Nutella kakao krema poteak zure izena izatea nahi baduzu Facebooken bidez eskaera egin dezakezu. Renova enpresak ere paperezko zapietan bezeroak nahi duen mezua jartzeko aukera ematen du. Baina produktu pertsonalizatuak merkaturatzeko kanpainetan bete-betean asmatu duena Coca-Cola izan da. Freskagarrien multinazional erraldoiak ere internet bidez latak edo botilak pertsonalizatzeko aukera ematen du, baina eskaeren zain egon gabe, zuzenean izen propioak dituzten produktuak merkaturatu ditu. Kanpaina Espainiako Estatuan abiarazteko, Estatistika Institutura jo zuten multinazionaleko arduradunek. Gizon nahiz emakume izen ohikoenak aukeratu zituzten latetan ipintzeko, izen gutxi batzuk ausaz aukeratu zituzten, euskarazko eta katalanezko izen batzuk ere erantsi zituzten denok gustura egon gintezen (leloa ere katalanez jartzeko eskaerari muzin egin arren), eta azkenik “tu abuela”, “tu novio” eta halakoak ere idatzi zituzten etiketetan, merkatuaren ahalik eta zatirik handiena hartzeko asmoz.
Kanpaina Australian egin zen lehenengoz “Share a Coke” (partekatu Coca-Cola bat) lelopean. Ondoren, Erresuma Batuan, Irlandan, Frantzian eta Belgikan egin zuten. Espainiako Estatuan kanpaina atzeratu egin zuten tabernetako kontsumoa bultzatzeko kanpainarekin bat egin ez zezan.
Kanpainak Australian lortutako emaitzak oso esanguratsuak dira. herrialde horretan freskagarriaren kontsumoak %7 egin zuen gora gazteen artean. Igoera izugarria da markak urte askotan merkatuaren zati handi bati eutsi diola aintzat hartuta. Baina emaitzak are ikusgarriagoak dira “branding”ari dagokionez, hau da, markarentzat izan dituen zeharkako ondorioei dagokienez. Prentsan eta interneten 18 milioi aipamen lortu zituen kanpainak, eta Facebookeko orriko trafikoak %870 egin zuen gora. Gainera markarekiko fidelizazio kanpainak ez du eperik; kontsumitzaile askok bere izena duen lata edo botila gordeko du, edo etxeko apal batean jarri eta, hala, Coca-Colak iragarkia bezeroaren etxe barruan izango du beti, produktuarekiko lotura pertsonal bereziarekin, gainera.
Izan ere, nahiz eta leloak produktua partekatzeko gonbitea egin, kanpainak ez du bereziki kontsumitzaileen altruismoa piztu. Izango dira lagunen edo senideren baten izena duen produktua propio erosiko dutenak, baina gehienek beren izena bilatzen dute. Kanpaina aipatzen duten interneteko guneetara jotzea besterik ez dago, iruzkinetan gehien errepikatzen den esaldia zein den ikusteko: “Nola lor dezaket nire izena duen lata?”. Kanpainak kontsumitzailearen egoa ukitzea lortu du, eta produktua erosterakoan erabaki arrazionalak uxatzea. Coca-Cola Iberiako presidente Marcos de Quintoren hitzetan, “emozioak arrazoiak baino indartsuagoak dira; marketin emozionalak borroka irabazi du”.
Nova York, 1960. En una reunió de l'ONU es va adormir el ministre d'Exteriors de Nigèria i ambaixador de l'ONU, Jaja Wachucu. Nigèria acabava d'aconseguir la independència l'1 d'octubre. Per tant, Wachuku es convertia en el primer representant de l'ONU a Nigèria i acabava d'assumir... [+]