren ziurtagiriaren barruan erregistratuta egon behar dute, eta sagasti horietako fruituekin sagardoa egiten hasterako, zuhaiztiek hiru urteko garbiketa edo depurazio prozesua pasa behar dute.
Kooperatiba moduan funtzionatzen duen Lea-Artibaiko elkartea da Laneko eta sagardo ekologikoa egiten dute 2001. urtetik. Orain hamasei urte, inguruko hamalau bat baserritar bildu eta euren produktuak merkatura zabaltzeko bidea ireki zuten. Barazki kontserbak eta marmelada ekologikoak ekoizten hasi ziren lehendabizi, Leartibai Ondarea markapean.
Beste hainbat produkturen artean –denak ez dira ekologikoak–, duela hamahiru urte sagardo ekologikoa ekoizten hasi ziren. Kooperatibako bazkide batek sagasti ekologikoa zeukala-eta heldu zioten erronkari, eta gaur egun 2.000 eta 4.000 litro arteko produkzioa dute, Arteaga eta Munitibartik ekarritako sagarrekin. Kasu honetan, upeltegia izan badute, Gizaburuagako industrigune batean, baina ez dute produkzioa txotx garaira bideratzen; zuzenean botilaratu eta salmentarako da. Bizkaian sagardo ekologikoa egiten duen elkarte bakarra da gainera, eta ez dago sagardo ekologikoa egiten duen sagardotegirik.
ENEEKek emandako ziurtagiria dauka Laneko kooperatibaren sagardoak ere, baina kontrol moduetan badaude Oiharte bezalako sagardotegietan egiten direnarekin aldeak. Kooperatibak ekologikoak ez diren produktuak ere lantzen ditu, eta beraz, produktu ekologikoa egitera doazen egunetan dira kontrolak, jarduera benetan ekologikoa baino ez dela ikuskatzeko.
Azoka ekologikoetan salmenta zuzena egiteaz gain, banatzaile bat ere badaukate eta produktu ekologikoen kontsumitzaile elkarteekin egiten dute lan. Sagardoa ez dute esportaziora bideratzen, kopuru txikietan mugitzen dira, diotenez sagardoa bezalako produktu ekologikoek ez dutelako eskari izugarririk, nahiz eta gero eta ezagunagoa den. Handiagoa da barazki eta fruta ekologikoaren salmenta, produktu freskoarena. Hori horrela, datorren urteari begira sagar zuku ekologikoa egiten hasteko asmoa darabilte buruan.
Oiharte (telefono zenbakia: 943 50 10 13) sagardotegiaren tankeran txotx garaian ireki eta sagardo ekologikoa duten sagardotegiak:
- Iparragirre sagardotegia
(Hernani, Gipuzkoa). 943 55 03 28
-Txindurri iturri sagardotegia
(Deba, Gipuzkoa). 943 19 93 89
Laneko Kooperatiba (946 84 20 26) bezala, txotx garaian ireki gabe sagardo ekologikoa egiten duten ekoizleak:
- Borobia sagardoa
(Barrundia, Araba). 943 67 43 63
- Unanue sagardoa
(Azpeitia, Gipuzkoa). 943 08 08 26
- Ekain sagardoa
(Zestoa, Gipuzkoa). 943 14 80 33
La temporada del txotx ha començat i la ciutadania ha començat amb il·lusió a provar la collita criada en els cellers de les sidrerías. No podem faltar al ritual anual, a aquesta manera d'impulsar i viure la cultura basca. Però tota tradició, voluntària o no, canvia i... [+]
Hernaniarra naiz. Sagardozalea. Eskubaloira jokatu dudan hogei urteetan ezagutu ditudan emakume gehienek, nazioarte mailan jokatutako kirolari handiak barne, nik bezain beste gozatzen zuten sagardotegian garaipenak ospatzen genituenean, edo talde sentimendua kupel artean... [+]
Eguerdiko 13:00etan emango dio hasiera, proiektu solidarioak, 2018ko sagardotegi garaiari. Aurretik, trikitilariak eta Kalez Kale Kantariko kideak ibiliko dira herriko kaleetan, eta kirikoketa erakustaldia egingo dute Plazan. Irekieraren ondoren, bazkaria egingo dute Goiko... [+]
El 17 de juny es va celebrar el Sagarno Eguna en Hendaia. Fa uns vint anys van començar a celebrar-ho, però després d'un parell d'anys de descans, l'associació Baleak ja va recuperar la iniciativa l'any passat.
En la festa d'aquest any hi ha hagut alguna novetat: El d'Hendaia ha... [+]
Larunbat honetan sagardo eguna eginen dute Hendaian. Duela hogei urte inguru hasi ziren egun hori ospatzen, baina urte pare bateko deskantsua eta gero, iaz berreskuratu zuen ekimena Balea elkarteak.
Egunotan ikusgai dago Sagardoaren ibaiak, bizitza iturri erakusketa Hernanin. Urumea eta Oria iraganean burdinari, ontzigintzari eta merkataritzari loturiko ibaiak izan zirela ikus dezakegu haren bidez.
Martxoaren 14an beltzez jantzitako emakumeek hartuko dituzte Hernaniko kaleak. Ekintza honek sagardotegi boladan ugari izaten diren eraso sexisten aurkako mezua zabaldu eta autodefentsa feministaz erantzuteko deia egingo du.
Zuberoa, Nafarroa eta Lapurdiko sagargilez osatutako Eztigar kooperatiba bere egoitza zabaltzen ari da Donaixti-Oztibarren, sagardoaren kultura Iparraldean ere indartzen ari den seinale.