(Iruñea, 1960) Erresuma eta fedea trilogiari errematea eman dio Gure Jerusalem galdua nobela amaituta. Ez du lan historiko soila idatzi horregatik. Egile nobela ere bada obra itzel hau: “Nire eredua ez da historia nobela klasikoa idaztea, Marguerite Yourcenar edo Alejo Carpentierren eredua da, baina ni ez naiz bata ez bestea. Noski, gustatuko litzaidake pitin bat haien lanei hurbiltzea”, erran digu apal.
Erresuma eta fedea trilogiaren titulua hizpide izan dugu. Iraganeko eta oraineko hainbat kontuen paralelismoa egitea dago eta. Independentzia eta sozialismoa irakurri liteke, adibidez: “Bai, badago joko eta paralelismo hori, batzuetan nahita eta bestetan oharkabean. Errate baterako, nire bigarren irakurketan lehen idazketan jabetu ez naizen bertze gauza asko ikusten dut. Idazketa kontrolatzea izugarrizko lana da, gauza asko kontrolaezinak dira. Trilogia batean idazleari inposatzen zaizkion berezko indar logikoak agertzen dira. Kasu honetan Aingeruri inposatu zaizkio. Batzuetan jabetu naiz idazten ari zen hori ez nintzela ni, bertze norbait ari zena haritik tiraka, uztarrian aritu dena Aingerurekin”.
Rock’n’ roll nobela (2000) garaikidearen ondoren, Erresuma eta fedea trilogian abiatu zinen. Nork bere buruan sano sinetsi behar du, gero!
Ez dakit sinesmen kontua ote den, baina bai, apustu gogorra egin nion nire buruari. Hala ere, bitxia da, hasieratik hartu nion neurria lanari, banekien lanak zer neurri izango zuen gutxi gorabehera. Aurreko nobeletan xehetasun gutxiago aurreikusita izaten nuen. Maparik gabe abiatu izaten nintzen, tartean zer izanen zen jakin gabe. Honetan, aldiz, mapa neukan. Noski, xedea edo amaiera ikusi gabe ez naiz behin ere abiatu, eta honetan banekien non ziren mendi lepoak, non ordokiak, non maldak, baita azkeneko bizkarra ere nolakoa izanen zen. Batez ere, denbora zenbatekoa izango zen barneratu nuen. Istorioa paperean zirriborratzen hasi eta gertakari nagusiak ikusi nituen. Egia ere bada... zortzi-hamar urteko lana izanen zela ikusirik, nolabait beldurtu nintzen.
Hala ere, aitzina. Zerk akuilaturik? Zergatik?
Nafarroako Konkistaren revival moduko bat bizi izan zen orain hamar urte. Lehenbiziko historia liburuak plazaratzen hasi ziren, baita eztabaidak ere lantzen historia zaleen artean. Gainera, niretako deigarria izan zen historia liburuak neurri batean “militanteak” izatea. Historia aztertzen zuten, baina ez historia jakin-nahi hutsez, ispilu bat ari zitzaigun proposatzen, egungo errealitatea interpretatzeko ispilua. Kitzikagarria egin zitzaidan. Ni ez naiz historialaria, historia zalea bai ordea. Kaleratu ziren liburuek eta eztabaida haiek asko lagundu zidaten lanean abiatzeko.
Lan itzela egin duzu pertsona historikoen ezaugarriak, aiurriak eta izaerak fikzionatzeko.
Arestian aipatua oso lagungarria izanik ere, trilogia honen nahia duela 20 urte sortu zitzaidan, Nafarroako Henrike III.a erregearen biografia irakurri nuenean. François Bayrouk idatzia [MoDem alderdi frantsesaren presidente biarnesa]. Kuriosa, ezta? Miarritzen aurkitu nuen liburua, eta harriduraz hartu ere: “Bayrouk idatzia!”. Horrek beste biografia batzuk irakurtzera bultzatu ninduen. Harritu nintzen! Henrike III.a Nafarroako Errege ezagunena da Europan, 150 biografia daude idatzita. Frantziako lehen mailako pertsonaia historikotzat daukate eta zernahi pertsonaia diferente eraiki dituzten pertsona beraren inguruan. Bi biografia irakurri eta pertsona diferenteez ari zirela iruditu zitzaidan. Beraz, trilogia hasi nintzenerako garai hartako irakurketa handia egina neukan. Bistan da, historia liburuek ez dizute erraten orduko pertsonak nolakoak ziren. Beraz, pertsonen ideiak eta izaerak euren egitate historikoetatik atera ditut pertsonaiak eraikitzeko. Adibidez, jende basa eta primarioa zen, azpi-azpian zeudenak eta nobleak ere primarioak ziren.
Historia nobelak ongi hartzen dira, baina maila apalekotzat ere joak dira literaturan. Historian barneratzea egokia al da literatura egiteko?
Aukera bat da. Historiarekin “jolasteak” baditu bere erregelak: noraino txertatu dezakezu fikzioa une historiko batean? Lehen erregela momentu historikoa errespetatzea da. Ezin ditzakezu zure obsesioak eta aurre-juzkuak txertatu. Ezin daiteke XXI. mendeko pertsonaia bat garai historiko batera eraman. Horregatik ez dute nobela historiko batzuek funtzionatzen. Nik sinesten dudan literatura ez da libertimendu eta denbora pasa hutserako, zerbait adierazi behar du. Hori lortzeko oso fidela izan behar duzu idazlanera eraman nahi duzunarekin, aldi berean, horrek zure garaiaren ispilu izan behar du nolabait.
Zure lanean orduko politikarien ezaugarriak gaurkoen ispilu dira, edo gaurkoak ordukoena.
Beno... [eskertu ditu hitzok]. Alde batetik horrek balio digu zein urruti dauden ikusteko eta aldi berean orduko pertsonaien pentsamoldeak zein egungoak diren. Badute puntu arrotz bat, hala ere. Irakurleren batek erran dit: “Zein zaila zaidan pertsonaia horien buruetan sartzea, erlijioarekiko fede hori...”. Baina, fedeak fede, erlijioak erlijio, noraino gaude hain urruti. Bertze batzuek erran didate: “Zein iluna den Iruñea!”. Gaurko Iruñea ez da liburukoa bezain iluna, ados. Baina gu hain diferenteak al gara?
Joanes Mailuren bizitza da trilogiaren ardatza.
Bai. Bera da pertsonaia zentrala, batez ere bigarren liburuan. Izan bainintzen Nafarroako errege liburuaren izena berari dagokio. Bastarta zen, hala ere, hainbat eskubide aldarrikatzen ditu, bastartasuna batez ere lehen liburuan landu nuen. Irakurritako biografiek marrazten dizute nolabait pertsonaia. Baina bera ez da pertsonaia zailena. Bera nolakoa zen gutxi gorabehera jakin dezakegu, baina nolakoa zen zapatak janzten zizkiona, nolako arkabuzaria edo bere maitalearekin zegoen bitartean ate ondoan zaindari zuena? Historialariren batek erran dit: “Orduko jendea ez zen halakoa”. Bai. Noski, norberak pertsonaiak eraiki ahal ditu imajinatzen dituen heinean.
Hori pertsonaia! Egon al dira bere modukorik historian?
Bai. Irakurle batek erran zidan: “Ez ote zaio gauza gehiegi gertatzen?”. “Irakurri Henrike III.aren biografia”, erran nion. Ikaragarria da. Zenbat gauza geratu zitzaion bizitzan. 56 urtez bizi izan zen, eta zenbat gauza bizi izan zuen. Hainbat erregeren biografiak irakurtzen dituzu, eta 30 urte bete orduko sekulako gizon boteretsuak ziren eta gero bertze hamaika bizipen izaten zituzten. Halaber, Joanes Mailu bastarta da, baina denak gara bastartak. Guretariko edonor ez ginen arrunt diferenteak izanen garai hartan. Bastartasun hori harro eraman behar dugu, inor ez da odol garbikoa, gainera, ez dugu odol garbikoak izan behar. Nik ez dut nahi behintzat.
“Historia irakurrita, garbi dago Nafarroako Erresumak ez zuela etorkizunik” erran zenuen Joanes Mailu nobela publikatu ostean.
[Berrian] egindako elkarrizketan erran nuen eta egurra eman zidaten. “Nafarroako Erresumak ez zuen eskubiderik?”, erran zidaten. “Ni ez naiz eskubideez ari”. Batzuek Nafarroak “izan beharra” historiarekin nahasten dute. Nik ez dut eskubide kontuez idatzi, historia kontatu dut fikzio bidez. Gatozen gaur egunera, geopolitikari begiratu, bi mende luze da Frantziaren eta Espainiaren talkaren artean bizi garela. Orduko nafarrak ongi ateratzea zaila zen eta “gu” ondorioz, egun, Europan egokitzea ere bai. Demagun Andorrari gertatu zitzaiona guri gertatzea. Hau da, bi erresuma handiek lur puska horretaz ahaztu ziren bezala gutaz ahaztea. Baina Nafarroako Erresuma handiegia eta oso inportantea zen hemengo jendeak ahanzteko. Gure bortuak –pasabideak– bi aldeen arteko harremanetan zailak ziren, eta halaber, berealdikoak ziren bi erresuma handien etorkizunerako eta interesetarako.
Orduko egoera soziopolitikoa gaur egunera ekartzeko joera izaten da, aise ekarri ere.
Nafarroako Erresumaren zilegitasunaren eztabaida dago. Eta interesgarria da lehenago egoera nolakoa zen. Diferentea zen, eta oraingoa ere halaxe da. Historia ez da gerora gertatuko denaren gainean idazten: izan ginena eta garena diferente da. Historiak buelta handiak ematen ditu eta etorkizunean egoerak ere alda daitezke. Gogoeta hori interesgarria egiten zait. Baina orduko Erresuma orainera ekarri eta egun gorpuztea berez... Orduko estatuak ikaragarri likidoak ziren, garai hartako begietatik gaurko egoera begiratzea ez da egokia.
Nafarroa hura estatu izatera iritsi izan balitz, nola irudikatuko zenuke?
Erresuma hark iraun izan balu, zer-nolako herentzia hartuko genukeen? Nire irudiko, zeharo harrituko ginen. Oso erresuma erdalduna izango ginen, euskara oso zokoratuta egonen zen. Asiskok Gartxot lanaren harian dioenez, konkistaren antzinako konkistan, erdalduntasuna arrunt sartuta zegoen goi-mailako noblezian. Horretan ez dago, adibidez, diferentziarik agaramontarrak eta beaumondarren artean. Nafarroako Erresuma gure nahien eta ezinen metafora da.
Iragan galduaren menturan ote gabiltza?
Gure iragana ez dago inork konponduko duenik, iragan tristea dugu, ez dugu iragan distiratsurik. Jendeak harrotu beharra dauka, eta ulertzen dut. Gure iragan tristeaz harro egon behar dugula diot niok. Harro egotekotan. Gure iragana hori da. Eta zer? Badugu zer ikasia. Nik uste, gurea ez da orduko hartara joateko eredugarria, baizik handik urruntzeko, gure historiak akuilua izan behar du garena edota izan nahi duguna izateko.
Gure Jerusalem galdua nobelan Pedro Agerre Axular dago. Ezaguna al da?
Egungo begietatik idazle kanonikoa da, klasikorik hoberena, aipatuena, laudatuena. Bertzerik da, herri jakintzak nola hartu duen Axularren figura? Haren gaineko kontakizun herrikoi klasikoak... [urruma gisako bat egin du] jakinduriaz janzten ditu herri xeheak, eta jakinduriaz janzteagatik deabrukeriaz ere bai. Hau da, herri xehearendako aunitz jakitea ez da gauza ona. Horixe duzu ene ikaspena. Axular gure idazle klasiko laudatuena da, baina haren gainean deus gutxi dakigu. Luis Villasantek Axularren liburuxka idatzi zuen, baina datu biografikoek hiru orrialde betetzen dituzte. Gainera, datu horien egiazkotasuna eztabaidatua izan da. Beraz, badakigu non eta noiz sortu zen, noiz ordenatu zuten, noiz ailegatu zen Iparraldera. Noiz argitaratu zuen Gero liburua eta noiz hil zen. Baina, zer dakigu bere izaeraz?
Zaila da pertsona historikoen izaera osatzea.
Axularren testuinguru politiko sozial historikoa ezaguna da, baina bere biografiak baditu alderdi harrigarri batzuk, beraiek argituko lizkiguketen datuak ez dauzkagu. Nik Axular bat asmatu dut, nire Axular. Ausart izan daiteke nirea eta probokaziotik ere badu. Baina, hori denek egiten dute. “Ez ote zen espainolen agentea izanen”, pentsu dut. Agente ultrakatolikoa zela dudarik ez dago. Iparraldeko ultrakatoliko guztiek espainiarrekin harreman estuak zituzten. Zenbat diru bideratzen zen Iruñetik Donibane Garazi, Donapaleu edota Ezpeletako nobleei? Espainiarrek ezkutu bat eratua zuten haien bitartez. Axular tartean zebilen, agente ideologikoa zelakoan nago, ideia baten propaganda egilea. Tira, nik joko bat egin nahi izan dut, nire Axular proposatu dut. Sinesgarria ote? Batzuek ez dute sinetsiko. Baten batek erran dit: “Zuk halako pertsonaia asmatu duzu eta sinetsi duzu horrela zela”. Bada, bai.
Erabili duzun hizkuntza eredua da, nire gustuko.
Bertze batzuei aldiz irentsi ezina egin zaie. Ni oso kontzientea naiz hizkuntza eredu horrekin mugak jartzen dizkiodala nire irakurlegoari, murrizten dudala. Nire apustua da, liburu hauek hizkera hori behar dutelako.
1.000 orrialde idatzi dituzu. Egungo mundutik isolatu eta historia tamaina horretan fikzionatzea ere. Ez duzu meritu makala. Bejondeizula.
Bai, lana dago, ordu asko sartu dut. Badaukat gaitasuna deskonektatzeko, batzuetan gehiegizkoa ere, ingurukoek erran dezakete hori. Egia da, horrelako uneak bizitzeak baditu bere koskak, arazoak ingurukoekin. Hamar urtez ez dut nire itzultzaile lana utzi. Arratsaldeetako idazlea naiz, asteburuetakoa batez ere. Gauez aritzen naiz, goizaldera arteko saioak eginez. Aitor dezaket: lehertuta bukatu dut, eta psikologikoki ukitua, nire osasunaren zati bat ere utzi dut. Nire gorputzez eta arimaz aritu naizela erratea ez da metafora.
Compte amb aquesta mirada del Sud. En primer lloc desmitificar la cega admiració de la terra verda, de les cases blanques i de les teules vermelles, l'amor incondicional, el fetitxisme associat a la parla i al suposat estil de vida. Deixa, com ha escoltat amb freqüència Ruper... [+]
Parlem clar, sense embuts, sense haver de moure's més tard per a dir el que havia de dir: aquest joc, que consisteix a ajuntar les lletres en basca, el va passar Axular. Gairebé tan aviat com s'inventa el joc, de tal manera que en la majoria de les pàgines de Gero l'autor fa... [+]