“Xoxo beltz bat banuen kaiolan sartua...”.
1970eko hamarkadako Larzabaleko gazte bat lanbidez antzerkilaria izatea harrigarria da zenbaitentzat. Zuretzat?
Ez hainbeste. Euskal antzerki amateurrak bere gailurra jo eta gainbehera hastear zuen aro bizi-bizian hazi naiz. Gurasoei esker antzerki anitz ikusi dugu, ohiko aktibitatea zen gure eskualdean. Batean ez bazen bestean, herri osoa oholtzatik iragaten zen urteak ziren. Amikuzeko ikastola eta Xalbador ikastegitik pasa izanak ere badu eraginik gure antzerki bizitzan. Antzerkira dedikatu eta antzerkitik bizitzeak bai ekartzen zuela salto bat, baina naturalki emandako urratsa izan zen. Ez dut inoiz deus harrigarririk egiten nuen sentsaziorik ukan. Egia da jendeak “zer egiten duzu?” galdetu eta “antzerkia” erantzutean, “eta lanbide gisa?” gaineratzen duela, baina ez dut arraro bizi. Are gehiago, jendeak aktore, zirtzil edo bufoien behar gorria duela uste dut. Zer esanik ez, bizi ditugun garai hauetan.
Ikusle kopuruaren gorabeherak lotuta daude antzerki amateurraren egoerari?
Publiko baten bizia antzerki amateurrak sustatzen du gehienik. Ez da kasualitatea hegoaldeko eskualde zenbaitetan orain arte ikusten ez genuen zalego gazte bat hurbiltzea antzerkira. Lan amateurrari hertsiki lotua da. Aldiz, Iparraldean, antzerki amateurra izigarri indartsua izan da urtetan, baina Antton Lukuk bere Euskal Kulturan bikain desmuntatzen duen sistemaren erruz, gainbehera nabarmenean da. Profesionalizatzearen izpirituak gidatu ditu indar guztiak eta profesionalizatzeak antzerkia jende jakin baten espezialitatea bilakatzea dakar. Urrezko garai haietan, antzerkia ohizko ekintza soziala zen, dinamika herrikoia, lagunekin egoteko eta ligatzeko aitzakia... Horrek du publikoa egiten. Kalitatez irabaziko delakoan bizitza soziala profesionalen esku uztea iruzur izigarria da, antzerkia jendearen ohiko bizimodutik ateratzeak publikoa husten baitu. Hori da Iparraldean gertatu dena. Pentsa, euskaraz sortu ditugun azken antzerkiak ezin izan ditugu Zuberoan eta Baionan eman. 1969an, Matalaz eman zuten Baionako antzokian, gaur egun hori pentsaezina da, ezinezkoa. Horregatik, leku batzuetako berpizkundeak pozten nau, gure lanaren funtsa baita, baina falta zaiguna beldurtzekoa da. Ohiko ekintza izateari uzten dionak desagertzen bukatzen du.
Gurean ohikoa erakundeez kexatzea da.
Antzerkiaren geroa ez da batere erakundeen esku. Horrek ez du heien beharrik ez dugula erran nahi, baina guretzat lan egin behar dute eta ez alderantziz. Alabaina, gure irizpideak galdu ditugu eta haiek finkatutakoen arabera ari gara. Dena den, antzerkia gizartearen ispilu izateaz gain, kolektiboa da, eta taldean arituz nire indar propioak biderkatzen ditut. Norabide hautatu eta helburu komun batean hamar lagun ari bagara lanean, hamar baino gehiago gara. Ez gara Dabid Goliaten aurka, izatekotan talde bat gara. Horregatik diot Martintxorena dela gurea. Gurean ez dugu gari-bihirik, eta garirik gabe ezin dugunez ogirik egin, nahitaez joan behar dugu gari-bihi meta izigarri bat duten Basajaunen herrira. Badakigu ezinezkoa dela, baina metaren gainetik salto egiteko parioa hartzen dugula sinetsaraziko diegu, eta metan erortzean gari-bihiak botetan gordeko ditugu gure herrira ekarri eta ogia egin ahal izateko. Izpiritu zirtzil eta aski euskaldun horrekin egin behar dugu aitzina. Biderkatzea da erronka. Ekintza bakoitzak sor ditzala beste bi, bi horiek lau, lau horiek zortzi... Ekimen bakoitzak gure esku egongo ez diren beste anitz sor ditzala. Ez dut onarpen instituzionalik espero. Zilborrerako eta poltsikorako ona da, baina luzera begira batere ez. Nik Zuberoan eta Baionan antzerkia euskaraz eman nahi dut, besterik ez.
Martintxorena bizi-jarrera bat ez ote den...
Jakina, baina ez aktoreei soilik dagokien jarrera bat. Edozein langilek bere buruari eskaintzen ahal dion aukera da. Talde batek abentura kolektibo bat eramatea erabakitzen duenean –guk aurten betetzen ditugu 20 urte– taldearen produkzioa eta norbere baratzearen arteko oreka landu behar du. Ez dut uste bakoitzaren ekarpena bereganatzen eta bakoitzaren nortasunaren onena xurgatzen ez duen lan kolektibo onik dagoenik. Taldearen lanaren baitan norbere baratzea elikatzeak egiten du obra on eta benetako. Hor hasten da antzerkia politikoa izaten. Antzerkia berez baita politikoa. Sekula errentagarria izan gabe oraindik bizi bada politikoa delako da, gizarteak ispilu bat behar duelako erregeak bufoia behar duen gisan. Horren kontziente izan gaitezke edo ez. Nik nahiago dut kontziente izan eta arma horiek erabili.
Euskal antzerki nazionala egiteko, adibidez?
Egia da mugaren alde bietan konpartitzen ez ditugun erreferentzia erdaldunez josiak garela, baina euskaraz aritze hutsak errotik aldatzen du ikuspegia. Entzun dezakezu euskaldun baten kontzertua erdaraz mintzatzen segituz, euskarazko antzerkiak bortxaz sortzen du euskarazko bizia. Afera ez da publikoa erreferentzia erdaldunen zurrunbilotik atera ezinik dabilela, euskal erreferentzien eskasia sentitu eta bila abiatuko dela baizik. Maila horretan, bere funtzioa betetzen du antzerkiak. Gure arazoa, alta, beste bat da: jendearen kode eskasia. Adibidez, toberarena da antzerkiaren kodeetako bat, eta kode horren baitan egon liteke lana ulertzeko giltza. Horregatik, jendeak gure kultura irakurtzeko duen kode eskasiari egin behar diogu aurre. Hori hala, gure erreferentzia komun sorta sortzen ari gara.
Toberaren tradizioa ez ezik, dantza eta kantuarena ere biziki presente dira zuen lanetan.
Euskal antzerkia egiten dugun heinean toberari lotuak gara. Toberari uko egingo bagenio gure nortasunaren zati bat galduko genuke. Tobera izatez da politikoa, hatza zaurian sartzen duena, baina hori kenduz gero zer geldituko litzateke? Mamirik gabeko sorkuntza estetikoetan edo jendeari memento goxo bat pasaraztea beste helbururik ez duen obra hutsaletan oinarritzea ez da iraunkorra. Jendearen eta jendartearen mamuei heltzetik dator iraupena. Hortik dator antzerkilariaren zirtzil izaera. Ez gara deusetan espezialistak baina ur guztietatik edaten dugu. Toberara itzuliz, dantzariek plaza finkatzen dute, bertsolari eta kantariek mamiari zukua atera, eta zirtzilek bazterrak inarrosi. Denen nahasketak dakar eltzekari ona. Barazkiak kentzean zaporea galtzen da. Berez “musika” hitzak arte guztiak biltzen zituen bere baitan. Musika musa zen, inspirazioari eta sormenari loturiko oro. Gainera, hastapenetatik du antzerkiak ofizio guztiak biltzeko bokazioa. Etekinik gabeko zerbait sortzeko lanbide desberdinen bilgune delako da jendartearen ispilu. Bestela, ezingo luke.
Orain arte obra gutxi antzeztu dira mugaren alde bietan. Zergatik?
Egoera politikoari lotua da, lehenik. Muga fisikoa inposatzeaz gain, jendearen pentsamenduan errotzea lortu dute. Iparraldekoek Hegoaldera joanez Hegoaldekoek ez zutela ulertuko pentsatu dute, eta alderantziz. Guretzat, euskaraz ari garenean, lehen helburuetarik bat Euskal Herri guztian aritzea da. Beste behin, batzuetan ekintzatik burutik baino lehenago pasa behar dela ohartu gara. Ekintza lehenesteak sortzen du uste baino urrunago joateko aukera. Guk Luhuson egiten dugu lan eta Hameka izeneko egituraren baitan saiatzen gara trukaketa horiek sustatzen. Baina Euskal Herria Iparralde-Hegoalde binomioa baino anitzagoa eta konplexuagoa da, eta zenbaitetan errazagoa da Urruñatik Donostiara joatea Zuberoara baino. Alabaina, proposamenak egin eta berreginez edo Hegoaldeko antzerki zenbait hona gomitatuz, obra bat bizkaieraz ikusteak interesa duela jabetzen den publiko bat sortzen dela ohartu gara. Ekintzak ditu hausten jendearen baitako mugak.
Muga horiek hausteko konpainia batzuk bi hizkuntzetan ematen dute obra bera. Zuek obra batzuk frantsesez eta beste batzuk euskaraz ematen dituzue, sekula ez elebitan. Zergatik?
Euskal antzerkia delako hasieratik bururaino euskaraz pentsatua, sortua eta landua dena. Hizkuntza bat ez da bere hitzetara mugatzen, jendarte baten bizi osoaren adierazle da. Hala, itzulpen soil batera mugatuko bagina, azalekoagoa, hutsalagoa litzateke dena. Gure kasuan hautu kontziente eta politikoa da. Euskaraz ari garenean, frantses askok galdegiten digute zergatik ez dugun frantsesezko itzulpenik egiten, panelen bidez bada ere. Hori egingo bagenu ez genuke euskaraz ikasteko edo bizitzeko beharrik sortuko. Horrek ez du erran nahi euskal antzerkia ezin dela bere muga politikoetatik at esportatu. Eman dut Aulki Hutsa Bordelen, Katalunian... Are gehiago, Bordelen emateko Aulki Hutsa itzuli egin nuen. Baina Frantzian ari nintzen, ez nintzen nire betiko desmartxarekin kontraesanean, ez zen logika merkantila.
Aktore bera zara euskaraz eta frantsesez?
Beharbada bai, baina nire izaeraren mami edo zelula ezberdinekin antzezten dut. Frantsesez edo euskaraz aritzea ez da hizkuntzaz aldatzea bakarrik. Esaldi baten egitura ezberdina den bezala, indarra eskatzen duten hitzak ere ezberdinak dira. Nahi ala ez, gure baitako bide ezberdinetatik pasatzen gara hizkuntzaren arabera. Badago alde kontziente bat landu litekeena, baina beste bat adimenak hautatu ez arren barneraino errotzen den nortasunaren alde ezkutua da. Antton Lukuri beti entzun diogu antzerkia ez dela literatura, antzerkia mintzoa dela, eta zaila da agertzea mintzo bati zerk ematen dion berezitasuna. Gauza bera hizkuntza beraren baitan. Zerk egiten du bizkaitar eta baxenafar baten arteko nortasun ezberdintasun hori?
Zerk egiten du Frantziako eszena nazionaleko antzoki arranditsu edo ostatu ttipienean antzezteko prest egotea?
Ez gaitezen tronpatu, frantsesez aritzeko gomitatzen gaituzte eszena nazionaleko antzokietara, euskaraz ez gaituzte nahi. Hori hala, gure hautua antzerkia leku guztietan ematea da, leku guztietan eta denentzat. Ez gara kategoria jakin batentzat ari. Horrek lan egiteko manera bat dakar, hogei urtez landu dugun gaitasun bat: autonomia. Laborantzan bezala da, hautatu dezakezu monokulturaren eredua eta artoaren ekoizpenean zentratu baina arazoak sortzean zure ekoizpen osoa pikutara doa. Guk gure ekoizpena dibertsifikatzeko aukera egin dugu, eta saiatzen gara gehienbat gure antzerki salmentetatik bizitzen. Horrek kamioi bat ukaitea, harmailak eta argiak garraiatzea, eta pentze lokaztu batean edo antzoki erosoenean antzezteko manera emango dizun sistema autonomoa lantzea eskatzen du. Horregatik diot gure lanbideak lanbide asko exijitzen dituela. Nik, adibidez, kamioia gidatzen dut, konpontzera eramaten... Nire lanaren parte da hori. Konkretuki erranik, emanaldi bat dugunean, egun batez gidatzen duzu, egun batez muntatu, gauean antzeztu, antzerkia bururatzean dena desmuntatu, eta biharamun goizean berriz gidatu. Bi orenez antzezteko bizpahiru lan egun tekniko dituzu. Horregatik ere maite dut ene lana, gustuko dut kamioia hamar orduz gidatzea, muntaketan eskuak zikintzea... Horri esker ez naiz erotzen.
Hemendik 30 urteren buruan zure burua taula gainean ikusten duzu?
Beste aukerarik izango ote dut? Gure lanbidean, etengabe galdetzen diozu zure buruari zer ostiagatik sartu zaren buru-jate eta arrangura sortzaile zaizun sorkuntza berrian, baina aldi oro sartzen zara. Zaila da uztea, adikzio bat da nonbait. Berriki galdu dugu taldeko lagun bat, eta horren aitzinean dena pikutara bidali edo oraindik hobekiago aritzeko aukerak soilik ikusten dituzu. Hobekiago diodanean, ez naiz kalitate artistikoaz ari, gure buruak eta gure ingurukoen bizitzak hobeki zaintzeaz ari naiz. Beraz, bai, hemendik 30 urtera ene burua taula gainean ikusten dut. Ez dut uste horretan antzerkilariak bereziak garenik. Gure lanak hortaz pentsatzeko aukera ematen digu, besterik ez. Horregatik zatoz galderak pausatzera eta horregatik erantzuten dizkizut, nire buruari pribilegio hori eskaini diodalako.
Manex Fuchs. 1975ean sortu zen larzabaldar honek Bordelen antzerkia ikastera joan eta, 1994an, Le Petit Theatre de Pain konpainia sortu zuen Ximun anaiarekin batera. Geroztik Frantziako eta Euskal Herriko oholtzetan dabil Hamlet, Aulki Hutsa, Errautsak, Traces edo Le Siphon bezalako lan arrakastatsuekin. Publikoari Gorroto eta Iduzkilore lanak ere zuzendu ditu.
“Burutik pasa baino lehen ekintzatik pasatzen dena da aktore ona. Jendeari mementoan asmatu dugun testua esaten ari garela sinetsarazi behar diogu. Hastapenetik jendeak onartzen duen gezur bat da antzerkia, eta guk ere gezur hori sinetsi behar dugu, memento oro dena deskubritzen ari bagina bezala antzeztu”.
Se sol veure "Matalaz/Lertxundi" quan es mira als autors de la famosa cançó Matalaz. No obstant això, a mitjan segle, Jean-Louis Davant confessa públicament que les últimes paraules de Matalaz són inventades per ell, i que ho va fer "en començar el buit" per no haver-lo dit... [+]
Esan Pitrau eta txapela erantziko dizu askok Zuberoan bezala Nafarroa Beherean edo Lapurdiko mendialdean. Johañe Pitrau Erbin, XX. mendeko euskaldun inportanteenetako bat dela esatea ez da esajerazioa: hiru mende lehenago Bernard Goihenetxe Matalaz deituak Zuberoako... [+]
Oier Araolazaren aholkuari jarraituz, sare sozialean sortu zen gai bati buruz idaztea erabaki dut. Gai mamitsua, baina gogoratu, hau ez da gauzak nola diren edo nola ez diren azaltzeko topagunea, honek gogoetak trukatzeko tokia nahi du izan.
Eta pastorala hankaz gora jarri zuen kristaua.
Askatasuna behar duela sortzaileak…
Gaixotasun mental pixka bat ere bai, ego elegante bat eta, prefosta, sosa, bena hori hanitxetan ahazten zaie emaitea...