Uda betean aurkeztu dira poesia liburu berri bi: Mari Luz Estebanen Amaren heriotzak libreago egin ninduen, Pamielaren eskutik, eta Mikel Ibargurenen Bide batez esanda, Utriusque Vasconiae-ren eskutik. Lehena auto-narrazioaren bidetik mintzo da, askatasuna eta maitasunaren arteko harremana hizpide, intimitatea poesiarako bide: “Gogoratu du inoiz inon irakurritakoa, garena mozorrotuz eraikitzen garela”. Bigarrenak, deserrian zedarritutako ahotsa dakarkigu, gatazka orok norberaren eta ingurukoen gorputzetan uzten duen oihartzunarekin, bizipena hitz poetikora ekarria, muturrak ukatu gabeko erdibideek sortu ahal duten mina eta itxaropena: “baina errealismo guztien gainetik/ zein kritika literario guztien azpitik, idazten jarraitzeko/arrazoi poetikoak ditut nik”. Agian norberaren egia fikzio konpartitua besterik ez da; horrela bada, poesia barne urradura konpartiturako tresna izan liteke, memoria ez-historikoa jasotzeko bide posible bat. Mari Luz Estebanen kasuan, genero gomuten testuinguruan kokatuz gero, batzuoi ezohikoak zaizkigun moduak azaleratzen dizkigu, gero eta gehiago, gero eta ageriago kontraesanak eta eztabaidak, norbera den bestea hizpide. Ibargurenen lanean topatu dut egungo bizipen zentzu-estu-batean-politikoek pertsonengan duten oihartzun humano itzela, errealitatearen begietatik mina erauzi gabe, aurrera egiteko borondate sendoan izkiriaturik. Egungo jendarteetan topa litezkeen kezkak, minak, desioak irakurtzeko bideak aurkitu ditut liburu hauetan, poesia betean.
Després de deixar enrere el mes d'abril dels llibres, les biblioteques i els seus beneficis, des de Kabiak Sahrauí volem recordar el costat fosc de la seva història, que cobra major importància en la defensa de la identitat i la supervivència dels pobles. Estem parlant de la... [+]