Maiatzean Espainiako Estatuan izandako langabeziaren datuak ezagutu berri ditugu. Aurreko hilean baino 98.265 pertsona gutxiago zeuden langabezian; horietatik 1.630 Hego Euskal Herrikoak dira, batez ere Nafarroakoak, 1.259 lagun gutxiago baitaude langabezian. Gipuzkoan 394 langabetu gutxiago daude eta Araban 162. Aitzitik, Bizkaian langabeziak gora egin du berriz ere eta 190 pertsona gehiago geratu dira egoera horretan. Espainiako Gobernuak eta bere terminal mediatikoek “kimu berdeak” ikusi dituzte segituan eta optimismoz begiratzen omen diote etorkizunari. Errealitatea egoskorra da ordea. Bi gauza izan behar dira kontuan. Bat, maiatza enplegua sortzeko urte-sasoi aproposa dela, turismo denboraldia eta nekazaritzako hainbat uzta-bilketa orduan hasten baitira. Bi, hain justu nekazaritzako eta ostalaritzako enplegua dela behin-behinekoena. Egiaz, 7,4 kontratu mugagabe baino ez dira sinatzen, behin-behineko 100 kontraturen aldean. Eta gainera, soldatak oso baxuak dira.
Kontratazioa handitzeko Espainiako Bankuak badu errezeta: gutxieneko soldatatik (645,30 euro) behera dauden 400-500 euroko soldatatxoak, beti ere hitzarmenez kanpokoak. Erakunde horren presidenteak, Luis Lindek, hilero 13.000 eurotik gorako soldata jasotzen du, eta gomendio hori egiteko aurpegia izan du. Politikari gailendu nahi zaion kapitalismo basatienaren irudia da. Bankariak, soldata eta pentsio milioidunekin, euren politikak inposatzen ari dira, soldatetan, hipoteketan, kontratazioetan eta pentsioetan; eta batzuetan suizidioak eragiten dituzte. Galeren sozializazioa eta etekinen pribatizazioa inposatzen dute. Euren lehenengo betebeharra alboratu dute: enpresei eta familiei kreditua ematea krisia gainditu ahal izateko. Gobernuak errezeta hori bere egiten badu, langabeziak behera egingo du, milioika lagun daudelako langabezian eta langabetuek ere jan egin behar dutelako… Hori bai, giza duintasunaren eta lortzea hainbeste kosta izan den langileen eskubideen kontura. Gisa horretako bankariek kartzelan behar lukete. Lapurrak eta eraileak direlako.