Garai batean bizikletak ziren udarako. Film baten titulu guti-aski ederra. Alimaleko ergelkeria, hutsean huts hartuz gero.
Garai batean bizikletak ziren udarako. Baina uda eta negu, jai eta aste ibiltzen ginen hankarteko panderoaren gainean. Oraintxe ibiltzen garen bezala.
Garai batean bizikletak ziren udarako. Orain liburuak. Omen. Baina, nola bizikletan, uda eta negu, jai eta aste gabiltza liburuetan. Gozagarri zaizkigu. Eta hortik jan-edan dezazuen da gonbita. Frantzizko Laphitzen Bi saindu heskualdunen bizia-k usteko ez genituen perlak ditu orri batean bai, hurrengoan ere bai. Jean Baptiste Constantinen Haritchabalet Don Juan eta bere adixkidiak ez da kamutsa. Fermin Irigaray Larrekoren Nafarroatik tentagarri zaigu beti.
Hala ere, “salduenen” –omen– zerrendak agintzen du beti. Liburu berriak. Ohiko bide eta formatuetarik eskapatzen ez direnak. Fabrika zatarraren historiak ez du balio. Omen. Eta hala ere, hor da, zatarrean eder, Koldo Izagirreren Voz y vida obrera Luzuriaga hogeita bost lekukotasun, idazlek egin lezakeen lanik osoenetakoa.
Nork bere liburu-bidea egiteak asko balio du. Ezerk ez du horrek hainbeste balio, zerrendak bazterrera bota eta nork bere bide propioa egitea, gogo onez leituko duen liburua hartzea.
Har lezake berri ez den liburu beti berria eta urteurrenarekin batera, Obabakoak hartara jo, baina honako edizio berrituan, Marta Cardenasen ilustrazioak dituen honetara. Har lezake Anjel Lertxundiren Paper-festa, Karmele Jaioren Ez naiz ni, Mikel Tabernaren Alkasoroko benta, Iñaki Segurolaren Arrazoia ez dago edukitzerik, Garazi Goiaren Txartel bat (des)herrira, Ainara Gorostizuren Aldamenekoak, Karlos Linazasororen Versus, Jose Enrike Urrutia Capeauren Weylerren itzala…
Irakurleak hobe luke liburudendara, bibliotekara, etxeko apaletara jo… berak nahi lukeena hartu, bere buruari ordubete opa, eta leitu.
Lehenago, antzokietan ohi denez, sakelakoa amatatu. Liburua piztu eta telefonoa itzali. Uda eta negu, jai eta aste.
Joan Tartas (Sohüta, 1610 - data de mort desconeguda) no és un dels escriptors més famosos de la història de les nostres lletres i, no obstant això, descobrim coses bones en aquesta “peça mendre” el títol de la qual, admetem-ho des del principi, no és probablement el... [+]