Duela gutxi irakurri dut Espainiako hedabide batean nazioarteko agentzia batetik jasotako berria: Australiako emakume bat, auto istripu bat izan ondoren, azentu frantsesarekin hitz egiten hasi omen zen, eta hala ari omen da geroztik. Atsekabe handia eragin omen dio horrek, sufrikarioa. Atzerriko azentuaren sindromea omen da eta, nonbait, azkeneko 70 urteotan 62 kasu besterik ez da ezagutu.
Hedabideetan berria nola jaso duten? Jakina, inpaktua sortuko duen bidetik: “Istripu baten ondoren, emakume australiar bat frantses azentuaz hitz egiten hasi da”. Batzuek, ez daukat zalantzarik, hitzez hitz eta %100ean sinetsiko zuten albistea, gure emakumeak ingeles Pariseko azentu perfektuarekin eginen zuelakoan.
Noski, txisterako bidea ere aukerakoa zen: batek kontatu du, konparaziora, behin buruan kolpe handi bat hartu eta txineraz egiten hasi zela; beste batek proposamen zehatza egin du: autoarekin beste kolpe bat har dezala emakumeak, eta ea Australiako azentua itzultzen zaion, “shock-terapia” alegia; kasu arraroa dela ukatu duenik ere bada, izan ere –argudiatzen du horrek– Frantzian auto istripu ugari egoten da, eta denak azentu horrekin ateratzen dira autotik! Aznarrena ere aipatu da, Bushekin egon ondoren gelditu zitzaion azentu xelebre hura gogoan; eta gertatuak galdera berriak eragin ditu: emakumea orain frantsesez ikasten hasten bada, Australiako azentua geldituko zaio?
Jakina, emakume horrena ez da azentu frantsesa, horren nolabaiteko tankera izan lezakeen ezohiko ahoskatzea baizik. Gainerakoa, gure irudimenak eta gauzak sinesteko gogoak jartzen du, eta berri deigarrien beharra eta zorroztasun eskasa duten hedabideek.
Edozein albiste sinesteko prest gaudela ematen du batzuetan. Gogoa besterik ez da behar, sarritan, zuhurtasuna alde batera utzi eta sinetsi nahiko genukeen hura ontzat emateko, baita hizkuntzen alorrean ere: hizkuntzaren genea aurkitu dutela, azkenean euskararen ahaide bat agertu dela, edo kolpe txar batek berehala lortzen duela akademiarik onenak urteetan nekez lortzen duena. Berriekiko jarrera axolagabe horrek ez du, nahitaez, txarra izan behar. Jolasgarri izan liteke zenbaitetan. Baina jokoan denborapasa edo entretenimendu hutsa baino gehiago dagoenean –euskararen inguruko diskurtsoak eraikitzean, adibidez–, zorrotzagoak izan beharko genukeela iruditzen zait, besterik ez bada, gure zain beti aizkorarekin dabiltzan horiei aukera gutxiago emateko.
No hi ha espais respiratoris sense parlants propis. Els parlants natius són el suport, l'oracería, el puntal i la fonamentació de les zones respiratòries.
Però comencem pel principi: què són les zones respiratòries? La paraula Arnasa és una paraula traduïda al basc per... [+]
Kaleko 71.000 elkarrizketa eta 227.900 solaskide behatu dituzte UEMAko herrietan, eta 2017koa baino ikerketa are sendoagoa burutu dute. Erabilera orokorra ez da ia aldatu: bostetik hiru aritzen dira euskaraz. Adina eta generoaren arabera badira desberdintasun batzuk.