Gaindegiaren arabera, neurgailu guztiek erakusten dute Euskal Herrian pobreziak gora egin duela.
Gaindegiak Pobrezia eta bazterketa Euskal Herrian txostena kaleratu du. Bertan biltzen denez 2009tik hona, Euskal Herrian gutxienez 114.576 pertsona gehiago daude pobrezia egoeran.
Bi Estatuen arteko muga hartuta, Ipar Euskal Herrian pobreziaren proportzioa altuagoa da, baina estatuak politika publikoen bitartez orekatzen du. Hego Euskal Herrian berriz, pobreziaren bilakaera negatiboa izateaz gain, oso azkar gertatzen ari da.
Eurostat-en datuen arabera, 2012an Euskal Herrian 520.416 pertsona zeuden pobrezia edo baztertze arriskuan, biztanleria osoaren %16,6. Batik bat EAEn eman da igoera hori. Horretaz gain, 2012an 317.199 pertsonak ordu oso gutxiko enplegua zuten. 2009. urtetik ia bikoiztu egin da egoera horretan dagoen biztanle kopurua.
Pobreziaren Europako mapa
Europar Batasunaren neurgailuekin Gaindegiak mapa esanguratsua egin du. Bertan irudikatzen da Euskal Herria Europa mailan postu baxuan dagoela pobreziari dagokionean (%16,6). Dena den, ikerketen emaitzetan adostasunik ez dagoenez, pobrezia maila biztanleriaren %15 eta %30 artean kokatzen du Gaindegiak.