Nafartasunak hainbat osagarri izan ditzake, baina badira bi inork kolokan jartzen ez dituena, gatazkarik sortzen ez dutenak, Gabonetako senide afariak porrotera bidaltzen ez dituztenak. Denon bihotzetan daude, ezbairik gabe: Sanferminak eta Osasuna. Gainontzeko guztia eztabaidagarria da, baina Sanferminak eta Osasuna (arraro batzuen gustuko ez badira ere) nafartasunaren gakoak bezala ikusten ditugu: bai abertzaleak bai espainolistak, Mendikoak zein Erriberakoak; ezkertiarrak edo eskuindarrak.
Hala ere, Sanferminen eta Osasunaren historia krimen politikoen historia da. Gaur egun denok zuriz janzten gara Txupinazora joateko, ohitura hori erailketa batzuen gainean idatzita dagoela susmatu gabe. La Veleta peñaren kideak hasi ziren zuriz janzten, baina horietako batzuk Gerra Zibila hasi bezain laster fusilatu zituzten errepublikarrak izateagatik. Haien artean, José Zapatero, Jarauta kaleko gaztea: 1936ko abuztuaren 23an Bardeetako Valcarderako triskantzan akabatu zuten, beste 52 lagunekin batera.
Udal plazara iritsita, Txupinazoa, tradizio jendetsu eta alai hori, beste erailketa baten gainean oinarritu zela jakin behar da. Juanito Etxeparek, Kale Nagusiko tabako-dendariak, ezin zuen imajinatu zein oihartzun sortu behar zuen bere inbento xume horrek: suziri batzuk airera botatzea Sanferminak hasi direla berri emateko. 1931n hasi zen horretan eta Gerra Zibilera arte segitu zuen ohitura berriarekin. 1936ko uztailaren 6tik egun gutxira, fusilatu egin zuten, errepublikarra izateagatik. Krimena ez zen horretan gelditu: 1940tik aurrera frankismoak Txupinazoa ofizializatu zuen, izen handiko bi iruinsemeen eskutik: Jokintxo Ilundain eta José María Pérez Salazar, biak falangistak eta kazetariak Arriba España egunkarian. Historia ofizialaren arabera, hauek dira txupinazoaren asmatzaileak, eta horrela irakur dezakegu Iruñeko udalaren webgunean. Krimenak irauten du, nolabait.
Eta Osasuna? Nafarroan izena euskaraz duen erakunderik garrantzitsuena da, Salud izena inposatuko diguten arte, bederen. 1920an, Sportiva eta New Club Iruñeko taldeak batzerakoan, izen berri bat asmatzeko beharra sortu zen. Talde horren agintari bati, Eladio Zilbetiri, Osasuna bururatu zitzaion, oso modu arrakastatsuan. Kontua da Zilbeti EAE-ANV alderdi politikoko kidea zela eta bere bizitzarekin ordaindu zuen militantzia hori: 1937an, Etxauri aldean fusilatu zuten.
Sanferminen eta Osasunaren historia krimenetan oinarriturik izanda ere, Gerra Zibileko irabazleen oinordekoen ikurrak dira –gainontzeko nafarren ikurrak diren neurrian, gutxienez–, inolako eztabaida publikorik sortu gabe. Agian, memoria historikoa lantzeaz gain, gaurko memoria kolokan jarri beharko da, izen-abizenekin. Eta beste baterako geratuko da errepresioari esker pilatutako botere ekonomikoa, gaur arte luzatu dena betikoen mesedetan.