GALDERA nagusia dabil orain bolo-bolo Bilboko manifestazioaren ondoren: EAJ eta ezker abertzalearen harremanen arteko beste abiapuntu bat ote da hau? Era denetako erantzunak ematen ari dira, baina seguruenik denbora beharko da ikusteko uneko aliantza honen esparrua eta sakontasuna zein den. Besteak beste, inork ez duelako egiten erabat berak nahi duena, ahal duena baizik. Seguruenik ez da izango jeltzaleen irudirik desiratuena ezker abertzalearen besotik kalean behera abiatzearena. Baina, eta PPk beste biderik uzten ez badio? PSOEk laguntzen ez badio?
Herritarren ilusioaren ikuspegitik ez dago zalantzarik, manifestazioak beste behin argi erakutsi du lehendik ere bagenekiena: Euskal Herriko herritarren gehiengo zabal batek gatazkaren konponbidea eta bakea nahi ditu. Horrekin konektatzen duten alderdi eta erakundeek garai berrian aritzeko bide zabal bat izango dute begien aurrean.
Bi urte pasatu dira ETAk armak uzten zituela iragarri zuenetik eta ez da aztia izan behar ikusteko bake prozesua eratzeko ideiarekin bat egin duten indarrek arrakasta handiagoa izan dutela, hala egin ez dutenak baino. Hau da, Bilbon izan ziren EAJ eta EH Bildu hobeto daude PP, UPN eta PSE edo PSN baino. PPri eta PSOEri batez ere Espainiako errealitate ekonomikoak eragiten die, jakina, baina Euskal Herrian gatazkarekin lotutako gaiek ere bai, eta ez modu makalean gainera.
PP zertan ari den argi samar dago: Euskal Herrian tinko ari dela saltzeak botoak eta kohesioa ematen dizkio Espainian, noiz eta herrialdea hain egoera larrian dagoen unean. Eta PSOE? Bere barne antolaketa eta norabide berria finkatzearekin nahikoa du orain, baina gainera, badaki euskal gaiak ez direla Moncloara iristeko gairik egokienak, batez ere errepresioaren bidetik ez bada. Beraz, laburrean behintzat ezin espero –adibidez Zapateroren garaikoa bezalako– laguntza handirik Madril aldean.
Baina beste gauza bat da popular eta sozialisten adarrek euskal gizartean jokatu beharreko rola. Bilboko manifestazioak beste behin ere argi erakutsi du bake prozesu txukun bat antolatzearen premia. Bakea ETAren desagerpenera mugatzearen fikzioa. Bada ordua PSE-EEk bere bakegintzaren inguruko politikak birpentsatzeko, eta EAJ eta EH Bildurekin gutxieneko oinarri horien langintzan hasteko, esaterako, Eusko Legebiltzarreko Bake Ponentzian.
Zoru etikoaren diskurtsoa eztabaidarako posizio bat izan daiteke, baina inoiz ez elkarrizketarako eta konponbiderako baldintza edota oztopo. Ezker abertzaleak sakondu beharko du bere jarduera politiko-militarraren kritikan, era argian gainera, baina inoiz ez ditu esango PSOEk zoru etikoarekin esan nahi dituenak; inoiz ez du esango ETAk ez zuela zentzurik izan eta 50 urtetan erratua egon denik. Ez du esango halakorik sentitzen ez duelako, bere historia ukatzea litzatekeelako eta, garrantzitsuago dena, ezker abertzale gisa bere etorkizuna ezeztatuko lukeelako.
Euskal gizartearen gehiengoarentzat ETA erakunde terrorista bat izan da bere azken bizpahiru hamarkadetan. Baina hori bakarrik? Bistan da ezetz, euskal gizartearen gehiengoarentzat ETAren jarduerak motibazio politikoa izan du, hemen gatazka bat izan da eta hau bide politikoetatik konpondu behar da. Horregatik dago euskal gizartea bake prozesua egituratzearen alde eta horretarako bederen, inflexio puntu argia izan beharko luke Bilboko aski da! horrek.
AZKEN finean, zergatik deitu zuten jeltzaleek manifestazioa ezker abertzalearekin batera? Tantaz Tantak manifestazio deialdiari eutsiz gero Jaurlaritzak Ertzaintza bidali beharko zuelako? Madrili mezu argia bidaltzeko? Gizartearen gehiengoaren bake eta konponbide nahiak ondo irakurri dituelako? Denetarik egongo da apur bat, baina batera abiarazteko arrazoi horiek hor izan dira sarri azken bi urteetan. Zergatik orain?
Oraingoz behintzat, badirudi erantzunak bake prozesuan bilatu behar direla nazio eraikuntzan baino, bake ponentzian Lizarra-Garazin baino. Ez da gutxi. Eta Ibarretxe lehendakariak hain gustuko zuen moldean, gero gerokoak.
Com sabem, l'Independentisme Institucional d'Hego Euskal Herria ha iniciat un determinat full de ruta. La signatura d'un nou pacte amb l'Estat espanyol. Aquest camí utilitza algunes variables o premisses principals. Així: El PSOE és un partit d'esquerres, l'Estat espanyol és... [+]
No és gens fàcil entendre el que està succeint a Catalunya. Amb tota seguretat. Podem donar per acabat el procés de 2017, però està per veure si l'independentisme serà capaç d'iniciar un nou procés d'alliberament.
Si en les eleccions l'independentisme s'hagués mantingut en... [+]
Xabier Zabaltza Perez-Nievas historialaria, idazlea eta EHUko irakasleak 'Euskal Herria heterodoxiatik' izeneko liburua plazaratu berri du. Bertan dio Euskal Herria ezinbestean euskara eta euskal kulturaren bidez eraiki behar dela eta horretarako funtsezkoa dela euskara... [+]
“El parlament més abertzale de tots els temps” vs. “L'independentisme està en els mínims històrics”. Aquestes dues afirmacions les escoltem en els últims temps i s'han incrementat després de les eleccions celebrades el 21 d'abril en Araba, Bizkaia i Guipúscoa... [+]