Sorginak, lamiak, Basajaun eta basandereak bezala, Mariren gorteko kidea izan zitekeen bera ere. Eta bere funtzioa gu, XXI. mendeko euskaldunak, gure aspaldiko mitologia ahaztuarekin harremanetan jartzea izanen zen.
Historia ikasi zenuen.
Bai. Betidanik gustatu zait asko historia hatxerekin, hatxerik gabe, historia handia, istorio txikiak… baina zurrumurruetan sartu gabe.
Parisen sortua izanik, zer dela eta etorri zinen hona?
Zikoina oso zaharra egokitu zitzaidan eta horregatik, han utzi eta gero, Euskal Herrira nire kabuz etorri behar izan nuen. Paris inguruan sortu eta bertan hazi nintzen, baina nire lagun askok bezala, gaztarora iritsita handik ateratzeko beharra sentitu nuen. 23 urte nituela, urte bat hartu nuen bidaiatzeko: Bretainia, Frantziako erdigunea… eta horrela Baionara iritsi arte. Hemen ezagutu nuen jendea, gizon bat, kultura desberdin bat bere hizkuntza propioa zuena… Dena gustatu zitzaidan eta gelditu egin nintzen.
Gero Hegoaldera etorri zinen?
Eta orain berriro Iparraldera joanen naiz bizitzera laster, gaur egun lan gehiena han egiten baitut. Hanka bat Hegoaldean eta bestea Iparraldean izan ditut beti. Lana, bizitokia eta dena Bidasoaren bi aldeetan daukat. Semeak jada 19 urte ditu eta orain errazagoa dut mugitzea.
Euskara noiz ikasi zenuen?
Baionara iritsi bezain laster hasi nintzen. Pisua bilatu eta lana aurkitu aitzin euskara klaseetan eman nuen izena. Argi neukan kultura bat ezagutzeko hizkuntza ezagutu behar dela. Kultura batek erabiltzen duen hizkuntza ez baduzu ezagutzen, folklorean gelditzen zara. Euskara, gainera, oso hizkuntza zaharra da eta horregatik, hitz askok karga semantiko berezia dute. Etxea adibidez. Etxea ez da “casa”. Etxea euskaldunentzat bizitoki osoa da, bere inguruko baratze, lur eta haziendekin, eta bertan bizi den familia osoa. Gu etxearenak gara, ez etxea gurea.
Irakaskuntzan aritu zara hasieratik?
Frantsesa helduei irakastea izan zen nire lehen lanbidea. Donostian horretan ari nintzela, poliki-poliki teknika sortzaileak sartzen hasi nintzen: kantak, olerkiak, marrazkiak… Naturalki, horrela ateratzen zitzaidalako, eta sugestopedian espezializatu nintzen.
Zer da sugestopedia?
Alderdi afektiboa lantzen duen ikasteko modu bat da. Metodo bat egokitu eta ondoren neronek beste bat sortu nuen. Gerora AEK-ko irakasleekin aritu nintzen lanean sugestopedia ematen EHUko Euskalduntze eta Alfabetatze Diplomaturan, glotodidaktika arloan, zortzi urtez. Eta horretan nenbilela ipuinak kontatzeko aukera sortu zitzaidan. Modu honetara joan nintzen gero eta gehiago sartzen mundu horretan. Ipuin klasikoak sakonki ikertu eta kontatzen nituen eta horrek mitologiara eraman ninduen. Beste mundu bat aurkitu nuen.
Eta mitologia zer da?
Bada, munduaren errepresentazioa eta munduko indarren arteko harremanak adierazten dituen sistema. Mitologia bat lehen erlijio bat izan zen. Alde horretatik, kultura bat zertan datzan ezagutzeko modua da mitologia. Gaur egun egiten ditugun munduaren errepresentazioak bi motatakoak dira: edo erabat arrazional eta fisikoa, edo guztiz espirituala. Euskal mitologian halako bereizketarik ez zen gertatzen erlijio naturalista zelako. Lurrean zeudenen arteko harremana zegoen, baina baita goian zeudenekin ere. Dena lotua agertzen zaigu eta nik uste dut lotura hori dela horrenbeste gustatzen zaiguna. Geuk ezarri dugu dikotomia hori, beste kontzeptu askorekin ere egin dugun bezala: femeninoa/maskulinoa, adibidez.
Mitologian islatzen den mundua begiratzeko modu horretatik zerbait gelditzen da gaur egun?
Gizarte egituran ezer gutxi, baina izaeran nik uste dut baietz. Azalean denok gara berdinak, denok janzten gara berdin, jaten dugu berdin… baina hori da orokorrean eta telebistak eta komunikabideek bultzatzen dutena, baina horretaz gain, benetako bizitza dago, erreala, eta nik uste dut hor herriek beren izaera mantentzen dutela. Telebistak lilura handi moduko bat sortzen du eta horretan murgilduta bizi gara, baina gero gure ingurura begiratu eta gertuko errealitatea ikusten dugu. Aita Barandiaranek baserri eta herri txikietan gelditzen ziren sinesmen eta ohiturak bildu zituen joan den mendean. Gerora beste batzuek egin dituzte ikerketa sakonak eta orain hori dena ari da gorpuzten.
Euskaldunon kultura matriarkala izan dela diote.
Matriarkatua ez da izan, emakumeak eginkizun inportantea izanagatik ez zuelako gizonena baino garrantzitsuagoa. Biak parekoak ziren. Etxearen martxa eramateko hartu beharreko erabakiak modu kolektiboan hartzen ziren eta beti bikoteak izaten ziren horren arduradunak, gazte nahiz zahar, baina beti gizon-emakumeak.
Honi matrialismoa deitzen diozu. Euskal Herriko berezitasuna izan da hau?
Europako beste inon ez da honen arrasto handirik ikusten. Hego Amerikan edo Afrikan bai, baina Europan oso aztarna gutxi dugu, Euskal Herrian gorde denaz gain. Gizarte batek era desberdinetara adierazten ditu bere baloreak. Joan den mendean, adibidez, gizon eta emakumeen soldaten arteko desberdintasunari buruzko ikerketa lan bat egin zuten. Jakin nahi zuten zergatik, postu berean, emakumeek normalean gutxiago kobratzen duten eta argi ikusi zuten lanpostu batzuetan gutxiago kobratzen zela, oro har, emakumeak sartuz geroztik. Idazkari edo irakasle lanetan, adibidez. Bai lanaren funtzioa bai soldata behera joan ziren.
Euskal mitologian, Mari nor da?
Bizitzaren indarra. Makrokosmosaren ordezkaria eta munduaren arima. Goi mailan dago baina egunerokotasunean laguntzen digu. Goian da, baina mendiaren goi aldean, lurrean eta eskura, ez zeruan. Posiblea da berarekin hitz egitea, komunikatzea, aholkuak eta laguntza eskatzea. Pertsonaren alderdi kontzeptuala da, ideien mundua, buruan dagoena.
Eta Amalurra?
Lurra bera da. Gorputz fisikoa. Mariren osagarria. Makrokosmosean Amalurra eta Mari zirenak, mikrokosmosean, egunerokoan, etxea eta etxekoandrea ziren. Etxekoandrea indar femeninoa da. Oso indartsua euskal mitologia preindoeuropearrean. Gero arioak etorri ziren eta haiekin batera eredu patriarkalak, eta gero eliza katolikoa heldu zen, are patriarkalagoa dena. Azkenaurreko kanpo-oldarraldia, egungo globalizazioa baino lehen, industrializazioa izan zen. Harekin batera mozketa handia gertatu zen aurreko kulturarekiko: ordura arte numenek eta Amalurrak egurra, elikagaiak eta ura ematen zizkiguten eta guk eskertu egiten genien hori. Industrializazioarekin natura ustiatzeko ideia etorri zen, dena libre hartzeko kontuan hartu gabe gauza horiek ez zirela gureak, guri emandakoak baizik.
Gaur egun emakumeok berdin jarraitzen dugu etxea eta familiaren ardura gure gain hartzen, neurri handi batean.
Baina kontua ez da soilik egin ala ez egin, baizik eta hori gizartean nola dagoen ikusita. Hor dago koska. Hori da feminismoa egiten saiatzen dena: beste era batez ikustea emakumeak egiten duena, baloratzea. Haurrak zaintzea ez da bigarren mailako zerbait, baina gizarteak hori bigarren mailara eraman du, emakumeak egiten dituen gauza guztiekin egin duen bezala.
Beraz, gerora etorritako patriarkalismoarekin talka egin zuen hemengo ikusmoldeak?
Arioak etorri zirenean hemengo kultura itxi, gorde egin zen. Ipuinetan hori oso garbi ikusten da. Euskararekin gorde zen kultura. Euskararen bitartez babestu zuten kultura eta euskara bera ere kulturari esker babestu zen. Biak batera gorde ziren barrura, sukalderaino, eta han urtetan egon dira. Sutondoa leku femeninoa da, eta han gorde zen dena. Ipuinetan garbi ikusten da indar maskulinoak agertzen direnean, eliza edo industrializazioa, adibidez, Mari kobazuloetan gorde egiten dela. Indar femeninoa horrelakoa da, ez du bilatzen konfrontazioa, baizik eta gorde, zaindu eta ezkutatu egiten da. Sua bezalakoa zen: urtean behin piztu baina gauero gorde egiten zen errautsaz estalita.
Mari gaur egun gordeta dago?
Nola ez? Ez da desagertu.
Mariren beharra dugu gaur egun?
Zientzia mundu fisiko eta materialari erantzuten saiatzen da, eta hala ere badira gauzak azaldu ezin dituenak. Erlijioak esaten zuena orain zientziaren ahotan jartzen dugu eta honek esaten badu materiala denaz harago ez dela ezer existitzen, zerbait falta zaigu: bizitzaren magia edo demostratu ezin den hori. Bizitza bera.
Egun ikusten ari gara antzinako ereduak erortzen ari direla. Frantziako telebistako eztabaida saioak ikustea dut gustuko. Orain krisia dela-eta ekonomista eta politikari asko joaten dira soluziobideen bila, baina lehen filosofoak maiz mintzatzen ziren eta esaten zuten zibilizazio hau amaitzen ari dela, garai batean erromatarrena eta beste asko eta asko bukatu ziren bezala. Hau amaitzen ari da beste zerbait sortzen ari delako. Batzuk Ekialdeko erlijio eta pentsamoldeetan bilatzen ari diren erantzunak, euskal kulturak eta mitologiak eskaintzen dituztela uste dut nik.
Ixabel Millet. Parisen sortua 1958ko urtarrilaren 10ean. 23 urterekin Euskal Herrira etorri eta bertan gelditu zen, liluraturik. Hamahiru urtez frantses irakasle aritu zen teknika sortzaileetan oinarritutako metodo propioak erabiliz (olerkiak, ipuinak, antzerkia…). Ipuinen eskutik helduta ibili da ordutik. Hogei bat urte daramatza irakasleen formakuntzan. “Euskal ipuinak eta mitologia” eta “Ipuin klasikoak” ikastaroak ematen ditu Irale programan; EHUk antolaturiko Euskalduntze eta Alfabetatze diplomaturan didaktika (sugestopedia) eta talde fenomenoak landu zituen urtetan eta UEUn hamaika ikastaro eman izan ditu. Kanturik gabeko herria eta Jainko-Jainkotsek ez dakite dena haurrentzako literatur lanak argitaratu ditu, besteak beste, eta itzulpengintzan ere aritu izan da. Baina gauza ororen gainetik Ixabel ipuin kontalaria da.
Uztailaren 10 eta 11n Baionan, Ixabel Milletek “Euskal Mitologia: hurbildu antzinako euskal mundura” izeneko ikastaroa eskainiko du UEUn. “Ikastaro honen xedea euskal mitologiaren altxorra ezagutaraztea da. Pertsonaia nagusiez eta haien arteko harremanaz eta, batez ere, euskal mitologiaren antolamenduaz mintzatuko gara, gure arbasoen mundura hurbilduz. Ikusiko ditugu Basajaun eta basandereak, sorginak, Mari, Amalur, Inguma, lamiak, Gaueko eta Gauargi eta bakoitzak zer irudikatzen duen. Horretarako irakurri behar da eliza katolikoak jarri duen mintzaren azpian, lehenagotik zegoena estali egin baitzuten ipuinak erabiliz, gaur egun telebistarekin egiten duten bezala”.
Hik Hasik eta EHUko Hezkuntzaren Historia eta Teoria fakultateak antolatuta, uztailaren 3an, 4an eta 5ean XIV. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak egingo dira eta bertan Ixabel Milletek Kamishibai ikastaroa eskainiko du. “Japoniatik ekarritako teknika bat da non ipuinak antzeztoki txiki batekin kontatzen diren. Irakaslearentzat kamishibaia zeharkako bitarteko interesgarria da, eta ikasleentzat sortzaile izateko aukera izan daiteke”.
“Euskal mitologiak erakusten diguna da hemen emakumeak onetsiak zirela. Ez zen aparteko deus, beren tokia zuten besterik ez, baina gaur egungo gizartean dugun onespena baino askoz ere handiagoa zuten. Haien lanak sua mantentzea eta hildakoen ardura ziren, besteak beste”.
“Herriaren kultura ikusteko lente batzuk ematen dizkigu mitologiak. Guretzat zaila da gauden kultura eta mundua ikustea, barruan gaudelako. Mitologiak ematen digu aukera beste mundu bat imajinatzeko. Ez dut esan nahi ikusmolde hori gaur egungoa baino hobea zenik, baina bai balio digula orain duguna beste modu batez begiratzeko eta zertan sinesten dugun ikusteko. Gaur egun zientzia da gure mundua ulertzeko erantzunak ematen dizkiguna: norbait gaixotzen denean, eta arrazoia aurkitzen ez dutenean, birus bat izanen dela esaten digute adibidez, eta lehen, euskal munduan, Inguma zela esaten zuten. Inguma behintzat, izen politagoa zen”.
“Etxea biziki garrantzitsua da euskaldunarentzat. Bere mikrokosmosa da. Horregatik etxea saltzea zerbait dramatikoa izan da beti. Ikusgarria da hemen zenbat diru gastatzen duen jendeak sukaldeetan. Elkarteetan, adibidez, izugarrizko sukaldeak jartzen dira, eta hori toki femeninoa da. Hau indar femeninoarengatik da, batez ere emakumeengan dagoena, baina baita gizonengan ere”.
Ostegunetik igandera bitarte egindako topagunean 3.000 lagunetik gora bildu dituela esan du Ernaik. Larunbat iluntzean egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, gazte antolakundeko bozeramaile Amaiur Egurrolak hitza hartuta. Aberri Egunaren harira EH Bilduk... [+]
Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak dinamika jarri du martxan aurten ere Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak, Udal eta elkarteekin elkarlanean. Jaien testuinguruan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea dute helburu. Iaz abiatutako bidetik jarraitu nahi dute aurten ere,... [+]
88 urterekin hil da Frantzisko aita santua astelehen goizean, iktus baten ondorioz. Azken boladan osasun arazoak izan zituen. Miñan liburua gomendatu zuen publikoki, migratzaileen egoera kontatzen delako.
Eragile nahiz alderdi politiko ugarik plazaratu dituzte euren aldarriak aurtengo Aberri Egunean. Azken urteetan egin bezala, Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu dituzte EAJk eta EH Bilduk, hurrenez hurren. Bagira-k, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, abertzaleen... [+]
Potser no saps qui és Donald Berwick, o per què ho esmento en el títol d'aquest article. El mateix ocorre, evidentment, amb la majoria de les persones que participen en el Pacte Sanitari en curs. No saben què és el Triple Objectiu de Berwick, i menys encara l'Objectiu... [+]
L'article La motoserra pot ser temptadora, escrit en els dies anteriors per l'advocada Larraitz Ugarte, ha donat molt a parlar en un sector molt ampli. Planteja algunes de les situacions habituals dins de l'Administració pública, entre les quals es troben la falta d'eficiència,... [+]
És important utilitzar correctament un idioma? Fins a quin punt és necessari dominar la gramàtica o tenir un ampli diccionari? Sempre he escoltat la importància de la llengua, però després de posar-me a pensar, he arribat a una conclusió. Pensar sovint comporta això;... [+]
Desengainu handia hartu dute euskal feminista askok jakin dutenean Chimamanda Ngozi Adichie idazleak haurdunaldia esternalizatu duela, alegia, surrogate batek ernaldu duela bere haurra, diru truke. Guztiok izan beharko genuke feminista saiakeraren egilea da Adichie, besteak... [+]
Bazterkeria egoeran dauden pertsonen elikadura beharrei erantzuteko, Paris 365 jantoki solidarioa martxan jarri zuten Iruñean, 2009an. Ordutik, euro baten truke egunero hiru otordu bero ematen dituzte. Urtarrilaren 27an iragarri zuten aurrez aurreko afariak emateari... [+]
Hem hagut de sofrir un altre atac contra la nostra llengua de la mà del Departament d'Educació del Govern de Navarra, que ens ha obligat a fer un canvi en el programa PAI contra el basc. En els últims anys, per imperatiu legal, els nous centres del model D han hagut d'introduir... [+]